Espainiako errepide-sarea: egitura erradiala eta desorekak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Geografía
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,81 KB
Espainiar Estatuko errepide mota nagusiak islatzen dituen mapa komentatu behar dugu. Probintzia guztien muga administratiboez gain, kolore eta lodiera ezberdinak bereizita, autobide, autobia eta errepide garrantzitsuenak zehaztuta daude. Errepidea, egun, pertsonen zein gaien garraiorako erabiltzen den modalitate nagusia da. Trenak ere, azken hamarkadetan, garrantzia galdu du automobillen aurrean. Garraio-sistema egoki batek irisgarritasuna bermatzeaz gain, saturatuta dauden eskualdeak arintzen ditu.
Egitura erradiala eta zeharkako ardatzak
Espainiako errepide-sareak diseinu erradiala du. Erdigunea Madrilen dago, eta bertatik Europarekin komunikatzen duten errepideak ateratzen dira (6 errepide nazional dira, garrantzitsuenak N-1 Madril-Irun, Frantziara, eta N-2 Madril-Bartzelona-Frantzia). Eredu hori Estatuaren ikuskera zentralistari dagokio. Gaur egun, egitura erradialari eusten zaio, baina zeharkako ardatz batzuk gehitu zaizkio, hala nola, Kantauriko Erlaitzekoa, Ebroko eta Mediterraneoko korridoreak. Errepideak eraikitzea erkidegoen zein estatuaren eskumena da. Laurogeiko hamarkada erdialdetik aurrera, lan handiak egin ziren sarea modernizatzeko.
Estatuko eta erkidegoetako errepideak
Estatuak Red de Interés General del Estado du oinarrizko atal: 26.000 km ditu, eta %30 autobia edo autobideak dira. Nukleo nagusiak lotzen ditu eta nazioartearekin harremanetan jartzen du herrialdea. Baina desoreka handiak aurki daitezke lurralde eta erkidego desberdinen artean. Erkidego autonomoek 72.000 km kudeatzen dituzte, eta diputazioek 70.000 km. Espainiako garraio-sarea oso irregularra da ikuspegi geografiko batetik. Dentsitate handienak demografikoki eta ekonomikoki garapen handiena bizi duten inguruetan topatuko ditugu, industria- eta turismo-gune nagusietan (Madril, Zaragoza, Bartzelona, Euskadi).
PEIT eta PITVI planak
Gainera, PEIT eta PITVI planen bitartez, Estatuak eta erkidego autonomoek ahalmen handiko 5.600 km eraikiko dituzte, probintzia orotako hiriburuak autobia batekiko lotura izan dezaten, gutxienez, 2024. urterako. Bestetik, bukatu gabe dauden ardatz nagusi batzuk ere burutu nahi dira lan hauekin. Mugikortasuna erraztu nahi da, finean, zirkulazioaren hazkundearen prebisioari erantzunez. Nabarmena da, gaur egun, lurralde bateko errepide-sarearen eta lurralde horrek duen bilakaera sozioekonomikoaren arteko lotura.
Europar Batasunaren garraio-politikak
Ondorioz, Europar Batasunaren garraio-politiken helburua da, batetik, kide diren herrialdeen arteko loturak sendotzea, eta, bestetik, herrialde guztietan garraio-azpiegitura eraginkor bat lortzea. Egia da politika horrek Europarekiko lotura berriak dakartzala. Frantziarekiko lehorreko komunikazioa Pirinioek zailtzen dute; egia da, ordea, azpiegitura handiek ingurumenarentzat kalte handia eragiten dutela.