Espainiako eta Euskal Herriko Industria eta Nekazaritza
Enviado por Chuletator online y clasificado en Geografía
Escrito el en vasco con un tamaño de 11,88 KB
Espainiako Industriguneak eta Eraldaketa
Espainiako industria-poloak zenbait hirigune garrantzitsuren inguruan antolatuta daude; nagusiak Bilbo, Madril, Bartzelona eta Valentzia dira, eta haietako bakoitzak eragin-eremu bat du. Industria lehenengoz agertu zenean, lehengai edo energia-iturriren batetik gertuago egotea edo kokapen geografiko hobea faktore garrantzitsuak izan ziren. Industria boteretsu batek txikiago batzuk erakartzen ditu. Horrekin batera, azpiegiturak eta zerbitzuak handituz doaz. Industria zuten lurraldeak erakargune nagusiak ziren.
1970eko Hamarkadako Krisia eta Birmoldaketa
1970eko hamarkadako krisiak industrian oso gogor jo zuen, eta haren kalteak luzaroan sentitu ziren. Euskal Herrikoa bezalako industrigune tradizionaletan beherakada nabarmena egon zen. Krisi sakona gainditzeko, 80ko hamarkadan birmoldaketa bati ekin behar zitzaion. Zulo beltzetik ateratzeko, bide berriak bilatu zituzten:
- Industrigune berrien agerpena eta modernizatzerik ez zegoenaren desagerpena. Industria batzuen deslokalizazioa.
- Puntako industriari ekitea.
- Kapital berriak erakartzeko neurriak hartzea.
- Kokapen geografikoaz edota komunikabide modernoagoaz hobeto baliatzen diren industriak.
Industria-Ardatzak Espainian
Industria ardatzen bidez antolatuta dago. Hainbat ardatz ikusten dira:
- Mediterraneokoa: Kostaldeko gune garrantzitsuenak biltzen ditu.
- Ebrokoa: Zaragoza bezalako hirien gorakada nabarmena.
- Madrilgoa: Komunikabideetan duen egituragatik, beste ardatzen arteko lotura nagusia da.
- Andaluziakoa: Hegoaldeko industria-guneak biltzen ditu.
Industriaren Beherakadaren Zergatiak eta Eraginak
Zergatik gertatu zen industriaren beherakada? Non izan zen handiagoa?
- Industria heldu batzuetan espezializatuta egon diren lurraldeak izateagatik; biktima nagusiak espezializazio horretan zeuden lurraldeak izan ziren; esate baterako, Bizkaia eta industria astuna.
- Petrolioaren krisiak akats asko utzi zituen agerian.
Krisiaren Gainditzea eta Eraldaketa
Nola gainditu dute?
- Lehenago aipatu dugun birmoldaketa gogor baten bidez krisialdia gainditu dute. Bestelako industria eta ekonomia tertziariatuagoa sortu dira.
- Garai batean baino industria gutxiago egon arren, euskal langabezia batez besteko espainiarra baino txikiagoa da, balio erantsi handiko industria bati esker. Egoera hobe horretan tradizio industriala eta autonomia fiskala ere faktore garrantzitsuak izan dira.
Goi-teknologiako Industria
Goi-teknologiako industria berrikuntza teknologiko etengabea duen industria mota da, zientzia eta ingeniaritza askoren partaidetza eta ahalegin ekonomiko handiak behar dituena. Industria hau, gehienbat, sektore hauetan oinarritzen da: informatika, tresna optikoak, material elektronikoa, etab. Azken hamarkadetan sortutako industrigune berri batekin —parke teknologikoekin— lotuta dagoen jarduera.
Deslokalizazioa
Deslokalizazioa lurralde batzuetatik beste batzuetara egiten den jarduera industrialaren lekualdaketa da. Globalizazioarekin batera, enpresa multinazional batzuek horrelako lekualdaketa bat erabakitzen dute, haien etekinak handituko dituztelakoan. Lantegiak gizarte pobreagoetara eramaten dituzte, batez ere hango langileriaren soldatak eta lan munduko legedia mesedegarriagoak baitzaizkie.
Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza
Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan, ibaien isurialdeekin bat datozen bi gune bereizten ditugu:
Gune Atlantikoa: Iparraldeko Isurialdea
Isurialde honetan klima ozeanikoa dago, lurzoruaren kalitatea ez da oso ona eta erliebea malkartsua da. Hemen jende gutxi bizi da nekazaritzatik. Populazio mota nagusia sakabanatua izan da, eta lurren ustiapena baserriaren inguruan antolatu dute. Paisaia tipikoa bocage delakoaren antzekoa da. Gune honetan lurjabetza txikiak eta erliebe zaila mekanizazioaren kontrako faktoreak izan dira.
Ekoizpen intentsiboa barazkietan eta esnearen ekoizpenean espezializatua dago. Abeltzaintzan ardi-azienda nagusia da. Eskulan gutxi behar denez, basogintzaren garapen handia dago, errentagarriak diren espezie batzuetan oinarritua; adibidez, insignis pinua.
Gune Mediterraneoa: Hegoaldeko Isurialdea
Lurralde hau bestelakoa da. Erliebea nekazaritzarako egokiagoa da gune atlantikoan baino, lurzoruak hobeak dira eta klima lehortuz doa. Industrializazioa geroago hasi zenez eta erliebe hobeari esker, nekazaritzatik bizi direnak gehiago dira. Populazio kontzentratuagoa dago; Arabako erdialdean herri txikietan bildua, Errioxan herri handiagoetan. Paisaia tipikoa openfield delakoaren antzekoa da. Modernizazio tekniko handia egoteaz gain, espezializazioa areagotu da. Gune honetan idorreko lurrak eta ureztapenekoak bereiztea komeni da:
Igorreko Lurrak
- Ugarienak belar-laborantzak dira, batez ere laboreak (zerealak). Laboreak bazka- eta olio-landareekin (adibidez, koltza) txandakatzen dira gaur egun.
- Gune mediterraneoan mahastien azalera handitu da azken urteotan.
Ureztapeneko Lurrak
- Arabako Lautadan ureztapen-sistemak asko zabaldu dira. Honetatik onura handiena atera dutenak patata eta ustiapen industrialak izan dira.
Espainiako Nekazaritza eta Abeltzaintza
Espainian era askotako klima eta lurzoruak daudenez, autonomia erkidego batetik bestera aldaketa nabarmenak daude.
Idorreko Lurrak
Idorreko lur estentsiboak penintsulako barrualdean daude, batik bat:
- Laboreak dira lursail gehienak hartzen dituztenak.
- Lekadunen ekoizpenak behera egin du.
Idorreko zuhaiztiek gora egin dute; olibondorik gehienak hegoaldean, Andaluzia aldean daude. Iddorreko zuhaixketan mahatsondoak dira ugarienak eta ia eskualde guztietan lantzen dira. Espainia munduko ardo-ekoizlerik handienetakoa da.
Nekazaritza-Gune Ureztatuak
Espainiako nekazaritza klimak baldintzatzen du. Eremu batzuk pribilegiatuak dira. Lurralde ureztatuak intentsiboki gehien aprobetxatzen direnak dira. Ureztatze-teknikek Mediterraneo aldean eta Kanarietan aurrera egin dute asko:
Ureztatze Intentsiboa
Barazki- eta frutazaintza Espainiako nekazaritza mota lehiakorrena da, eta nekazaritza-ekoizpenaren erdia da.
Ureztatze Estentsiboa
Produktu semiestentsibo batzuk eta laborantza industrialak daude talde honetan.
Abeltzaintza
Luzaroan abeltzaintzak nekazaritza osatu du. Europar Batasunean abeltzaintzaren pisua handiagoa da Espainian baino; Espainian laborantza da jarduera nagusia. Bi abeltzaintza-sistema daude:
Abeltzaintza Estentsiboa
Ingurune naturalarekin lotuta dagoena. Ohikoena iparraldeko lur hezeetan, hegoaldeko larreetan eta barrualdeko uztondo eta lur landugabeetan.
Abeltzaintza Intentsiboa
Abereek ez dute ingurune naturalekin harremanik eta ikuiluan edukitzen dira. Txerriak eta hegaztiak hazteko modu tipikoa da.
Katalunia eta Madrilgo abeltzaintza intentsiboa eta oso aurreratua da. Penintsulako barrualdean haragitarako bideratzen diren ardi- eta abelgorri-aziendak dira nagusiak. Txerri-aziendak garrantzi handia du penintsulako mendebalde eta hego-mendebaldeko lurretan. Orain arte azaldu ditugun ezaugarri gehienak gune mediterraneoarekin erlazionatuta daude.
Gune Atlantikoan eta Mendialdeetan
Gune hauetan jabetza tipikoa minifundioa da, eta nekazaritza intentsiboa. Iparraldeko erkidegoetan esnea ekoizteko erabiltzen diren abereak oso tipikoak dira. Esnea ekoizteko jarduera intentsiboa eta haragia ekoizteko estentsiboa izaten da. Lurralde hauetan, gune mediterraneoan tipikoa ez den hirugarren jarduera bat dago: basogintza. Basogintza honek garrantzi ekonomikoa du. Hosto erorkorreko basoak eta hosto iraunkorrekoak ere ustiatzen dira.
Landa Gunea eta Nekazaritza Paisaiak
Nekazaritza-inguruetan bi habitat mota nagusi bereizten dira: barreiatua (sakabanatua) eta kontzentratua. Biak tartekatuta egotea ere posible da.
Habitat Kontzentratua
Etxebizitzak taldekatuta daude, eta handik herriko kanpoaldean dauden nekazaritza-lurretara mugitzen dira.
Habitat Sakabanatua
Etxeak banatuta daude, eta haien nekazaritza-lurrak ondoan dituzte.
Habitat Tartekatua
Lurraldea era misto batean betetzen da; gune taldekatu bat edo zenbait gune nagusi taldekatu daude, eta inguruetako lurrak era barreiatu batean ere populatzen dira.
Lautadako guneetan populazio kontzentratua ohikoagoa da, eta lurralde malkartsu eta menditsuetan sakabanatua.
Nekazaritza Paisaiak
Gizakion jarduerek ingurumenean egindako aldaketen emaitza den paisaia da, zeinean zenbait laborantza-sistema eta populazio mota ikusten diren. Bi paisaia mota nagusi bereizten dira: bocage paisaia eta openfield paisaia.
Bocage Paisaia
Zuhaixka edo zuhaitz lerroek eta harrizko horma txikiek mugatutako lursail txiki eta irregularrez osaturiko nekazaritza-paisaia da. Landa-etxeak sakabanaturik izaten dira paisaia honetan. Europa atlantikoaren inguruan maiz agertzen den nekazaritza-paisaia da.
Openfield Paisaia
Paisaia eta landa mota bat da, zeinean lursailak hesirik gabeko eremu handietan banatzen diren, baso-eremu handirik gabe. Bereziki lautadetan agertzen den paisaia da, eta zentralizatutako herria izaten da dagokion gizarte-egitura. Euskal Herrian, Arabako Lautadan eta Nafarroako hegoaldean daude openfield motako paisaiak.
Euskal Herriko Nekazaritza-Guneen Populazioa
Euskal nekazaritza-guneen antolamenduan klimak eragin handia du. Oso ohikoak dira eremu itxiz eratutako guneak eta habitat sakabanatua. Baserrietan etxeak eraikitzeko harri eta zura asko erabili dira, eta eraikinak hainbat solairutan antolatu dira. Beheko solairua abereentzat erabili zen. Hezetasuna saihesteko, lehenengo solairuan zegoen etxebizitza, eta goikoan ganbara.
- Ia Bizkaia osoan, Gipuzkoan, Nafarroako iparraldean eta Ipar Euskal Herrian habitat nagusia ibar eta mendietan sakabanatua izan da, eta zenbait bailaratan kontzentratutako gune txikiak. Horrelako populazioa baratzeak, fruta-arbolak eta basoak ustiatzeko egokiena da.
- Arabako eta Nafarroako erdialdean eta Bizkaiko Enkarterri aldean nekazaritza eta abeltzaintza nahasteko aproposak diren herri txikiak dira.
- Arabako Errioxan eta Nafarroako Erriberan erliebea lauagoa da, eta produktu mediterraneoak lantzen dira.
Nekazaritza-Ustiapena eta Motak
Nekazaritza-Ustiapena
Nekazaritzan jarduteko antolatzen den unitate tekniko-ekonomikoa da. Haien tamainaren arabera latifundioak eta minifundioak bereizten dira. Ustiapen-motaren arabera intentsiboak edo estentsiboak izan daitezke.
Nekazaritza Motak
Nekazaritza Estentsiboa
Naturari bere lana egiten uzten zaio gehiago. Dauden natur baliabideen arabera egiten da lan. Etekinak hektarea bakoitzeko ez dira oso handiak. Lursail zabaletan eta jende gutxi duten lekuetan egiten den jarduera da.
Nekazaritza Intentsiboa
Lan asko egiten da horrelako lursailetan. Baliabide artifizial gehiagoren erabilera eskatzen du. Lursail hori ahalik eta hobekien ustiatzea da helburua. Normalean minifundioekin eta polilaborantzarekin erlazionatuta egoten da.
Monolaborantza eta Polilaborantza
- Monolaborantza: Azalera zabaletan landare-espezie bakar bat ekoiztean datzan nekazaritza da. Nekazaritza estentsiboan ohikoa da.
- Polilaborantza: Azalera berean zenbait landare-mota ekoiztean datzan nekazaritza da. Nekazaritza intentsiboarekin lotu ohi da.