Esplorazioen Garaia: Mundu Berrien Aurkikuntza (XV-XVI. mendeak)

Enviado por Chuletator online y clasificado en Ciencias sociales

Escrito el en vasco con un tamaño de 4 KB

Esplorazioen Garaia

XV. eta XVI. mendeetan, europarrek aparteko lurralde-hedapenari ekin zioten: horri esker, Lurraren itxura eta neurria zehatzago ezagutu ahal izan zituzten, bai eta Lurra osatzen duten lurraldeak ere.

Europarrek ezagutzen zuten mundua

XV. mendean, ondo ezagutzen zituzten bai Europa, bai Mediterraneo itsasoa eta Itsaso Beltza inguratzen dituzten lurrak ere. India, Txina eta Japonia bazirela ere bazekiten, bidaiari eta merkatariei esker, Marco Polori esker kasu. Zetaz, espeziaz eta beste produktu batzuez hornitzen ziren Asiatik. Oso gauza gutxi zekiten Saharaz hegoaldeko Afrikari buruz, eta ez zekiten Amerika, Ozeania eta Antartika bazirenik ere.

Merkataritza Ekialdearekin

Erdi Aroko Europan oso preziatuak ziren Ekialde Urrunetik ekarritako produktu exotikoak, hala nola zeta eta espeziak. Merkatariak Zetaren Bidean barna ekartzen zituzten produktu horiek, Konstantinopla Txinarekin lotzen zuen merkataritza-bide sorta hartan barna, alegia.

Turkiarrek Konstantinopla konkistatu eta Bizantziar Inperioa hartu zuten 1453an; ondorioz, Zetaren Bidea etenik geratu zen.

Portugalen proiektua

XV. mendearen hasieratik, Portugalek Indiara iristeko merkatari italiarrek eta musulmanek erabiltzen ez zuten bide bat aurkitu nahi zuen.

Sustatzaile nagusia Henrike Nabigatzailea infantea izan zen, eta Sagresen nautika-eskola bat sortu zuen. Zailtasunetako batzuk hauek ziren:

  • Marinelen esperientzia falta.
  • Afrikaren hegoaldera nabigatzeko zuten beldurra, kondairek «itsaso iluna» zeritzonari buruz hitz egiten baitzuten.

Lehenengo bidaiak

Portugaldarrek pixkanaka egin zuten aurrera. Ceuta konkistatu ondoren, Madeirako uharteak eta Azoreetakoak aurkitu zituzten. Maroko hegoaldeko Bojador lurmuturra igaro, eta Cabo Verde uhartedia hartu zuten. Gineako golkoan barneratu ziren.

Henrike Nabigatzailea hil ondoren, Portugalek hegoalderantz egiten jarraitu zuen eta 1487an, Bartolomeu Dias Afrikaren hego-muturreko Esperantza Oneko lurmuturrara iritsi zen. Aurkikuntza horiek Indiako ozeanorako pasabidea ireki zuten.

Indiarako bidea

Kristobal Kolon Lisboara joan zen Portugaleko erregeari Ozeano Atlantikoan barna Asiara iristeko bide berri bat proposatzera. Erregeak Kolonen proiektua atzera bota zuen. Vasco da Gamak zuzendutako flota bat irten zen Lisboatik: 1498an, hamar hilabeteren buruan, espedizioa Indiara iritsi zen. Bidaia horrekin amaitu zen proiektu portugaldarra.

Pedro Álvares Cabralek Brasil aurkitu zuen 1500ean, Indiara zihoan bidaia batean Afrikatik gehiegi urrundu zenean. Portugaldarrek itsas inperio handi bat eratu zuten.

Amerikaren aurkikuntza

Kristobal Kolon ziur zegoen Lurra esferikoa zela, eta mendebalderantz bidaiatuz Asiara iristea posible zela uste zuen. Kolon Gaztelara abiatu zen Portugalek ezezkoa eman ondoren; han, Errege-erregina Katolikoek egitasmoa finantzatzea erabaki zuten.

Espedizioa Palos de la Fronterako portutik irten zen 1492ko abuztuaren 3an, hiru ontziz osatuta: Pinta, Niña eta Santa María. Lurrik ikusi gabe hainbat aste igaro ondoren, kostaldera iritsi ziren 1492ko urriaren 12an. Kolon Zipangora (Japonia) iritsi zelakoan zegoen, baina berez Guanahani uhartera (Bahamak) iritsi ziren. Kolonek San Salvador izena jarri zion uharteari, eta handik Kubara eta Hispaniolara (gaur egungo Haiti eta Dominikar Errepublika) joan zen. Ondoren, Gaztelara itzuli zen.

Kolonek beste hiru bidaia egin zituen lur berriak esploratu eta haietan Gaztelaren nagusitasuna finkatzeko. Ameriko Vespuzio nabigatzaile italiarrak frogatu zuen, Kolonek aurkitutako lur haiek beste kontinente batekoak zirela, ordura arte europarrentzat ezezaguna zen Mundu Berri batekoak. Amerika izena jarri zioten kontinenteari, haren omenez.

Entradas relacionadas: