Espainiako Garraio Azpiegiturak: Errepideak eta Trenbideak

Enviado por Chuletator online y clasificado en Inglés

Escrito el en vasco con un tamaño de 5,51 KB

ERREPIDEAK

Espainiako errepide mota nagusiak islatzen ditu iruzkindu beharreko mapak. Probintzia guztien mugen gainean, kolore eta lodiera ezberdinek bereizirik, autobide, autobia eta errepide garrantzitsuenak zehazten dira. Errepidea da egun pertsona zein salgaien garraiorako gehien erabiltzen den modalitatea. Merkatugaien garraioan, Industria Iraultzak eragindako eraldaketa teknologikoak itsasoaren nagusitasuna baztertu du. Trenak ere, azken hamarkadetan, itsasontziek bezala, garrantzia galdu du automobil eta kamioien aurrean.

Espainiako errepide-sareak diseinu erradiala du, Madril erdigunean duela. Bertatik Europarekin, portu eta hiri nagusiekin komunikatzen duten errepideak ateratzen dira. Eredu hori Estatuaren ikuskera zentralistari dagokio. XVIII. mendean hasi zen Borboiekin eta 1960ko hamarkadan sendotu zen, errepide-sarea modernizatu zenean.

Gaur egun, egitura erradialari eusten zaio, baina zeharkako ardatz batzuk gehitu zaizkio, hala nola Kantauriko Erlaitzeakoa edota Ebroko eta Mediterraneoko korridoreak. Honen ondorioz, forma erradialetik sare mailakatu baterako trantsizioa gertatzen ari da. Errepideak eraikitzea erkidego zein Estatuen edo Diputazioen eskumena da.

ONDORIOA (Errepideak)

Europar Batasunaren garraio politikak, herrialde ezberdinen arteko loturak sendotzea eta garraio azpiegitura eraginkor bat lortzea du helburu. Merkatu bakarra indartu nahi da, eta ingurumena errespetatu, arduradunen adierazpenei kasu eginez gero. Politika honek Espainiari autobia eta AHTen bidez Europarekiko lotura berriak dakartza, eta EBk diru asko bideratzen du helburu honetara. Krisi testuinguru honetan ordea, gizarteko sektore zabalek oinarrizko zerbitzu sozialak bermatzea eskatzen dute, baita azpiegituren kaltetan bada ere.

TRENBIDEA

Aztertu eta iruzkinduko den mapak Espainiako trenbide-sarea erakusten du. Gaur egun 16.000 kilometroko sarea dago zerbitzuan, errepide-kopuruaren oso azpitik. Burdinbide mota ezberdinak kolore eta lodiera ezberdinez bereiziak agertzen dira. Nahiz eta Industria Iraultzaren ikur izan eta lur gaineko garraioak irauli zituen, gaur egun errepideak garrantzi askoz ere handiagoa du, bai bidaiarien garraioan baita salgaien garraioan ere.

Trenbide sarea, Europa Mendebaldeko beste herriekin alderatuz, ahula da. Arrazoi historikoak dira horren erantzule: Espainiak industrializazio berantiarra bizi izan zuen. Burgesiari ekintzailetza falta izan zitzaion gatazkaz eta gerrez jositako XIX. mendean. Espainiako orografia oso zaila da, gainera (oso gorabeheratsua). Garraio sistemetan bigarren maila batera alboratua dago gaur egun burdinbidea.

Bide mota ezberdin asko aurki daitezke gaur egungo Espainiar Estatuko trenbide sarean:

  • Bide estuko trenak
  • Iberiar Zabalerakoak
  • Nazioarteko zabalera duen abiadura handiko sarea

Espainiako lurraldearen barruan dauden desoreka eta komunikazio arazoaz gain, arazo larria egon da historikoki, baita gaur egun ere, Espainia eta Frantziaren arteko lotura egiterako garaian. Zabalera desberdineko burdinbideak izateaz gain, Pirinioek osatzen duten barrera fisikoa da traba nagusietako bat. Mendikate honen bi ertzetatik egin izan da komunikazio hori, nahiz eta, tarteka, mendikatea zeharkatzeko hainbat tunel zulatu izan diren, esaterako, Canfranc Frantziarekin lotzen duen “Sonport” tunela.

ONDORIOA (Trenbidea)

Europar Batasunak bere esparrua zeharkatuko duten garraio sare eraginkorra nahi du lortu, batasunaren integrazioa bultzatu eta merkatuaren funtzionamendua bermatzeko, ingurumena errespetatuz. Europaren baitako loturak autobien eta AHT bideen bitartez burutuko dira (azken honen bide-zabalera da Europakoarekin bat datorrena). Ingurumenari kaltea eta hiritargoak behar ez dituen azpiegitura oso garestiak eraikitzea egozten zaio zenbait kolektibo eta hiritarren aldetik administrazioei.

GLOSARIOA

Tertziarizazioa: Prozesu bat non ekonomiaren hirugarren sektorea beste bi sektoreekiko pisua hartuz joan den, sektore nagusia bihurtzeraino, bai biztanleria aktibo landunari baita BPG-ari dagokionez ere.

Garapen Iraunkorra: Etorkizuneko belaunaldien beharrizanak arriskuan jarri gabe oraingo belaunaldien beharrak asetzea posible egiten duen garapen-eredua. Kontzeptu hau 1987an aurkeztu zuen Nazio Batuen Erakundearen ingurumen eta garapenari buruzko batzordeak.

Garraio-azpiegiturak: Garraio-sistemaren oinarri materiala da, eraikin edo egitura finkoak; autobideak, errepideak, portuak, trenbideak... Garraio-baliabideek osatzen dute garraioen sistema.

Plataforma Logistikoa: Askotariko operadoreek estatu barneko zein nazioarteko salgaien garraioaren logistikarekin lotutako jarduerak egiteko erabiltzen duten ingurua. Horretarako, zenbait instalazio daude garraiolarientzat eta salgaientzat, eta bulegoak daude logistikan aritzen diren enpresentzat.

Portu Lehorra: Salgaien terminal intermodal bat da, herrialde baten barrualdean kokatua, itsasotik urruti, baina itsas portu batekin zuzenean lotuta dagoena trenbide sarearen bitartez. Kostako itsas-portuetatik igarotzen diren salgaien kudeaketa egiten dute herrialdearen barrualdean.

Frankizia: Enpresa baten establezimendu-katea. Kontratu baten bidez, frankiziatzaileak frankiziatuei marka bat edo merkataritza-formula bat ustiatzeko lizentzia ematen die diru kopuru baten truke. Frankiziatzaileak laguntza eta publizitatea ere ematen dizkie.

Entradas relacionadas: