Espainiako II. Errepublika: Krisia eta Biurteko Beltza

Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 4 KB

Biurteko Erreformistaren Krisia (1931-1933)

Eskuindarraren Oposizioa

Eskuineko indarren berrantolaketa osatu zen. Aipatzekoa da CEDA (Gil Roblesek zuzendua, katolikoa eta ordenaren aldekoa); baita ultraeskuindarrak, Comunión Tradicionalista karlistak eta alderdi faxistak ere (Primo de Rivera semeak sortutako Falange Española eta JONS, 1934an elkartu zirenak FE-JONS izenarekin). Esan behar dugu, Sanjurjada izeneko Sanjurjo jeneralak zuzendutako estatu-kolpeak huts egin arren, indar kontserbadore batzuek Errepublikaren aurrean zuten jarreraren seinale izan zela.

Anarkisten eta Sozialisten Oposizioa

Erreformen geldotasunak desengainua ekarri zuen hiriko eta landako langileen artean, eta jarrera gogorragoa azaldu zen, besteak beste, CNTren barruan FAI sortuz, altxamenduak eraginez. PSOEren barruan, Largo Caballeroren joera langilezalea inposatu zen, komunista eta anarkistekin langile-fronte bat osatzearen aldekoa (ezkerrekoen artean erradikalenetarikoa).

Horren eta koalizioaren higaduraren ondorioz, Alcalá Zamorak, Errepublikako presidenteak, Gorteak desegin zituen eta hauteskunde berriak deitu zituen 1933ko azarorako.

Biurteko Beltza: Erradikal-Zedista (1933-1936)

1933ko azaroko hauteskundeetan, lehen aldiz, emakumeek hartu zuten parte. Ezkerra zatituta aurkeztu zen, baina eskuina elkartuta. Horrela, Hauteskunde Legeak koalizioak mesedetu eta talde txikiak zigortu zituen. Horrekin batera, anarkistek bultzatutako abstentzioaren ondorioz, zentro-eskuinak irabazi zuen.

Erreformak Bertan Behera Uztea

Eskuineko Konfederazioak (CEDA) diputatu gehien izan arren, Alcalá Zamora presidenteak Lerrouxengana jo zuen gobernua osatzeko. CEDAren diputatuen babes parlamentarioa izan zuten, eta eskuina agintera heldu bezain laster, bertan behera utzi zituzten erreformak:

  • Nekazaritza erreforma osoa oztopatu zuten: lurrak desjabetzeko proiektua, lurren okupazioa eta soldaten gaineko legeak.
  • 1932ko Sanjurjada izeneko kolpista militarrei amnistia eman zitzaien.
  • Kataluniako Generalitatearen aurka jo zuten (Parlamentu autonomoaren ahalmenak murriztuz) eta Euskal Herriko estatutuaren aldeko prozesua eten zen.

Horretaz gain, Europan 1930eko hamarkadan faxismoak izan zuen gorakadak erradikalizazioa eta polarizazio politikoa areagotu zituen. Aldi berean, grebak ugaritu ziren eta ezker eta eskuin muturreko taldeen arteko liskarrak areagotu.

1934ko Urriko Iraultza

1934ko urrian, CEDAko hiru ministro Lerrouxek gidatutako gobernuan sartu ziren, eta ezkerrak faxismoaren aldeko lehen urratsa ikusi zuen horretan. Horrela, sozialistek, komunistek eta anarkistek greba orokorrerako deia egin zuten, Urriko Iraultza bultzatuz. Hau garaiko gertaera larriena izan zen, eta gune nagusiak Asturias eta Katalunia izan ziren, Euskal Herrian ere eragina izan bazuen ere.

Kataluniako Gertaerak

Generalitateak gidatuta, Lluís Companys presidenteak (gehienbat) gobernu zentralarekin hautsi eta Kataluniako Estatua aldarrikatu zuen. Generalitatearen eta langile-erakundeen arteko kolaboraziorik ezak, eta CNTren laguntza ezak, matxinadan amore ematera bultzatu zituzten Batet jeneralaren aurrean. Horren ondorioz, Kataluniako Estatutua eta Generalitateko kideak, Companys barne, espetxeratuak izan ziren.

Asturiasko Iraultza

Asturiasen egoera askoz larriagoa zen, eta meatzariak izan ziren protagonista nagusiak. Asturiasen bat egin zuten sozialistek, anarkistek eta komunistek, eta benetako iraultza egoera bizi izan zen, Errepublika Sozialista aldarrikatuz Oviedon. Langileen aginte iraultzailea ezarri zen, eta gobernu zentralari aurre egiteko prest zegoen estatu txiki baten antzera jardun zuen. Iraultza menderatzeko, Marokotik ekarri zuten Francoren Legioa, eta ankerkeria handiz jokatu zuten errepresioan, milatik gora hildako eraginez; baita 3.000tik gora zauritu eta 30.000 espetxeratu ere. Gerra Zibilaren iragarlea izan zen, eta Espainiako II. Errepublikaren historia bitan zatitu zuen, eskuina eta ezkerra argi desberdinduz.

Entradas relacionadas: