Espainiako Trantsizioa: Adolfo Suárez eta Erreforma Politikoa

Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,98 KB

Adolfo Suárezen Gobernua eta Erreforma Politikoa

Gobernu buru gisa erregeak frankismotik ateratako politikari gazte bat aukeratu zuen: Adolfo Suárez. Oposizio politikoak ez zuen ontzat eman izendapena, bere gobernuan ministro aperturistak egon arren, demokrazian amaitzeko erreformaren aldeko prozesua aurrera eramateko gai ez zela izango uste zutelako.

Dena den, Suarezek pausu politiko sendoak eman zituen: Erreforma Politikoaren Legearen idazketa eta tramitazioa bideratzeko Fernández Mirandari (Gorteetako Presidenteari) eman zion ardura. 1976ko irailean lege hau Gorte Frankistetan aurkezteko idatzita zegoen: frankismoaren barrutik frankismoarekin amaitzeko zehaztapen legala izan zen. Momentu berean, oposizio demokratikoarekin isilpeko kontaktuak izan zituen.

Frankismoaren sektore inmobilistenak, bilakaera politikoagatik eta ETA eta GRAPOren ekintza armatuengatik gero eta haserreago zeuden erreforma prozesua ematen ari zen bitartean, eta estatu kolpe baten prestaketa egiten hasi ziren. Hau dela eta, Suarezek Gutiérrez Mellado Teniente Jenerala izendatu zuen gobernu buruorde, armadaren barruan egon zitekeen arriskua leuntzeko.

Azaroan Erreforma Politikoaren Legea onartu zen Gorte frankistetan. Hurrengo pausoa, eta lege frankistei jarraituz, Erreferenduma konbokatu zen eta bertan onartu zen: parte-hartzea nahiko handia izanik (%77,7), baiezkoa oso nagusi izan zen (%94,1).

Oposizioaren Jarrera eta Erreforma Prozesua

Oso astiro, baina agerian zegoen oposizioaren indarra klandestinitatetik ateraz. PSOE-k Madrilen ospatu zuen bere kongresua, eta nazioarte mailako liderrak bertan egon ziren. Santiago Carrillok prentsaurreko bat eman zuen, PCEren legalizazioa aldarrikatzeko. 1976ko abenduan atxilotua izan zen, eta 8 egun beranduago espetxetik atera zuten.

Oposizioa, hasiera batean Suárez nahiko kolokan jarri bazuen ere, onartzen hasi zen aldaketa politikoa apurketarik gabe izango zela: hau da, frankismotik ateratako politikariek bideratuta egingo zela, eta ez oposizioak eskatzen zuen bezala (behin-behineko gobernua, amnistia, alderdi politikoen legalizazioa, hauteskunde libreak...). Hau dela eta, oposizioaren sektorerik zabalenak erreformaren alde kokatu ziren.

1977ko Hauteskunde Orokorrak eta 1978ko Konstituzioa

Erreforma Politikoaren Legea onartu zenez, gobernuak hauteskundeak antolatu behar izan zituen, Gorteetako ordezkari berriak hautatu ahal izateko. Hala, prozesu erabat demokratikoa izan zedin, gobernuak alderdi politikoak legeztatu behar izan zituen. Horrela, 1977an, alderdi gehienak legeztatu zituzten; Alderdi Komunista izan zen salbuespena, uko egin baitzion monarkiari.

Hauteskunde Orokorren Helburuak eta Alderdi Komunistaren Legeztatzea

Helburu nagusia aurreko erregimen frankista behin betiko desegitea zen; horrela, martxoan, hauteskunde legeak arautu zituzten. Hauteskunde sistema finkatu ostean, Alderdi Komunista legeztatzea besterik ez zen geratzen, hauteskundeetan parte hartu ezean, bere legezkotasuna zalantzan jar baitzitekeen. Eta, beraz, alderdi hori legeztatu zuten urte bereko apirilaren 9an. Hala, hauteskunde ibilbidea abian jarri zen, eta, 1977ko ekainaren 15ean, hauteskunde orokorretara deitu zuten.

Hauteskundeak UCDk irabazi zituen, eta Suárezek gobernu berri bat antolatu zuen, erreformarekin jarraitzeko helburuarekin. Geroago, 1977ko urrian, hain zuzen, Moncloako Ituna sinatu zen; horren arabera, legebiltzarrean ordezkaritza zuten alderdi guztiek sistemaren erreformarekin jarraitzeko konpromisoa hartu zuten.

Euskal Herrian: Jarrerak eta Emaitzak

Hauteskunde hauei begira, haustura demokratikoaren planteamendu bateratua lortzeko Xibertako elkarrizketak bultzatu zituen ETAk. Bertan, KASeko antolakundeek (LAIA, EHAS, LAB, LAK, EIA, ETA (m) eta ETA (pm)) eta PNVk ere parte hartu zuten.

Euskal Herrian amnistia oraindik gauzatu gabe zegoela ikusirik, alderdi independentistak eta komunistak oraindik legez kanpo zeudela argudiatuz, herritarren eta langileen eskubideak onartu gabe zeudela ondorioztatuz, eta indar polizialen esku-hartzea etengabea izanik, hauteskunde horietan ez parte hartzeko proposamena luzatu zuen ETAk. Baina PNVk lehenik, eta EIAk gero (KASetik atera ondoren, EMKrekin batera Euskadiko Ezkerra koalizioa sortu zuten), hauteskunde horietan parte hartzeko erabakia hartu zuten.

1977ko hauteskundeetan PSOEri 9 aulki, EAJri 8, UCDri 7 eta EEri 1 eman zizkieten Euskal Herrian.

Entradas relacionadas: