Espainiako erliebearen ezaugarriak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Geología
Escrito el en vasco con un tamaño de 8,46 KB
Espainiako erliebea
Mapa hau gai jakin bati buruzkoa da, non fenomeno geografiko zehatz bat kartografiatzen den. Kualitatiboak izan daitezke banaketa bakarrik erakusten dutenean, edo kuantitatiboak, irudikatutako fenomenoaren kopurua ere erakusten dutenean. Hemen, Espainiako erliebe unitate nagusiak ageri dira.
Legendaren arabera, kolore berde argiz, zokalo hertziniarra edo Mendigune Hesperiarra adierazten da; marrekin, zokaloko bloke gaztedunak; arroz kolorez, bitarteko erako mendikate tolestuak; hori argiz, goi-lautadako sakonuneak; hori ilunez, goi-lautadako sakonune periferikoak; berde ilunez, alpetar mendikateetako gune zaharrak; gorriz, goi-lautadako kanpoaldeko mendikate alpetarrak eta, azkenik, urdinez, sumendi-aldeak.
Espainia, Europan neurri ertaina duen herrialdea da, eta Ipar hemisferioko inguru epelean dago. Iberiar penintsulako lurraldeak, azalerarik handiena hartzen duenak, artxipielago mediterraneoa – Balear uharteak–; artxipielago atlantikoa – Kanariar uharteak–; lurraldeak Afrika iparraldean -Ceuta eta Melilla-, eta haitz eta uhartetxo batzuk ditu.
Iberiar penintsulako lurraldea bi kontinenteren artean dago, Europa eta Afrika, eta bi ur-masaren artean, Ozeano Atlantikoa eta Mediterraneo itsasoa. Horren eraginez, bidegurutze bikoitza du; bidegurutze naturala, jatorri desberdineko aire-masen artean (horren eraginez, klima, ur, landaredia eta lurzoruen dibertsitate handia du), eta bidegurutze geopolitikoa, Europatik, Afrikatik, Mediterraneotik eta Atlantikotik datozen herri eta zibilizazioen artean.
Iberiar penintsulako erliebeak oinarrizko hiru ezaugarri ditu: forma trinkoa; batez besteko altitude handia (660 m); eta mendi-erliebearen posizio periferikoa, goi-lautadaren inguruan jarrita, itsasoaren eragina gelditzen du eta kontraste handiak eragiten ditu Iberiar penintsulako kostaldearen eta barrualdearen artean.
Iberiar penintsulan, erliebe kontinentaleko unitate morfoestruktural handiak daude: zokaloak, mendigune zaharrak, tolestura-mendikateak eta arro sedimentarioak edo sakonuneak. Iberiar penintsulako erliebea goi-lautadaren inguruan antolatzen da. Lur garaien inguruan dago, eta Mendikate Zentralak bi sektoretan banatzen du: ipar eta hego goi-lautadak. Azken hori apur bat gorabeheratsua da, Toledoko Mendiak bertan daude eta. Goi-lautadaren inguruan mendiak (Galiziako mendigunea, Kantabriar mendikatea eta Sierra Morena) eta kanpoko bi sakonune (Ebroren eta Guadalquivirren sakonuneak) daude, eta horien inguruan, aldi berean, mendikateak (Pirinioak, Kataluniako Kostaldeko mendikatea eta Mendikate Betikoak).
Goi-lautada
Goi-lautada, gutxi gorabehera, 600-800 metroko altitudeko lautada garaia da. Aro primarioan sortu zen eta aro tertziarioan, goi-lautadaren zati bat deformatu eta suntsitu egin zen, eta, beraz, barruan hiru unitate bereiz daitezke: antzinako zokalo paleozoikoa, barruko mendilerroak eta barruko arro sedimentarioak.
- a) Antzinako zokalo paleozoikoa Iberiar penintsularen mendebaldean bakarrik dago agerian gaur egun.
- b) Goi-lautadaren barruko mendilerroak Mendikate Zentrala eta Toledoko mendiak dira. Aro tertziarioan sortu ziren, goi-lautadako zokaloko bloke batzuk altxatzean.
- Mendikate Zentrala garaiagoa da, eta goi-lautada erditik zatitzen du. Mendilerro aipagarrienak Somosierra, Guadarrama, Gredos, Peña de Francia eta Gata dira.
- Toledoko mendiak baxuagoak dira, eta hego goi-lautada bitan zatitzen dute, Tajoren eta Guadianaren arroak bereiziz. Mendilerrorik garrantzitsuena Guadalupe da.
- c) Goi-lautadaren barruko arro sedimentarioak ipar eta hego goi-lautadetakoak dira. Aro tertziarioan sortu ziren, goi-lautadako zokaloaren blokeak hondoratzean.
- Ipar goi-lautadako arroa garaiagoa da. Uniformeagoa da, guztia arro hidrografiko bakarrean dagoelako (Duero arroa), eta ia osorik mendiek inguratzen dute.
- Hego goi-lautadatako arroa baxuagoa da; erdialdean Toledoko mendiak ditu, eta horiek bi arro hidrografiko sortzen dituzte (Tajo eta Guadiana); Ozeano Atlantikora irekita dago.
Goi-lautadaren inguruko mendiak
Aro tertziarioan eratu ziren.
- a) Galizia eta Leoneko mendiguneak altuera txikiko mendi biribilduak ditu, eta horiek faila ugarik mozten dituzte. Mendilerro aipagarrienak Segundera, Cabrera eta Los Ancares dira.
- b) Kantabriar mendikateak bi sektore ditu, ondo bereizita:
- Mendebaldeko sektorea, Asturiaseko mendigunea
- Mendikatearen ekialdeko sektorea, Kantabriar mendikatea
- c) Iberiar mendikatea mendikate ertzaina da eta bi sektore bereizten dira:
- Iparraldeko herenean, IM-HE norabidean, mendikateko altuerarik handienak daude. Mendilerrorik aipagarrienak Demanda eta Moncayo dira.
- Soriaren hego-ekialdetik, Iberiar mendikatea bi adarretan zatitzen da: barruko adarra edo Gaztelakoa eta kanpoko adarra edo Aragoikoa. Bien artean, fosa tektonikoa dago.
- d) Sierra Morena ez da mendikatea berez, goi-lautada eta Guadalquivir harana banatzen dituen maila bortitza baino.
Goi-lautadaren kanpoko sakonuneak
Ebro eta Guadalquivir ibaienak dira. Aro tertziarioan sortu ziren eta forma triangeluarrekoa daukate.
- a) Ebroren sakonunea Pirinioen paraleloa da. Pirinioak, Iberiar mendikateak eta Kataluniako Kostaldeko mendikateak ixten dute.
- b) Guadalquivirren sakonunea Mendikate Betikoen paraleloa da, eta horien, Sierra Morenaren eta Ozeano Atlantikoaren artean dago.
Goi-lautadaren kanpoko mendikateak
Aro tertziarioko alpetar orogenesian sortu ziren. Kareharrizko materialak dira nagusi.
- a) Pirinioek egitura konplexua dute:
- Ardatza edo alde axiala. Material paleozoikoek osatzen dute, eta erliebe malkartsua du. Mendikateko altuerarik handienak bertan daude (Monte Perdido).
- Pirinioaurreak alde axialaren hegoaldean daude. Kareharriek osatzen dute, eta alde axialeko erliebea baino leunagoa eta baxuagoa dute.
- Erdiko sakonunea, margak osatutako sakonune luze eta estua da. Pirinioaurreko barruko eta kanpoko mendilerroak bereizten ditu.
- b) Euskal mendiak, zatirik handienean, Pirinioaurrearen luzapena dira. Beraz, kareharrizkoak dira, forma leunak dituzte, eta altuera ertainekoak dira. Altuerarik handienak Aralar eta Gorbeia dira.
- c) Kataluniako kostaldeko mendikatea Pirinioen ekialdeko aldearen aldaketa da. Biak failen bidez daude bananduta, eta, horien eraginez, inguru sumenditsua sortu da.
- Mendikatearen iparraldeko erdia material paleozoikoek osatzen dute, Kataluniako eta Balearretako hertziniar mendigune zaharraren aztarnak, alpetar orogenesian altxatu zirenak.
- Mendikatea bi lerrokatzean dago zatituta:
- Bata kostaren paraleloa, altuera gutxikoa.
- Bestea barrualdean, garaiagoa (Montseny, Montserrat).
- Bien artean, luzetarako sakonunea.
- d) Mendikate Betikoek egitura konplexua dute:
- Mendikate Penibetikoak kosta inguratzen du. Aro tertziarioan sortu zen. Material paleozoikoak dira, eta, erliebe horretan, Iberiar penintsulako tontorrik garaienak daude Sierra Nevadan: Mulhacen.
- Mendikate Subbetikoa barrualdean dago. Aro tertziarioan sortu zen. Material sekundariokoak dira eta txandaka, gogorrak eta bigunak, kokatzen dira. Mendilerrorik aipagarrienak Grazalema, Ubrique eta Cazorla dira.
- Sakonune intrabetikoa, Mendikate Penibetikoaren eta Betikoaren artean, sakonune txikitan dago zatituta.
Uharteetako erliebea
- a) Balear artxipielagoa. Geologiari begira, Mediterraneo inguruko bi alpetar mendikateen arteko kate-maila dira:
- Mallorca, Eivissa eta Formentera Mendikate Subbetikotik azaleratutako zatiak dira.
- Menorca, Kataluniako kostaldeko mendikatearekin dago lotuta.
- b) Kanariar artxipielagoa. Sumendi-jatorrikoa da. Aro tertziarioan sortu ziren, alpetar orogenesiak Ozeano Atlantikoaren hondoa apurtu zutenean; hausturetatik harri bolkanikoen masa handiek gora egin zuten, eta horietatik uharteak sortu ziren.
Penintsulako erliebea aro geologiko desberdinetan finkatutako, higatutako edo tolestutako material desberdinetako harri edo geruzez osatuta dago. Material geologiko horrek mende askotan bilakaera luzea jasan zuen, eta bilakaera horren ondorioz, gaur egun penintsula dugun erliebea osatu zen. Horrez gain, iberiar penintsulako historia geologikoan erliebearen eraketa baldintzatu zuen zenbait fenomeno geografiko gertatu zen.