Espainiako Trantsizioa: Adolfo Suárez eta Erreforma Politikoa
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,54 KB
1976ko uztailaren 5ean, Erregeak Adolfo Suárez burokrata frankista izendatu zuen presidente.
Erreforma Politikoa: Legearen Bidea
Adolfo Suárez Gobernuko presidentetzara heldu ondoren, aldaketa demokratikoak bizkor jazo ziren. Ministroen Kontseiluak aurreratu egin zuen Espainia demokratizatzeko egutegia: preso politikoentzako amnistia, konstituzioa eta hauteskunde orokor libreak. Arautu gabeko tolerantziaren babespean, hainbat alderdi politiko azaldu ahal izan ziren. Permisibitatea prentsara ere heldu zen, eta zenbait lege errepresibo liberalizatu egin ziren.
Adolfo Suárezek, erreformaren bideari jarraitzen ziola, oraindik legez kanpo zegoen PSOEko lider Felipe Gonzálezekin jarri zen harremanetan, bai eta eskuinak hainbeste gorrotatzen zuen alderdi komunistako buruzagi nagusi Santiago Carrillorekin ere. Izandako elkarrizketek Gobernuko presidenteorde De Santiago jeneral ultrakontserbadorearen dimisioa eragin zuten. Suárezek, Gutiérrez Mellado jeneral militar liberala, sartu zuen bere gobernuan.
Erreforma Politikorako Lege Proiektua aurkeztu zionean. Lege-proiektu horren xedea orduko sistema politikoa aldatzea eta hauteskundeetarako deialdia arautzea zen. Bai Suárezek, bai Fernández-Mirandak, Gorteetako presidentea zen aldetik, zuhurtzia handiz jokatu behar izan zuten, Gorteek berek berehala eta behin betiko desegitea eragingo zuen lege hura babestu zezaten.
Legea 1976ko azaroan onartu zen, gehiengo zabal batez. Abenduaren 15eko erreferendumean, herriak behin betiko onartu zuen legea, bozkatzeko eskubidea zuten herritarren %77,7k parte hartu zutelarik; baiezko botoak %94,1 izan ziren, eta ezezkoak, %2,6 besterik ez.
1977: Garrantzi Bereziko Urtea
Erreferenduma egin osteko hilabeteetan, espainiarrek trantsizioko unerik latzenak bizi izan zituzten.
- Eskuin muturreko terrorismoa agertu zen. Atentatu ugari jazo ziren, militarrei Estatuaren kontrako kolpea eragiteko eta prozesu demokratikoa akabatzeko asmoz eginda. "Los Guerrilleros de Cristo Rey" izeneko banda faxistak, frankismoko burokratek finantzatu eta antolatutakoak eta, besteak beste, Fuerza Nueva argitalpenak eta El Alcázar egunkariak adoretuak, askatasun osoz ibili ziren, poliziaren oniritziz, trantsizio osoan zehar. Liburu-denda eta argitalpen demokratikoak banda horien jomuga gogokoena ziren, eta zenbait egunkari eta aldizkariren kontrako atentatuak ere egin zituzten.
- Ezker muturreko taldeen (GRAPO) eta ETAren ekintza terroristak ugaritu ziren. Ekintza horiek salbuespen-egoera ezartzera behartu zuten Gobernua. ETAk eta GRAPOk goi-mailako ofizialen kontra egindako atentatuek haserrea piztu zuten Armadan.
- 1977ko urtarrilean, ultraeskuineko zenbait gaiztaginek Comisiones Obreras sindikatuarekin eta PCErekin zerikusia zuten abokatu laboralista batzuen bulegoko bost kide hil zituzten. Sarraskiak lan-munduan eragindako atsekabea eta sumina adierazi zuten grebalariek, euren lan-uzteaz.
1977ko otsailean ehun elkarte politiko baino gehiago legeztatu baziren ere, erreforma demokratikoak ez zuen sinesgarritasunik izango, PCE, frankismoaren aurkako ikur nagusia, alderdien sisteman sartzea onartu arte. Auzitegi Gorenaren ezezkoa ikusita, Suárezek, lege-dekretu baten bidez legeztatu zuen Alderdi Komunista, Larunbat Santuko festan.