Estatu Liberala: Definizioa, Ezaugarriak eta Bilakaera
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 4,16 KB
Estatu Liberala
Estatu modernoak hartu zuen lehenengo forma Erregimen Zaharreko monarkia absolutista izan zen, non errege edo erregina subiranoa zen, eta bere hitza, legea. XVII. mendetik aurrera, beste pentsaera bat sortu zen: gizarteko kide guztiek men egin behar zioten herriaren subiranotasunetik sortutako legeari. Horrela legearen inperioa eratu zen.
Tradizio errepublikanoarekin lotutako tradizio liberalean, zuzenbidea denentzat berdina izateak askatasun eremu bat bermatzen zuen, gizakiak inolako eragin bidegabeari beldurrik izan gabe aritzeko eremua.
Immanuel Kant eta Hiru Printzipioak
Immanuel Kantek hiru estatu modernoen zuzenbide-sistemaren oinarrizko printzipioak azaldu zituen:
- Askatasun printzipioa: gizarteko kide guztiak aske dira (gizaki diren aldetik).
- Mendekotasun printzipioa: gizarteko kide guztiak legedi komun bakar baten mende daude (mendeko diren aldetik).
- Berdintasun printzipioa: mendeko guztiak berdinak dira (herritar diren aldetik).
Kantek zioen herriak bere buruari eta herritarrei buruz erabaki ezin duena ezin duela erabaki subiranoak ere herriari buruz.
Tradizio Liberala
Liberalismoaren ustez, gizabanakoa jarduera politikoaren muina da. Gizabanakoak jarduteko askatasuna izango duela bermatu behar du estatuak, bere eskubideak babestuko dituen legedia ezarri behar du, betiere, lehiakortasun ekonomikoaren eta truke askearen arauen arabera. Politikaren helburua ez da guztien ongia bilatzea, baizik eta batzuen eta besteen interesak orekatzea.
Estatu Liberalaren Funtsezko Zereginak
- Kideen bizia babestea eta segurtasuna zaintzea.
- Beldurra eta ziurgabetasuna murriztea, bake zibila sustatuta.
- Jabetza eskubidea ziurtatzea eta merkataritza erraztea.
Errepublikanismoaren Eragina Estatu Liberalean
Liberalismoaren ustez, liberalen helburuak lortu ahal izateko, estatuak konstituzionala izan behar du. Konstituzio bat edo arau multzo baliokide bat onartu behar da. Liberalismoa tradizio errepublikanoarekin lotuta zegoen. Tradizio errepublikanoaren arabera, herritarrek legearen aurrean berdinak izan behar dute, eta botere-gehiegikerien kontra defendatzeko aukera bermatu behar zaie. Izan ere, inork mendean ez hartzea da egiazko askatasuna.
Botere Gehiegikeriak Saihesteko Mekanismoak
- Konstituzionalismoa.
- Botere banaketa: Botere betearazlea, legegilea eta judiziala elkarrekiko independenteak izatea eta elkar kontrolatzea.
- Herritarren partaidetza: kargu publikoen hautaketa, goragoko instantzia batera jotzeko eskubidea, justizia-auzitegietako zinpeko epaimahaia, etab.
Botere publikoa kontrolatzeko eta helburu horiek lortzeko mekanismorik egokiena sufragio unibertsala, ordezkaritzako sistema eta gehiengoaren araua zirela ikusi zenean, zuzenbidezko estatu liberal eta demokratikoak zuzenbidezko estatu liberala ordezkatu zuen.
Gizarte Zibila
Esparru publikoa bitan bereizten da: estatuari dagokiona eta ez dagokiona. Gizarte zibila estatuko administrazio sistemaren mende ez dagoen gizarte-koordinaziorako erakunde eta mekanismo multzoa da. Estatua gai politikoen eremu bihurtu da, eta gizartea, berriz, herritarren eta haien jardueren esparru despolitizatua. Batzuen ustez, gizarte zibila merkataritza gizartea da funtsean, eta, beste batzuen ustez, aldiz, beharren sistema.
Liberalismo Politikoa eta Liberalismo Ekonomikoa
Liberalismoa, hasiera-hasieran, berme konstituzionalak eta gizabanakoaren eskubideak aldarrikatzeko sortu zen. Baina ekonomia-antolaketari buruzko doktrina bihurtu zen berehala. Bi adiera biltzen ditu:
- Liberalismo politikoaren arabera, gizakiak aske izan behar dute erlijio, ekonomia eta politika gaietan haiek aukeratutakoari jarraitzeko. Eta horrek mugak eta kontrolak ezartzen dizkio estatu botereari.
- Liberalismo ekonomikoaren ustez, merkatua da gizarte koordinaziorako oinarrizko mekanismoa. Merkatuari bere eginkizuna betetzen laguntzea da estatuaren zeregina: prezioak zehaztea eta etekinak banatzea.