Espainiako Klima Mota Ezberdinak: Ezaugarriak eta Kokapena

Enviado por Chuletator online y clasificado en Geografía

Escrito el en vasco con un tamaño de 6,24 KB

Klima Mediterraneoa

Klima mediterraneoa duen ingurua klima ozeanikotik hegoaldera hedatzen da: Meseta, Ebro eta Guadalquivir sakonuneak, mediterranear kostaldea, Balear uharteak, Ceuta eta Melilla. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, Arabako Errioxan aurkitzen dugu, eta Euskal Herri mailan, Nafarroako Erriberan.

Prezipitazioak urriak edo moderatuak, irregularrak eta ekaitz moduan izaten dira. Urteko kopuru osoa 800 mm baino txikiagoa da. Banaketa irregularra da.

Udan, Azoreetako antizikloia iparralderantz mugitzen da, eta, horregatik, uda lehorra da.

Udazkenean eta udaberrian izaten dira prezipitazio altuenak, baina Atlantikora zabalik dauden inguruetan, neguan gertatzen da. Prezipitazioak ekaitz indartsu moduan izaten dira askotan. Ekaitz horiek lurzorua sakon higatzen dute.

Tenperaturak aldatu egiten dira latitudearen eta itsasotik dagoen distantziaren arabera.

Klima mediterraneoaren barruan, hiru azpimota bereizten dira: itsasokoa, kontinentalizatua eta lehorra.

2.1. Itsasoko Klima Mediterraneoa

Itsasoko klima mediterraneoa Iberiar penintsularen kosta mediterraneoan (hego-ekialdekoa izan ezik), Guadalquivir arroko atlantiar kostaldean, Balearretan, Ceutan eta Melillan hedatzen da. Prezipitazioak urriak dira urtean zehar, 800 eta 300 mm bitartean. Prezipitazioen bolumena apur bat handiagoa da kosta atlantikoan mediterraneoan baino. Kosta atlantikoan, prezipitazioak ugariagoak dira, borraska atlantikoek eragin handiagoa dutelako penintsularen hego-mendebaldean. Maximo nagusia neguan edo udazkenean izaten da.

Kosta mediterraneoan prezipitazioak urriagoak dira, atlantikoko behe-presioko guneek Iberiar penintsula eta kosta mediterraneoarekiko paraleloak diren mendiak zeharkatzean hezetasuna galtzen dutelako. Maximo nagusia udazkenean da, Mediterraneoko ur beroen eta azkarrago hozten den lurraren arteko kontrastearen eraginez sortutako ekaitzengatik. Europa kontinentetik iritsi eta kostako mendikateetatik gora egiten duten ekialdeko aire-masen eraginez ere gerta daitezke.

Tenperaturek tarte termiko moderatua dute (12 °C-15/16 °C), Mediterraneo itsasoa beroa delako. Uda beroa da (22 °C edo gehiago, 25 °C-raino, batez beste) eta negua epela (hilabeterik hotzenean 10 °C-tik gora).

2.2. Klima Mediterraneo Kontinentalizatua edo Barnekoa

Iberiar penintsularen barrualdean hedatzen da, Ebro haranaren erdiko zatia izan ezik. Prezipitazioak urriak dira, baina Iberiar penintsularen barrualdeko mendebaldeko eremuan apur bat handiagoak dira.

Iberiar penintsularen mendebaldeko sektorean, prezipitazioak ugariagoak dira, zikloi atlantikoen maiztasuna handiagoa delako. Maximo nagusia neguan da.

Gaztelako eta Ebroren sakonuneen erdian, prezipitazioak urriagoak dira, mendien artean sartuta daudelako. Maximoa, gehienbat, udaberrian da nagusi, neguko antizikloi termikoa ahultzen delako.

Tenperaturek tarte termiko handia dute (16 °C-tik gorakoa), itsasoaren eragina ez delako iristen eremu horretara. Aldaketa termikoei erreparatuz, hiru azpimota klimatiko bereiz daitezke:

  • Ipar goi-lautadan eta Guadalajara, Teruel eta Cuencako goi-lurretan, udak freskoak eta neguak hotzak dira, eta izozteak eta lainoak ohikoak dira.
  • Ebroren sakonunearen inguruan, udak beroak dira eta neguak hotzak, izozte askorik egon ez arren.
  • Extremaduran eta Andaluziaren barrualdean, udak oso beroak eta neguak epelak dira.

2.3. Klima Mediterraneo Lehorra, Subdesertikoa edo Estepakoa

Iberiar penintsularen hego-ekialdean eta Ebro haranaren erdiko zatian hedatzen da. Prezipitazioak oso urriak dira, eta, beraz, esteparen ezaugarriak ditu. Hego-ekialdean, lehortea dago, ingurua zikloi atlantikoetatik babestuta dagoelako Mendikate Betikoen erliebeen eraginez, eta Afrikatik datozen aire-masa lehorrak ohikoak direlako. Itsasartetik sartzen diren borraskek eragiten dituzte prezipitazioak. Gata lurmuturrean basamortuko klima dago. Ebroren haranaren erdiko zatian, mendien artean dagoenez, lehortea dago ere.

Tenperaturak aldatu egiten dira itsasora dagoen distantziaren arabera, baita latitudearen arabera ere.

Hego-ekialdeko kostako estepa beroan, urteko batez besteko tenperatura 15 °C-20 °C ingurukoa da, eta neguan tenperatura epela da nagusi.

Erdialdearen barrualdeko estepa hotzean (Mantxaren ekialdea eta Albacete) eta Ebro haranaren erdiko zatian, urteko batez besteko tenperatura 17 °C-tik beherakoa da, eta neguak moderatuak edo hotzak dira (6 °C eta 10 °C bitartean, edo 6 °C-tik behera, hurrenez hurren).

4. Kanarietako Klima

Kanariar uharteetan klima subtropikala da nagusi, eta arrazoiak hauexek dira: hegoaldean daude, Kantzer Tropikotik eta Afrikako kostatik hurbil; Azoreetako antizikloia eta ipar-ekialdeko haize alisioak dira nagusi. Azken horrek tenperatura leunak eragiten ditu urte osoan. Antizikloia mugitzen denean, neguan borraska atlantikoak, eta udan Saharako airea sartzen dira. Kanarietako korronte hotzak, uharteen eta Afrika kontinentearen artean kokatuta, azaleko urak hozten ditu, latitudeari dagokiona baino gehiago, eta, horren eraginez, udan aireak egonkortasun handiagoa du. Erliebearen eraginez, tenperaturak behera egiten du, eta haize alisioaren haizealdeko hegaletan prezipitazio ugari eta laino ugari eragiten ditu (hodei-itsasoa).

Faktore horien eraginez, klimak ezaugarri hauek ditu:

a) Beheko inguruetan, prezipitazioak oso urriak dira. Mendebaldeko uharteetan, klima subdesertikoa edo estepakoa da nagusi; eta Lanzaroten, Fuerteventuran eta Kanaria Handiko behe-lurretan, urtean ez dira 150 mm-ra iristen (basamortuko klima).

Balio urri horiek azaltzeko, Azoreetako antizikloiak urtean nagusitasuna duela esan behar da. Maximo erlatiboa neguan gertatzen da, borraska atlantikoen eraginez. Tenperaturak beroak dira urte osoan, hilabete batean ere ez dira-eta 17 °C-tik beherakoak. Beraz, tarte termikoa oso txikia da (8 °C-tik beherakoa).

b) Erdiko eta goiko inguruetan, prezipitazioak ugariagoak dira eta 1000 mm-ra iritsi daitezke, eta tenperaturek behera egiten dute.

Entradas relacionadas: