Espainiako Immigrazioa Autonomia Erkidegoka (2015)

Enviado por Chuletator online y clasificado en Geografía

Escrito el en vasco con un tamaño de 7,34 KB

Espainiako Immigrazioaren Bilakaera Autonomia Erkidegoka (2015)

Aurrean dugun mapa autonomia erkidegoka atzerriko immigranteen bilakaera adierazten duen mapa tematikoa da, eta informazio hori helarazten digun iturria INE da. Datuak sailkatzeko erabilitako prozedura koropleta mapa izan da, hau da, koloreen intentsitatearen bidez daude adierazita. Izan ere, legendan lau kolore desberdin aurki ditzakegu, bakoitzak maila desberdin bat adierazten duelarik; kasu honetan, kolorea zenbat eta ilunagoa izan, orduan eta atzerritar kopuru handiagoa topatuko dugu. Mapa 2015eko datuekin dago eginda; urte hartan, Espainiako biztanleriaren guztizkoa 46,6 milioi herritarrekoa zen, horietatik %10 atzerritarrak ziren.

Autonomia erkidegoen arteko ehunekoak alderatzen baditugu, desberdintasun nabarmenak aurkitzen ditugu:

Immigranteen Banaketa Lurraldeka

Immigrante Gutxien Dituzten Eremuak (Biztanleriaren %5 baino gutxiago)

Immigrante gutxien dituzten eremuak Galizia, Asturias, Gaztela eta Leon eta Extremadura dira. Arrazoi nagusia krisi ekonomikoaren eta atzerapen ekonomikoaren ondorioz ekonomia dinamikorik ez izatea da. Errealitate honek ez ditu atzerritarrak erakartzen eta, ondorioz, herritarren %5 baino gutxiago dira immigranteak.

Immigrante Gehien Dituzten Eremuak (Biztanleriaren %10 edo gehiago)

Bestalde, kontrako muturra dugu, immigrante gehien dituzten eremuak. Horien adibide dira Errioxa, Aragoi, Katalunia, Valentzia, Murtzia, Madril eta bi uhartediak, bai Balearrak bai Kanariak, baita Ceuta eta Melilla ere. Lurralde hauetan immigranteen kopurua biztanleriaren %10ekoa edo gehiagokoa da, kasu batzuetan %15a gaindituz. Haien ezaugarriak oso desberdinak direnez, arrazoi bat baino gehiago dago kokapen bakoitzaren azalpena emateko.

Bitarteko Balioak Dituzten Eremuak (Biztanleriaren %5 eta %10 bitartekoa)

Arestian sakondutako bi muturrez gain, balio ertainak dituzten eremuak ere badaude. Kasu hauetan atzerritarren kopurua %5 eta %10 bitartekoa da, eta horien adibide Nafarroa, Kantabria eta Euskadi ditugu. Azken honetan, esaterako, orain arte bizi izan dugun krisi ekonomikoa dela eta etorkin asko ez egon arren, azken urteetan joera aldatu eta immigranteen kopurua handituz joan da.

Immigrazioaren Bilakaera eta Motak

1995. urtetik, Espainiak immigrazio fenomenoa jasaten ari da, urtero immigrante ugari hartuz. Esaterako, 2008an, atzerriko biztanleria 5,2 milioi pertsonatik gorakoa zen. Horren barruan, mota ugari aurki ditzakegu:

  • Nazionalizatzen diren atzerritarrak.
  • Nazionalitate bikoitza dutenak.
  • Legezko immigranteak (zalantzarik gabe ugarienak).
  • Legez kanpokoak (zoritxarrez azken urteotan patera edo beste bide batez, bizia jokatuz, Europako beste herrialde batzuetan bezala, Espainian sartzen eta bizitzen saiatzen direnak).

Mota guzti hauen barruan ere bi bereizketa egin daitezke, immigranteak bi klasetan sailkatuz:

1. Dirudunak (Erretirodunak eta Negozio-aukerek Erakarritakoak)

Bizimaila ertaina eta handia duten erretirodunak zein negoziorako aukerek erakarritakoak dira. Mendebaldetik datoz, Europar Batasunetik, eta gehienbat frantziarrak, ingelesak, norvegiarrak eta alemaniarrak dira. Balearretara edo Kanarietara joan ohi dira, klima-baldintza onak eta haien herrialdetik hurbil egotea balioesten dutelako.

2. Langileak (Soldata Baten Truke Lan Egitera Datozenak)

Espainiara soldata baten truke lan egitera datozenak dira. Normalean marokoarrak eta errumaniarrak dira.

Immigrazioaren Arrazoiak eta Jatorria

Erakarpen Arrazoi Nagusiak

Immigrazio-erakarpen horren arrazoiak askotarikoak dira:

  • Espainiaren aldetik: Eskulan beharra (nekazaritza sasoiko edo nekazaritza intentsiborako langileak, besteak beste), hartutako neurriak (legez kanpokoen erregularizaziorako, adibidez), Afrikatik hurbil egotea (marokoarrak erakartzen dituena) eta klima-baldintza onak nabarmendu ditzakegu.
  • Atzerriko immigranteen aldetik: Arrazoi ekonomikoek eta arrazoi politikoek eragina dute, Europar Batasunetik kanpotik datozenengan batez ere.

Jatorria eta Jomuga

Immigranteen jatorri nagusia Europa izan zen 1996ra arte. Ordutik aurrera, Europar Batasunaz kanpoko immigranteak dira nagusi, errumaniarrak, marokoarrak eta iberoamerikarrak, hurrenez hurren. Jomugari dagokionez, hirigune eta zerbitzugune handiak dituzten autonomia erkidegoak dira nagusi, izan duten berpizkunde ekonomikoa dela eta.

Ondorioak eta Immigrazio Politika

Immigrazioaren Eremu Dinamikoak

Laburbilduz, oro har immigrante gehien jasotzen dituzten erkidegoek hirugarren sektore ekonomikoa dute garatuta eta, ondorioz, eremurik dinamikoenak dira. Honen adibide, Balearrak eta Kanariak dira, non turismoa dela eta berpizkunde ekonomiko handia izan duten; edota Errioxa, Aragoi, Katalunia, Valentzia eta Murtzia, non nekazaritza intentsiboaren hazkunde nabarmena gertatu den, lan esku beharra biderkatuz. Uhartedietan bezala, Errioxan ere turismoaren eragina nabaritzen dute, ardoaren industria dela medio ezagun bihurtu delako eta honek lanpostuak sortu dituelako. Era berean, Bartzelonan eta Madrilen, sektore guztietan ematen den dibertsifikazioak gero eta langile gehiago eskatzen du. Gainera, askotan, jarduera berriak ezartzen dira gune dinamiko hauetan.

Madrilen, esaterako, hiriburua denez eta zerbitzu garatuak, industria guneak eta gune turistikoak dituenez, turismoak gora egin du, beste behin ere salbuespena izanik. Hala ere, Madril inguruan dauden probintzietan, besteak beste, Guadalajara eta Toledo, geroz eta immigrazio gehiago jasotzen ari dira, Madrilgo lurzoru eta etxebizitzekin alderatuz bertakoak merkeagoak direlako.

Immigrazioaren Ondorioak

Honek guztiak, zenbait ondorio dakartza berekin:

  • Ondorio demografikoak: Immigranteek Espainiako hazkunde demografikoan modu erabakigarrian lagundu dute. Izan ere, gaur egun, biztanleen %10 atzerritarrak dira.
  • Ondorio ekonomikoak: Immigrazioak biztanleria aktiboa ugaritzen du, baina lehiakortasuna galtzearekin ere lotuta dago. Beraz, kasu honetan, onurak bai, baina alde negatiboak ere baditu.
  • Gizarte-ondorioak: Askotan, ez da xamurra izaten immigranteen bizimodua; jokabide xenofobo eta arrazistak jasaten dituzte, lan-baldintza gogorrak dituzte eta integratzeko zailtasunak dituzte.

Immigrazio Politika Espainian

Horregatik guztiagatik, Espainiak immigrazio-politika du, immigrazioa alderdi guztientzat mesedegarria izan dadin. Hain zuzen ere, esparru hau Europar Batasuneko asilo- eta immigrazio-politikak eta Atzerritarrei buruzko legeak osatzen dute, eta helburu hauek dituzte:

  • Immigrazio klandestinoaren aurka borrokatzeko informazioa partekatzea.
  • Immigrazioaren inguruko alderdi guztiak (herrialdean sartzea, eskubideak eta askatasunak…) arautzea.
  • Herrialde igorleekin lankidetzan aritzea.
  • Migrazio-fluxuak kontrolatzea.
  • Immigranteen integrazioa bultzatzea.

Entradas relacionadas: