Espainiako Erliebea eta Egitura Geologiko-Politikoak

Geología8,26 KB

Erakunde Politiko eta Geopolitikoak

Europar Batasuna (EB)

Estatuz gaindiko europar erakundea da. Maastrichteko Itunarekin eratu zen 1993an, ordura arte EEEa osatzen zuten 12 estatukideek batasun maila handiagoa lortzeko akordioak sinatzean. Europar Batasunaren helburua batasun ekonomikoa ez ezik, estatukideen arteko batasun politiko, juridiko eta soziala lortzea ere bada, eta, aldi berean, bere mugak Europako beste estatu batzuetara ere hedatzea, kontinentearen batasun bidean. Gaur egun 28 estatuk osatzen dute.

Erkidego Autonomoa

Espainiak lurralde antolaketa deszentralizatua eta autonomikoa du. Erkidego Autonomoak Espainiar Estatua osatzen duten lurralde desberdinak dira, eta gobernu ahalmena dute arlo politiko, ekonomiko, sozial, kultural eta legegintzako zenbait eremu zuzenean kudeatzeko. Eskumen hauek Konstituzioaren babesa dute. Gaur egun Espainiar Estatua 17 erkidego eta bi hiri autonomok osatzen dute.

Espainiako Erliebearen Egitura Geografikoa

Kanpoaldeko Mendiak

Mesetatik kanpo kokatzen dira, Alpetar Orogeniarekin eratuak:

  • Euskal Mendiak: Pirinioen eta Kantauri Mendikatearen artean daude.
  • Pirinioak: Espainia eta Frantziaren arteko muga naturala osatzen dute. Hiru unitate bereiz daitezke:
    1. Ardatza
    2. Erdiko Sakonunea
    3. Aurrepirinioak
  • Kataluniako Mendikatea: Kostaren paraleloan doazen bi mendilerro dira, bitarteko sakonune batez bereiztuak.
  • Mendikate Betikoa: Penintsularen hegoaldean, Gibraltarretik Alacanteraino luzatzen da. Bi unitate bereizten dira: Mendikate Azpibetikoa (barnealdean) eta Penibetikoa (kostaldean).

Meseta Aldea

Penintsularen erdialdean dago eta parterik zaharrena da. Aro Primarioan sortu zen Hertziniar Orogenesiaren ondorioz. Aro Sekundarioan higadura eta sedimentazioa nagusitu ziren, hasierako orografia penilautada bihurtuz. Aro Tertziarioan Alpetar Orogeniak erdialdetik kraskatu eta erdibanatu zuen. Aro Kuaternarioan gaurko modelatua hartu du.

  • Erdialdeko Mendikatea: Pico del Moro Almanzor eta Peñalara dira tontorrik garaienak.
  • Ipar Azpi Meseta: Dueroren arroa. 800 metro inguruko garaierako goi-lautada da. Mendebaldeko eta ekialdeko lautada sedimentarioek osatzen dute.
  • Hego Azpi Meseta: 700 metro inguruko garaierako goi-lautada da. Tajoren arroa, Toledoko Mendiak eta Guadianaren arroak osatzen dute.

Meseta Inguruko Mendiak

Mesetaren ertzean daude eta Alpetar Orogeniarekin eratu ziren:

  • Galizia eta Leoneko Mendigunea: Mesetaren ipar-mendebaldeko ertza kraskatu eta altxatzean sortu zen.
  • Kantabriar Mendikatea: Bi zati ditu: Asturiaseko Mendigunea eta Kantabriar Mendigunea.
  • Iberiar Mendikatea: Mesetaren itsasertzean jalkitako sedimentuak tolestean sortu zen.
  • Sierra Morena: Mesetaren hegoaldeko ertzean altxatu eta kraskatu zen faila erraldoia da.

Bitarteko Sakonuneak

Ebroren Sakonunea eta Guadalquivirren Sakonunea. Alpetar Orogeniarekin beherantz tolestu ziren eta itsasora irekita gelditu ziren. Ondoren, irteerak itxi egin zitzaizkien eta aintzira handi bihurtu ziren. Azkenik, sedimentazioaren ondorioz azaleratu eta lautada bihurtu dira.

Uhartediak

Penintsulatik kanpo bi uhartedi nagusi daude, Aro Tertziarioan eratuak:

  • Balearrak: Egitura aldetik Mendikate Betikoaren luzapena dira. Mallorcako Tramuntana mendizerra eta Puig Mayor tontorra dira garaienak.
  • Kanariarrak: Afrikaren ipar-mendebaldean daude, Marokoren kostaldetik hurbil. Sumendi jatorrizkoak dira (sumendi konoak, galdarak eta laba lur ilunak). Espainiako tontorrik garaiena Tenerifen dago: Teide.

Eremu Geologikoak eta Modelatuak

Silizesko Eremua

Jatorria

Kanbriaurreko eta Lehen Aroko harri zaharrez osaturik dago. Bertan silikato mineralak dituzten harriak dira nagusi.

Hedapena

Silizesko eremua penintsularen mendebaldean zehar hedatzen da, Aro Primarioan Hertziniar Orogenesiak jasotako Hesperiar Mendigunean, hain zuzen ere, honen ekialdean ibai nagusiak dituzten lautada sedimentarioetan izan ezik.

Erliebearen Modelatua

Granitoa da inguru honetako harri nagusia. Era desberdinetan alteratu edo aldatzen da eta erliebe modelatu bereiziak sortzen ditu:

  • Urak kimikoki eta sakon alteratzen du, granito harriak deskonposatuz.
  • Granitoa arrailduren edo diaklasen eraginez alteratzen da. Forma ezberdinak hartzen ditu altueraren arabera:
    • Goi-mendietan: Ura arrailduretatik iragazten da eta izoztean bolumena handitu eta harriak apurtu egiten ditu.
    • Garaiera txikiagoko lekuetan: Modelatu forma desberdinak sortzen dira diaklasen kokapenaren arabera.

Kareharrizko Eremua

Jatorria

Aro Sekundarioan, glaziazioarteetako aldietan, itsaspean pilatu eta Alpetar Orogeniarekin tolestu ziren sedimentuz osatuta dago (kaltzio karbonatoa duten harriak dira).

Hedapena

Kareharrizko eremua penintsularen ekialdean nagusitzen da.

Erliebearen Modelatua

Eremu honetako erliebea geologikoki gaztea da eta kontraste handiko modelatua du, mendilerro garaiekin eta haran sakonekin material bigunen guneetan. Eremu honetan modelatu karstikoa nagusitzen da eta erliebe forma tipikoak lapiatzak eta dolinak dira.

Buztinezko Eremua

Jatorria

Aro Tertziarioaren amaieran eta Kuaternarioan jalkitako sedimentazio material bigunez osaturik dago.

Hedapena

Ebro eta Guadalquivirreko sakonune sedimentatu eta lauetan zehar hedatzen da, baita Mesetaren ekialdeko arro sedimentarioetan ere.

Erliebearen Modelatua

Buztina erraz higatzen da material biguna delako. Horregatik, bi erliebe mota sortzen dira:

  1. Modelatu tabularra edo horizontala: Lautada zabal irekiekin nagusitzen da, paramoak, muino lekukoak eta muinoaurrekoak agertzen diren material edo harri gogorragoez osaturiko estratuetan.
  2. Higadura handiko paisaia (Badlands): Inguru lehor eta beroetan (landaretza urriarekin, adibidez Ebroren Sakonunearen erdiko aldean edo Almeria aldean), euriek higadura handia eragiten dute, lubakiz eta menditxoz osaturiko paisaia bitxia sortuz, badlands deritzana.

Egitura Geologiko Nagusiak

Mendigune Zaharrak

Geologikoki mendigunerik antzinakoenak dira. Primarioan, Hertziniar Orogenesiak eratu zuen zokaloa Alpetar Orogeniak berriz altxatzearen ondorioz sortuak dira. Beraz, silizedun eremua osatzen dute.

Gaur egun, mendigune horiek itxura biribildua dute tontor lauekin, higadura handiko inguruak baitira. Penintsulan, Mendigune Zaharrak Mazizo Hesperiarraren inguruan aurkitzen dira (Meseta edo goi-ordokiaren barruko aldean zein ertzean). Goi-ordokitik aparte, Pirinioetako Ardatza ere mendigune zaharra da.

Arro Sedimentarioak

Aro Tertziarioan Alpetar Orogeniarekin sorturiko sakonune eta inguru hondoratuak dira. Sedimentuz bete ondoren, gaur egun erliebe horizontalak edo apur bat inklinatuak dira. Beraz, buztin eremuak dira nagusiki.

Bi motatako harri sedimentarioak bereiz daitezke:

  • Goi-ordokia den zokalo zaharrean Alpetar Orogeniaren presioen eraginez hondoratzean sortutakoak.
  • Kanpoaldeko Sakonuneak (Sakonune Aurrealpetarrak ere deituak): Ebro eta Guadalquivirrenak.

Tolestura Mendikateak

Aro Tertziarioko Alpetar Orogenesiarekin sortutako goragune edo mendiak dira. Aro Sekundarioan itsasoan jalkitako material sedimentarioak tolestean sortu ziren. Materiala, beraz, kareharria da. Mendi gazteak dira, aldapa handi eta forma zorrotz eta malkartsuekin, higadurak ez dituelako oraindik askorik leundu.

Penintsulan bi motatako tolestura mendikate bereiz daitezke:

  • Goi-ordokiaren inguruko tolestura mendikateak: Mazizo Hesperiarra deritzan zokaloaren ertzetan, itsaspean jalkitako materialak tolestean sortu ziren.
  • Kanpoaldeko mendikateak: Zokalotik kanpo, itsaspeko geosinklinal edo fosa luze eta sakonetan jalkitako materialak tolestean sortu ziren.

Descargar

PDF Word HTML