Espainiako Turismoa: Eremuak, Guneak eta Eraginak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Geografía
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,98 KB
Turismo-Espazioak: Definizioa eta Motak
Turismo-espazioak oso handiak izan daitezke, nazioarteko eta estatuko turista ugari erakartzen dituztenak (turismo-eremuak), edo gune turistiko bakartuak, alderdi erakargarri zehatzei lotutakoak (turismo-guneak), adibidez, eski-estazioak eta landa-turismoko guneak. Turismo-espazioetan, turismo-guneak eta turismo-eremuak sartzen dira.
Espainiako Turismo-Eremu Nagusiak
- Katalunian, Costa Brava (Bartzelonatik iparraldera) eta Costa Daurada (Bartzelonatik hegoaldera).
- Valentziako Erkidegoan, Costa Blanca dago (Alacanteko kosta).
- Murtzian, Manga del Mar Menor dago.
- Andaluzian, Costa del Sol dugu turismo-eremu nagusi. Bigarren mailan, Costa Tropical dago, Granadako kostan. Horiez gain, azken urteotan eremu berriak garatu dira Almeriako kostan eta Cadiz-Huelva bitarteko itsasertzean, Costa de la Luz.
- Uharteak: Kanariak eta Balearrak. Bertan kontzentratzen da Espainiako hotel-eremuen ia %20. Balearretan, turismoak urtarokotasun handia du, udako oporrei lotuta baitago; Kanarietan, aldiz, bertako klima subtropikalari esker, urte osoan izaten dira turistak.
- Galiziako eta Bizkaiko Golkoko erkidegoak ez daude hain masifikatuta. Eremu horien erakargarritasuna era askotako paisaiak, kultura eta tenperatura jasangarriagoak dituzten udak izatea da.
- Madril hiri bisitatuena da, estatuko zein atzerriko turismoa erakartzen baitu, eta ia ez du turismo-urtarokotasunik. Kultura- eta negozio-turismoan oinarritzen da bere eskaintza.
Turismoaren Ondorioak
Demografia-Ondorioak
Kostaldean populazioak gora egiten du, gazteak lan bila doazelako eta adinekoak bertan kokatzen direlako, arrazoi terapeutikoak edo aisialdikoak direla medio. Landa-eremuetan, turismo berdeagatik, edo hiri historikoetan, kultura-turismoari esker, emigrazioa leundu egin da.
Ekonomia-Ondorioak
Turismoak lanpostuak sortzen ditu; kontuan izan behar da 2023ko bigarren hiruhilekoan biztanleria aktiboaren %13,6k sektore honetan lan egiten zuela. Dena den, lanpostu gehienak urtarokoak dira.
- Beste jarduera ekonomiko batzuetan eragin biderkatzailea du.
- BPGaren %12 ematen du gutxi gorabehera; horregatik, Espainiako oparotasun ekonomikoaren zutabe nagusienetakoa da.
- Merkataritza-balantza orekatu eta kanpoko zorra murrizten du.
- Zerbitzu, ekipamendu eta azpiegituren hornidura hobetzen du. Adibidez, garraiobideen politikan eragina du, Europarekin komunikazioak errazten lagundu duen neurrian.
Politika, Kultura eta Gizarte-Ondorioak
Turismoaren eraginez, herrien arteko kultura-harremanak sustatzen dira; gainera, tokiko bizimoduetan eragina du, aldaketen aldeko joera bultzatzen duelako.