Espainiako Turismoa: Kokapena, Arrazoiak eta Eraginak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Geografía
Escrito el en
vasco con un tamaño de 4,6 KB
Espainiako Turismoaren Kokapena eta Arrazoiak
Espainiako turismoaren kokapenaren arrazoiei buruzko iruzkinarekin hasiz, nabarmendu behar dugu turismo gehien kontzentratzen duten guneak Balearrak, Kanariak, Malaga, Kataluniako kostaldea, Alacant, La Manga eta Madril direla. Erraz ondoriozta daitekeen bezala, Madrilen izan ezik, gainerako guneetan (mapan gorriz koloreztatuta agertzen direnetan), kontzentrazio turistiko handia baldintza klimatiko onei eta eguzki eta hondartza turismoari zor zaie. Azpimarratzekoa da, gainera, hauek direla nazioarteko turistek gehien bisitatzen dituzten eremuak. Hala ere, desberdinketa txiki bat egiteko, interesgarria da aipatzea Kanarietan, Mediterraneoko turismoarekin alderatuta, urte osoko turismo egonkorragoa ematen dela, klima subtropikalak ahalbidetzen baitu.
Dentsitate Handiko Gune Turistikoak
Horrekin batera, Madril aipatu behar dugu, Estatuko hiriburua izateak urtero turista gehien jasotzen dituen guneetako bat bihurtzen baitu. Hiriburua ezaugarritzen duen turismoa, batez ere, kulturala da, eta azken hamarkadetan gora egin du kongresu eta konbentzioekin lotutako turismoak. Era berean, logika hori bera Bartzelonari aplika diezaiokegu; izan ere, kostaldean kokatutako hiria izateaz gain, eskaintza kultural handia duen hiri bat da, eta nazioarteko konbentzioak ere ospatzen ditu.
Dentsitate Ertaineko Guneak
Turismo esanguratsu gisa, baina eskala txikiagoan, dentsitate ertaina duten guneak daude. Mapan urdinez koloreztatuta agertzen diren guneen logikari jarraiki, oro har, bi ardatz nagusi aurki ditzakegu: dentsitate handiko eguzki eta hondartza guneen inguruan garatu diren Mediterraneoko kostaldeko eremuak eta iparraldeko kostaldeko eremuak. Lehenengoek, dagoeneko aipatu dugun bezala, eguzki eta hondartza turismoa ahalbidetzen duten baldintza klimatikoei zor diete jasotzen duten turista kopurua; era berean, dentsitate handiko guneetatik gertu egoteak faktore mesedegarria suertatu zaie. Bestetik, aipatutako bigarren ardatzean, gehienbat Kantauri aldeko eta Galiziako guneak bereizten dituzten paisaia naturalak, aberastasun kulturalak eta kalitatezko gastronomia ditugu faktore erakargarritzat.
Barnealdeko Turismoa
Amaitzeko, Espainiako barnealdean jarriko dugu arreta. Bertan, oro har, turismo mugimendu nahiko baxua ematen dela azpimarratu behar dugu. Hori bai, ondare historiko aberatsa duten hirien salbuespena nabarmendu behar dugu; izan ere, hiri horiek izaera kulturaleko turismo eskaintza nahiko garatuta baitute. Modu berean, barnealdeko gune batzuetan ematen den landa turismoa eta eski estazioetako neguko turismoa ere aipatzekoak dira; hala ere, dentsitate maila askoz baxuagoan.
Turismoaren Eraginak Espainian
Eragin Demografikoak
- Ingurune oso turistikoetan, biztanleriaren hazkundea eragiten du: alde batetik, lan egiteko adinean dagoen gazteena eta, bestetik, bizitzera joaten diren heldu eta zaharrena.
- Turismoa jasotzeak, landa inguru batzuetan zein gainbeheran zeuden hiri historiko batzuetan, despopulatzea geldiarazi du.
Eragin Ekonomikoak
- Turismoak lanpostu ugari sortzen ditu, neurri handi batean sasoikoak izan arren.
- Aberastasuna sortzen du. Izan ere, Espainiako BPGaren %12 inguru hartzen du.
- Gune turistikoetan, tokian tokiko beste jarduera ekonomikoei bultzada handia ematen die.
- Zerbitzu eta azpiegituren hornidura nabarmen hobetu behar izatea eragiten du.
- Hori bai, kasu batzuetan, tokian tokiko biztanleriarentzat ondorio kaltegarriak izan ditzake, hala nola, prezioen gehiegizko garestitzea.
Eragin Kultural eta Soziologikoak
- Turismoaren bitartez herriak hurbildu eta kulturen arteko harremanak sustatzen dira. Horrekin batera, estatuen arteko harreman politikoak estutzea eragiten du.
- Hori bai, tokian tokiko gizarteengan eragin negatiboa izan dezake, tokian tokiko ohituren eta identitate zeinuen galera probokatuz.
Hirigintza eta Lurralde Antolamenduaren Eraginak
- Gune turistikoenetan eraikuntza dentsitate handia eta zoruaren espekulazioa eragiten ditu.
- Hazkunde demografikoari lotuta, turismoaren eraginez populatze egitura berriak sortu dira: konurbazioak, zabalguneak...
- Turismorako interesa duten guneetan jarduera ekonomikoen kokapenaren berregituraketa: erdigune historikoak turismoari lotutako zerbitzuetan espezializatu dira.
Ingurumen Eraginak
- Eraikuntza masiboak, bereziki kostaldearen kasuan, espazio natural ugariren suntsipena ekarri du.
- Ura bezalako baliabide naturalen kutsadura eta gehiegizko ustiapena.
- Ondarearen narriadura.