Espainiako eta Euskal Herriko Testu Historikoen Analisia

Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 21,69 KB

Pertsiarren Manifestua (1814): Absolutismoaren Berrezarpena

Aurkeztu zaigun testua, Pertsiarren Manifestua, manifestu politiko bat da. Egile kolektiboa du: Gorteetako diputatuen herenak idatzi zuen manifestu hau, absolutistek hain zuzen ere. Fernando VII.ak 1813an koroa eskuratu zuenez, Espainian erregimen absolutista berrezartzea eta 1812an idatzitako legedi liberala (1812ko Konstituzioa) indargabetzea da manifestu honen xedea. Testuan bertan dioen bezala, Madrilen idatzi zen, estatuaren hiriburuan, 1814ko apirilaren 12an.

Testuingurua eta Kokapena

Momentu horretan, Independentzia Gerra amaitu berri zen, eta Napoleonek Valençayko Ituna sinatuz, 1813an, Fernando VII.ari itzuli zion koroa. Manifestua bere erregetzaren lehenengo garaiaren hasieran idatzi zen: Seiurteko Absolutistaren (1814-1820) hasieran, alegia.

Oso garai ezegonkorrean idatzi zen testu hau. Urte batzuk lehenago, 1808an, Godoy ministroak eta Karlos IV.ak baimena eman zioten Napoleoni bere tropak Espainiatik igarotzeko. Hauek, ordea, herrialdea okupatzeari ekin zioten. Hala, matxinada eta altxamenduak hasi ziren, Aranjuezko Matxinada lehenengoa izanik. Honen bitartez, Godoy epaitua izatea eta Karlos IV.ak abdikatzea lortu zuten. Barne liskarrez baliatuta, Napoleonek Karlos IV.a eta bere seme Fernando VII.a Baionan bildu eta biek abdikatzea lortu zuen, eta bere anaia Jose Bonaparte izendatu zuen Espainiako errege.

Frantsesen tropak Espainiara sartu izanaren eta espainiar erregetza frantsesen esku geratu izanaren aurkako erreakzio gisa, Independentzia Gerra hasi zen Espainian (1808-1813). Egoera latzari aurre egin eta erregea kanpoan zen bitartean herrialdea nola gidatu erabakitzeko, 1810ean Gorteak bildu ziren Cadizen. Bertan ideologia desberdinetako jendea bildu zen, baina ideia liberalak gailendu ziren, eta lehen konstituzio liberala idatzi zuten 1812an: subiranotasun nazionala, botere banaketa, berdintasun juridikoa eta beste hainbat printzipio liberal aldarrikatu ziren. Hala ere, Cadizko Konstituzioa liberal eta absolutisten arteko akordioa izan zenez, absolutistek herrialdeak konfesionala izaten jarraitzea eta ordura arteko klase pribilegiatuen jabetza pribatuak aitortzea lortu zuten. Esan beharra dago, ordea, Cadizen liberalismoaren oinarriak berretsi baziren ere, herritar gehienek monarkiaren eta katolikotasunaren aldeko izaten jarraitzen zutela Espainian.

Testuaren Analisia

Testuaren hasieran, antzinako pertsiarren ohitura bati erreferentzia egiten zaio, hemendik baitator “Pertsiarren Manifestua” izena. Ohitura hau Fernando VII.a gatibutasunean egondako urteekin alderatzen dute. Antzinako Pertsian erregea hiltzean bost eguneko anarkia ezartzen zuten, seigarren egunetik aurrera, herritarrak ondorengo erregearekiko leialagoak izan zitezen. Horrekin alderatzen dute Fernando VII.ak 1808tik 1814ra Baionan gatibutasunean igarotako garaia.

Bestalde, monarkiko kontserbadore bezala aurkezten dira manifestuaren idazleak. Jarraian, monarkia absolutua goraipatzen dute, arrazoian eta adimenean oinarriturik dagoela esanez, eta Espainiaren tradizioaren zati gisa aurkezten dute absolutismoa. Azkenik, Espainiako usadio eta ohiturak errespetatzeko, Cadizen ezarritako arautegi sistema eta erregimen liberala bertan behera uztearen beharra azpimarratzen da.

Ikus dezakegunez, bertan beraien leialtasuna adierazi zioten erregeari, eta monarkia absolutua sutsuki defendatu zuten, Cadizko legedia gaitzetsiz eta beraien monarkia absolutua eta Erregimen Zaharreko printzipioak berrezartzeko nahia erakutsiz. Absolutismoa sutsuki defendatzeari ekiten diote, Jainkoaren Legearekin alderatuz, eta arrazoia eta adimenaren aparteko erabilera dakarrela esanez. Hortaz gain, sistema absolutistarekin bateraezina den legedi liberala, Cadizko Gorteetan sortua (1812ko Konstituzioa), indargabetzeko eskatzen dute.

Ondorioak

Hala, Fernandok estatu kolpea eman zuen 1814ko maiatzean, manifestuaren babesarekin eta herritar absolutista, lurjabeen eta nobleen laguntzaz. Behin aginte absolutura iritsita, Konstituzioa eta lege liberal guztiak indargabetu eta Erregimen Zaharra berrezarri zuen: gizarte estamentala, jauntxoen erregimena, Inkisizioa, eta baita euskal foruak ere.

Hala ere, estatuaren zorra handitu eta arazo ekonomiko handiak zeuden. Hau dela eta, 1820ko Riego eta Quirogaren matxinadaren ostean, 1823 arte iraungo zuen Hirurteko Liberala hasi zen. Bertan, Fernandok zin egin behar izan zuen 1812ko Konstituzioa, eta Cadizko legedi liberala berrezarri zen. Dena den, Aliantza Santuak bidalitako San Luisen Ehun Mila Semeak armadaren laguntzarekin, Fernando VII.ak aurrea hartu zien liberalei Cadizen, 1823ko apirilean. Eta haren erregetzako azken hamarkadan, Hamarraldi Gaitzesgarrian (1823-1833), monarkia absolutista berrezarri zuen, beste behin ere Cadizko legedi osoa bertan behera utziz.

Pertsiarren Manifestuarekin monarkia absolutista eta Erregimen Zaharra berrezarri ziren Espainian, Cadizen lortutako aurrera pausu guztiak berriz atzean utziz. Atzerakoia izanda ere, Pertsiarren Manifestua baliagarria da garai hartako egoera ulertzeko. Izan ere, testua espainiarren jarrera kontserbadorearen adierazgarri da, uzkur agertu baitziren ideia liberal eta iraultzaile berrien aurrean.

Mendizabalen Desamortizazioa (1836): Helburuak eta Ondorioak

Testu hau Mendizabalek eginiko desamortizazioaren azalpen historiko-politiko bat da, Maria Kristina erreginaordeari zuzendua eta, era berean, herritarrei helarazia Gaceta de Madrid egunkariaren bidez. Egilea Juan Álvarez Mendizábal da, 1836an Ogasunburu izendatu zen liberal progresista. Gutun honen bidez, erreginaordeari Elizaren desamortizazioaren abantailak azaldu eta honen onespena lortzea zen xedea. Elizaren ordenak jada nazioaren esku zeuden (1835), eta hauek salmentan jartzea zen Mendizabalen hurrengo helburua. Testua 1836ko otsailaren 21ean idatzi zen, Gaceta de Madrid-en, zehazki.

Testuinguru Historikoa

Garai hartan, Maria Kristina zegoen erregeorde (1833-1840), Fernando VII.a hiltzean Isabel II.ak oraindik 3 urte bakarrik baitzituen. Gainera, La Granjako sarjentuen altxamenduaren ondorioz, gobernu liberal progresista zegoen agintean, José María Calatrava gobernuburu zelarik.

Fernando VII.aren heriotzaren ostean (1833), Isabel II.a, bere alaba, izendatu zen erregina, baina gazteegia zenez, Fernando VII.aren emazte Maria Kristinak hartu zuen erregeordetza. Honek auzia sortu zuen, Fernando VII.aren anaia Karlos infantearen aldeko absolutistek ez baitzuten erabaki hau onesten, eta elkarren aurkako bi talde sortu ziren: Isabelen aldeko liberalak eta Karlosen aldeko karlistak (absolutistak eta kontserbadoreak). Gatazka honek Karlistaldiak ekarriko zituen gerora.

Maria Kristinaren erregealdian estatu liberalaren sorrera eta finkapena eman zen, eta gobernu liberalak izan ziren agintean. Hala ere, liberalen artean banaketa bat ari zen gertatzen, moderatu eta progresistak bereiziz. Hasieran, Francisco Cea Bermúdez kontserbadorea izendatu zuen gobernuburu; baina liberalen eta armadaren presiopean, 1834an Francisco Martínez de la Rosa moderatuari eman behar izan zion postua. Neurri iraultzaileagoen eske matxinadak eman zirenez eta Karlistaldia zela eta, 1835ean Maria Kristinak Juan Álvarez Mendizábal progresista izendatu behar izan zuen gobernuburu; baina moderatuek presioa egiten jarraitu zuten, eta 1836an, Francisco Javier Istúriz kontserbadoreagoak hartu zuen haren lekua. Azkenean, La Granjako sarjentuen altxamenduaren ondorioz, Maria Kristina erregeordeak José María Calatrava progresista gobernuburu izendatu behar izan zuen, eta Mendizábal Ogasunburu. Azken hauen gidaritzapean hasi zen iraultza liberala.

Desamortizazioaren Analisia

Elizaren ondasunen desamortizazioa 1835 eta 1837 urte bitartean egin zen, Mendizabalen gidaritzapean:

  1. 1835ean, klero erregularraren ordena erlijiosoak deuseztatu zituen.
  2. 1836an, dekretu honen ondoren, ordena horiek enkante publikoan jarri zituen.
  3. 1837an, Calatrava gobernuburu eta Mendizábal Ogasunburu zirela, desamortizazioa klero sekularrera hedatu zen.

Espainia lur jota zegoen: zor publiko handia zegoen, latifundismoa zen nagusi eta Karlistaldia ari zen gertatzen. Beraz, desamortizazioaren helburua zor publikoa txikitzea eta karlisten aurkako gerra finantzatzea zen. Horrekin batera, testuan azpimarratzen den bezala, Espainiaren ekonomia eta politika bultzatu nahi ziren, nazioaren pizkundea, alegia. Era berean, nekazal egoera aldatu nahi zen, nekazariek ere lurren jabe izateko aukera izan zezaten, horrela testuan aipatzen den zorion publikoa bermatzeko.

Testuan lehen paragrafoan, elizaren ondasun pribatuak nazioaren jabego bihurtu eta saltzeak sortuko lituzkeen onura ekonomiko, politiko eta sozialak azaltzen dira:

  • Zorion publikoa bermatzea.
  • Industria eta zirkulazio kanaletako oztopoak kentzea.
  • Aberria zabaltzea.

Hau da, desamortizazioaren helburua ez da dirua lortzea soilik, Isabel II.aren erreinaldiko Espainiaren politikaren pizkundea bultzatzea ere bai. Bigarren paragrafoan, Erreginaren onespena eskatzen du idazleak, ondasunen salmenta aurrera eraman ahal izateko. Horretarako, desamortizazioaren abantailak aipatzen jarraitzen du, hala nola, zor publikoaren murrizketa, eta goi-mailako instituzioen garapena.

Ondorioak

1837an, progresistek konstituzio berri bat aldarrikatu zuten. Hala, nazioaren subiranotasunaren printzipio liberalak finkatu ziren, eta ondorioz, Hego Euskal Herrian foru erakundeak deuseztatu eta erakunde konstituzionalak ezarri ziren. 1837ko hauteskundeetan, ordea, moderatuak izan ziren garaile eta 1840ra arte egon ziren agintean. 1837ko Konstituzioa mantendu zuten, nahiz eta lege erradikalenei mugak ezarri zizkieten moderatuek. 1840an, udalen legea eman zuen gobernuak. Honen arabera, alkate eta zinegotziak Barne Ministroaren esku geratu ziren. Oso lege zentralista zen, eta jendea aurka jarri zen. Miliziano eta progresistek Espartero jenerala erregeorde izendatzeko eskakizuna egiten hasi ziren, eta 1840ko urrian Maria Kristina erregeordeak abdikatu egin zuen.

Desamortizazio honek, aurrerago, 1855ean eman zen desamortizazio zibilari bidea ireki zion. Biurteko Progresistan eman zen desamortizazio hau, Madoz Ogasunburuaren gidaritzapean.

Dokumentu hau oso garrantzitsua izan bazen ere, zoritxarrez, desamortizazioaren helburua ez zen bete. Lurrak enkantean jartzean, erosleak noble eta burges aberatsak izan ziren, nekazariek ez baitzuten dirurik. Honek latifundismo burgesa sendotu zuen, eta nekazarien baldintzak okertu ziren. Hala, Elizaren eta nekazari txikien jarrera are atzerakoiagoa egin zen, eta karlisten aldekoagoak bihurtu ziren. Noble eta burgesak, aldiz, sistema liberalaren aldeko bihurtu ziren. Hala ere, desamortizazioa oso baliagarria izan zen Ogasunaren diru sarrerak handitu eta zorra txikitzeko, eta karlisten aurkako gerra finantzatzea ere lortu zuten liberalek. Horrez gain, ideiak ongi azalduta eta garatuta daudela iruditu zait, eta ulerterraza egin zait testua.

Blasco Ibáñez: El Intruso eta Bizkaiko Meatzariak

Aurrean dugun testua El Intruso eleberriaren zati bat da, beraz, testu narratibo-literarioa dela esan dezakegu. Vicente Blasco Ibáñezek idatzi zuen, idazle, kazetari, politikari eta abokatu errepublikazalea. Testuaren helburua Bizkaiko meategiko langileen egoera latza deskribatuz salaketa egitea da, Espainiarrek horren berri izan zezaten.

Testuingurua eta Kokapena

1904. urtean idatzi zen, Borboitarren Berrezarkuntza Garaian (1875-1923), Alfontso XIII.aren erregetzan (1902-1931). Garai hartan, Antonio Cánovas del Castilloren sistema politikoa zegoen indarrean. Horrez gain, industrializazioaren garaia izan zen, eta meatzariak bezalako langileek zeresan handia izan zuten. Eleberria Valentzian argitaratu zen, nahiz eta bertan dioenaren arabera Enkarterrian idatzia egon litekeen.

Testua bere garaian kokatzeko, 1874ra egingo dugu atzera. Urte honen amaieran, Alfontso XII.a errege izendatu zuten (1875-1885), Borboitarren Berrezarkuntzari hasiera emanez (1875-1923). Garai honetan, Antonio Cánovas del Castillo izendatu zuten gobernuburu. Bere sistema politikoak lau oinarri zituen:

  1. 76ko Konstituzio kontserbadorea idatzi zuten.
  2. Bipartidismoa ezarri zuten: liberalak (Práxedes Mateo Sagasta buru) eta kontserbadoreak (Cánovas buru) soilik iritsi zitezkeen boterera.
  3. Txandakatze sistemaren bidez bi alderdi hauek soilik txandakatu zuten boterea.
  4. Txandakatze hori bermatzeko jauntxokeria gertatu zen (jauntxoen eskutik egindako iruzur elektorala).

1885ean, Alfontso XII.a hil ostean, Maria Kristina Habsburgokoa emazte alargunak hartu zuen erregeordetza (1885-1902).

Horrez gain, XIX. mendean industrializazio prozesua eman zen Europa osoan zehar. Espainian, prozesu honetan gehien nabarmendu zen probintzietako bat Bizkaia izan zen (portua zuelako), bertan kalitate oneko burdin mea aurkitu zen, eta siderurgian oinarritutako industria asko garatu zen. Labe garaiek, burdinaren esportazioak eta Enkarterriek lanpostu asko sortu zituzten, eta horrek immigrazio handia eragin zuen. Industria jabeak eta burgesia gero eta gehiago aberastu ziren, langileen baldintzak gero eta tamalgarriagoak ziren arren. Gehiegizko lan orduak ezartzen zituzten soldata baxuen truke; langileei ez zitzaien inongo eskubiderik aitortzen, ezta alfabetatzeko aukerarik ere, eta baldintza eskasetan bizi ziren.

1902an, Alfontso XIII.a (Maria Kristina eta Alfontso XII.aren semea) izendatu zuten errege (1902-1931). Cánovasen sistema politikoak indarrean jarraitu zuen, industrializazioak ere aurrera egin zuen, eta industria-langileen egoera gero eta tamalgarriagoa zen. Horren adibide da testu honetan Blasco Ibáñezek salatzen duen meatzarien bizimodua.

Testuaren Analisia

Testuaren hasieran, jornalariak bizi ziren “peoien etxea” deskribatzen du. Honen jarraian, peoien, hau da, mea-langileen bizi-baldintza gogorrak deskribatzen ditu, garbitasun, elikagai eta espazio falta azpimarratuz.

Testuan, harrobietako langileei, afariei eta loaldi deserosoei dagozkien deskribapenak aurkitzen ditugu. Langile ugarirentzat zuten etxebizitza oso txikiaz ere mintzo da, eta eraikin haren egoera kaskarraz: haizea sartzea galarazten ez zuten zirrikituak, sabai baxuak, eta abar. Lanak langileei eragindako nekea ere aipatzen du. Testuan jarrera errebindikatzailea nabarmena da, gauzak salatuz hobekuntza bat lortu nahi delako.

Bestalde, langileen artean bi mota bereizten ditu:

  • Alde batetik, lurpeko lan gogorra egiten zuten meatzariak zeuden, trebetasuna behar zutenak.
  • Bestalde, Enkarterrietan lan egiten zutenak, kanpoaldeko ustiaketa eginez.

Azken paragrafoan, harrobietako eta Enkarterrietako langileen arteko lan esparruko ezberdintasunak aipatzen dira. Bigarren lan honen itxurazko erraztasunak eta goseak bultzatuta, beste inora baino langile gehiago joaten ziren. Idazleak dio Enkarterrietako langileen eskulan ugaritasunak, eta etengabeko ordezkatzeak, oligarkei nahi bezala jokatzeko aukera ematen ziela. Beraz, burgesek ez zuten arazorik protestak eta aldarrikapenak egiten zituztenak kaleratzeko. Hortaz, testuan ikusten dugun moduan, “zaila zen lan horrek bere eskubideak eskuratzea” salatzen du.

Ondorioak

Bidegabekeria guzti hauen aurrean, langileek klase kontzientzia hartu zuten. Ideia marxistak eta sozialistak hedatu ziren, eta hainbat geldialdi, manifestazio eta ekintza egin zituzten egoera salatu eta beren eskubideak defendatzeko. PSOE eta UGT bezalako taldeek garrantzi handia izan zuten.

Hainbat protesta eta grebaren ondorioz, haur eta emakumeen egoera hobetzea lortu zuten, eta 1914an laneguna bederatzi ordura jaitsi zen. Hego Euskal Herrian, gaitasunik gabeko langile gehienak kanpotarrak ziren. Euskal kultura galduko zen beldurrez, Sabino Aranak euskal nazionalismoa sortu zuen (1890). Hala ere, langileen korrontea ez zen gelditu, eta euren arazoak kontuan izan zituen doktrinara afiliatu ziren, hau da, sozialismora.

Testuan deskribapen asko azaltzen direnez, oso ongi ulertzen dira garai hartako meatzarien baldintzak; beraz, egoera salatzeko testu aproposa iruditu zait. Garaia ongi ulertzen lagundu dit, eta ideiak txukun adierazita daudela uste dut, testua ulerterraza delarik.

Euskeldun Batzokijaren Estatutuak (1894): Euskal Nazionalismoaren Oinarriak

Aurrean dugun testua lehen Euskeldun Batzokijaren barne araudia da, artikulutan banatua, batzokiaren barne antolamendua arautzen duena. Testu juridiko itxura duen arren, manifestu bat da. Egile kolektiboa du testuak, lehen euskal nazionalistak hain zuzen ere. Estatutu honen helburua Batzokijaren barne antolaketa egitea da, euskal nazionalistak biltzeko eta elkartzeko lekua sortzeko. Testua Bilbon idatzi zen, Bizkaiko hiriburuan, 1894. urtean, Borboitarren Berrezarkuntzan (1875-1923).

Testuingurua eta Ideologia

Garai hartan, Maria Kristina Habsburgokoa zen erregeorde (1885-1902), eta Antonio Cánovas del Castilloren sistema politikoa (1876ko Konstituzioa, bipartidismoa, jauntxokeria, txandakatze-sistema) indarrean zegoen. Gainera, 1876an Foruak abolitu zirenez eta immigrazioaren ondorioz, Sabino Aranak euskal nazionalismoa sortu zuen garai hartan (1890).

Testua bere garaian kokatzeko, 1874ra egingo dugu atzera. Urte honen amaieran, Alfontso XII.a errege izendatu zuten (1875-1885), Borboitarren Berrezarkuntzari hasiera emanez (1875-1923). Garai honetan, Antonio Cánovas del Castillo izendatu zuten gobernuburu. Bere sistema politikoaren oinarriak lehen aipatu bezala, 76ko Konstituzioa, bipartidismoa eta jauntxokeria ziren.

1872-1876 bitartean Hirugarren Karlistaldia eman zen Euskal Herrian, Katalunian eta Maestrazgon. Gerra honen amaieran, 1876ko uztailaren 21ean, Cánovasek foruen abolizio formala agindu zuen. Lege haren ondorioz, euskaldunek zerga berezitasunak eta berezitasun militarrak galdu zituzten. Dena den, euskaldunen zergen bilketa kontrolatzea zailegia egin zitzaion Cánovasi, eta 1878ko otsailaren 28an Kontzertu Ekonomikoak ezarri zituen: Euskaldunentzat zerga erregimen berezia eta autonomia fiskala mantenduz.

Horrez gain, Bizkaian garapen industriala oso aurreratua izan zen: labe garaiak, burdinaren esportazioa, Enkarterriak, eta abar. Horrek lanpostu asko sortu zituen, eta immigrazio handia eragin zuen. Burgesia gero eta aberatsagoa zen arren, proletargoak gero eta baldintza kaskarragoak zituen, eta beren eskubideak defendatzeko sozialismoaren bidea hartu zuten. 1890 inguruan, Sabino Arana kezkaturik zegoen atzerritik etorritako langile haiek arrotzak baitziren euskal kultura eta hizkuntzarekiko, eta ez zuten hartara moldatzeko asmorik. Aranak arriskuan ikusi zituen euskal kultura, arraza, hizkuntza eta tradizioa, eta horren ondorioz, euskal nazionalismoa sortu zuen.

Aranaren mugimendua integrista, atzerakoia edo kontserbadorea, arrazista, Lege Zaharrak defendatzen zituena eta kristaua zen. Aranaren ideologiari dagokionez, kristau eta katolikoa zen, foruzalea, eta euskal arraza defendatzen zuena. Maila politikoan, karlismoaren sektore foruzalearekin bat zetorren, baina izaera erradikalagoa zuen. Ideologia honek, hainbat oinarri zituen, eta hau ezartzeko alderdi bat fundatzea beharrezkoa zen. Prozesu horretan zenbait faktore ideologiko eta politiko elkartu ziren, eta azkenean Lehen Euskeldun Batzokija sortu zuten 1894an.

Estatutuen Edukia

Aurrean dugun testuan Batzoki haren ezaugarriak ikus ditzakegu, artikuluen bidez:

  1. Euskeldun Batzokija sortu da, euskal nazionalisten batasuna eta adiskidetasuna emateko.
  2. Euskeldun Batzokija geroago sortuko den Bizkaiko Elkarte Nagusiaren menpe geldituko da.
  3. Katolikotasuna Bizkaiko erlijio nagusi eta bakarra.
  4. Foruen eta Euskal Herriko ohituren berrezartzea, arraza eta hizkuntza finkatuko dira.
  5. Mundu erlijiosoaren eta zibilaren arteko harmonia egon behar du.
  6. Jaungoikoa eta Lege Zaharraren arteko bereizketa.
  7. Jaungoikoak Foruekiko duen lehentasuna (integrismoa / fundamentalismoa).
  8. Zazpi euskal probintziek bat egingo dute Euskal Herria (Euskelerria) izeneko batasunean; arraza, hizkuntza, fedea, nortasuna eta ohiturak elkarbanatzen dituztela, baina bakoitzak bere autonomia politikoa gorderik duelarik.

Argi ikusi dezakegu lehen euskal nazionalisten izaera integrista 3. artikuluan, katolikotasuna Bizkaiko erlijio nagusi eta bakartzat onartzen baita. 5. artikuluan ere, mundu erlijioso eta zibilaren arteko harmonia aipatzen da, eta 7. artikuluan Jaungoikoak Foruekiko duen lehentasuna, integrismoa azpimarratuz. Aranatarren ideologia foruzalea, karlismotik eratorria, ikus dezakegu 4. eta 8. artikuluetan.

Ondorioak

Horrela, idatzi honen bidez, lehen Euzkeldun Batzokija eratu zuten, 1894an itxi bazuten ere. Beranduago, 1895ean Alderdi Nazionalista fundatu zen Bizkaian. 1903an, Sabino Arana hil zen eta ordutik aurrera alderdia asko hedatu zen, baina nabarmenak ziren barne-zatiketak. Post-aranismoari (1903-1936) dagokionez, 1920 arte alderdiaren barnean tentsioak izan ziren, eta 1908an sabindar garbizaleek irabazi zuten. Urte horietan nazionalismoak barne-egituraketa izan zuen. Beraz, EAJ alderdia finkatu egin zen eta afiliatu-kopurua asko handitu zen, Gorteetako hauteskundeetan arrakasta handia izan zuelarik; baina barne-gatazkek hor jarraitu zuten. Horrez gain, sinbologia nazionalista sortu zen: lauburua, ereserkia, eta abar.

Azkenik, esan beharra dago euskal nazionalismoaren sorrerak berebiziko garrantzia izan duela Euskal Herriaren historian, gaur egun ere oraindik mantentzen baita Eusko Alderdi Jeltzalea, eta baita garai hartan finkatutako hainbat oinarri. Bestetik, testua oso baliagarria izan zait garaia ezagutzeko, eta ideiak txukun eta garbi adierazita daudela iruditu zait.

Entradas relacionadas: