Espainiako eta EAEko Biztanleria: Banaketa eta Lurralde Desorekak

Enviado por julen y clasificado en Geografía

Escrito el en vasco con un tamaño de 7,32 KB

1. Biztanleria banaketa eta lurraldez lurraldeko desorekak Espainian

Ezaugarri nagusiak: Jaiotza-tasa oso txikia, bizi-itxaropen handia, migrazio-balantze positiboa (emigrazioa gelditu delako eta immigrante ugari jaso direlako), hazkundearen berraktibazioa eta egitura zahartu eta tertziarizatua.

Banaketaren ezaugarriak

Espainiako efektibo demografikoak 2008an 46,0 milioi pertsonakoak ziren. Horrek banaketa espaziala aztertzeko aukera ematen du, biztanle-dentsitatea kalkulatuz.

Formula:

D = Biztanleria / Azalera (km2) = Bizt./km2

Espainiako biztanle-dentsitateak gora egin du, eta 2008an 91,1 bizt./km2 zen. Europako batez bestekoa (110 bizt./km2) baino txikiagoa da. Hala ere, batez besteko balio horrek desoreka espazial garrantzitsuak ezkutatzen ditu.

  • Dentsitate handiko inguruak: Madrilen, Iberiar penintsularen periferian, Balearretan, Kanarietan, Ceutan eta Melillan daude.
  • Dentsitate txikiko inguruak: Iberiar penintsularen barrualdean daude, eta zifrarik txikienak mendi-inguru batzuei dagozkie.

Banaketa azaltzen duten faktoreak

Industria aurreko aldia

Ekonomiaren oinarria nekazaritza zen, eta faktore naturalek pisu handia zuten. Hori dela eta, dentsitate handienak erliebe lau eta negu leuneko kostaldeetan zeuden (batez ere Mediterraneo itsasoan), eta txikienak Iberiar penintsularen barrualdeko ordoki garaietan, negu hotz-hotzak zituzten eta. Hala ere, giza faktoreek ere eragina zuten. XVI. mendean, Amerika aurkitzeak Gaztelari oparotasun ekonomiko handia eman zion, eta Iberiar penintsularen barruan biztanle gehien zituen ingurua bihurtu zen. XVIII. mendean egoerak buelta eman zuen: dentsitate handienak kostako eta uharteetako inguruetan zeuden, itsas merkataritza oparoari esker; eta dentsitate txikienak Iberiar penintsularen barrualdean zeuden.

Industria aldia (XIX. mendearen erdialdea - 1975)

XIX. mendearen erdialdea eta 1975. urtea bitartean, faktore naturalek garrantzia galdu zuten eta biztanleriaren banaketan kontrasteak sendotu eta areagotu egin ziren. Madrilek (Estatuko hiriburua eta finantza-gunea) eta periferiako eskualdeek pisua irabazi zuten, batzuetan berezko hazkundearen eraginez eta beste kasu batzuetan biztanleria erakarri zuten jarduera ekonomikoak ezarri zirelako, hala nola industria (Asturiasen, EAEn eta Katalunian) eta turismoa (Mediterraneoko kostan eta uharteetan). Barrualdeko eskualdeek pisu demografikoa galtzen jarraitu zuten.

Industria osteko aldia (1975etik aurrera)

1975eko krisitik aurrera, kontrasteak leundu egin ziren. Krisiak industrializazio-inguruneen erakarpena murriztu zuen. Krisiaren ostean, hauek dira gaur egungo garapen-faktoreak: zerbitzuen lehentasuna, industriaren banaketa espaziala, nekazaritza teknifikatua eta garapen endogenoa, atzerriko immigrazio handiagoarekin batera. Hori dela eta, Madrileko eta Mediterraneoko eta Ebroko ardatzak sendotu egin dira, baina, era berean, deskontzentrazio demografikoaren eta ekonomikoaren prozesuak sustatzen dira, eta horrek oreka handiagoa ematen du.

Lurralde-desorekak biztanleriaren berezko mugimenduan

Gaur egun, autonomia-erkidego guztiek jaiotza-tasa, heriotza-tasa eta berezko hazkundearen tasa txikiak dituzte. Hala ere, zenbait kontraste daude adinaren araberako egituraren eraginez. Egitura hori heredatutako arrazoien eta gaur egungo arrazoien araberakoa da.

Heredatutako arrazoiak: Migrazioek eragindakoak dira. Horrek gazteengan du eragina, eta emigrazio-eskualdeak zahartzea eta immigrazio-eskualdeak gaztetzea eragiten du.

Espainian, migrazioak 1950 eta 1975 bitartean gertatu ziren nagusiki, barrualdeko nekazaritza-eskualdeetatik periferiako eta Madrileko ingurune hiritar eta industrialetara. 1975eko krisiak migrazio horiek geldiarazi eta eskualde astinduenetan jaiotza-tasa hondoratu zuten.

Gaur egungo arrazoiak: Immigrazioak biztanle gazteak gehitzea eta jaiotza-tasak gora egitea eragiten du.

  • Dinamismo demografiko handiena duten autonomia-erkidegoak: Jaiotza-tasa handiagoak, heriotza-tasa txikiagoak eta berezko hazkunde handiagoa dituzte.
    • Egitura demografiko gazteagoa dute, jaiotzen aldeko jokabide tradizionala egon delako (Andaluzia, Murtzia eta Ceuta eta Melilla), iraganean immigrazio-foku izan direlako (Madril, Katalunia, Valentziako Erkidegoa, Balearrak) edo 1990eko hamarkadatik atzerriko immigrazio handia jaso dutelako (guztiak).
  • Gainbehera demografikoan dauden autonomia-erkidegoak: Jaiotza-tasa txikiagoak, heriotza-tasa handiagoak eta berezko hazkunde txikiagoa dute, negatiboa kasu askotan.
    • Egitura demografiko zahartua dute, iraganean emigrazio handia jasan dutelako (Galizia eta Iberiar penintsularen barrualdeko erkidegoak); 1975eko krisiak eragin luzea izan duelako (Bizkaiko golkoaren inguruko industria-tradizioko eskualdeak), eta gaur egun atzerriko immigrazio txikiagoa dutelako.

2. Biztanleriaren banaketa eta lurraldez lurraldeko desorekak EAEn

Euskal Autonomia Erkidegoan Espainiako biztanle guztien % 4,63 bizi da.

Biztanleriaren banaketa EAEn

Biztanle-dentsitatea (307,5 bizt./km2) handia da, Espainiako batez bestekoa (92,94 bizt./km2) baino hiru aldiz handiagoa. Dena den, probintzien artean desberdintasun handiak daude: dentsitate handienak Bizkaiko eta Gipuzkoako kosta-espazioetan daude, eta neurri txikiagoan, Araban. Horien barruan, hiri-industria nukleo handietan, XIX. mendearen erdialdetik 1975era arte immigrazio indartsuaren foku izan baitziren. Dentsitate txikienak landa-inguruneetan daude, batez ere hegoaldeko mendi-inguruetan.

  • Bizkaian euskal biztanleriaren erdia baino apur bat gehiago bizi da (% 52,98). Dentsitate handienak Bilbo Handiaren inguruan daude (2.466 bizt./km2). Biztanle asko pilatzen dira Portugaleten, Sestaon, Getxon eta Basaurin. Bizkaiko gainerako lurraldean ez dago dentsitate handirik, Durangaldean eta Gernika-Bermeo inguruan izan ezik.
  • Gipuzkoan euskal biztanleriaren % 32,46 bizi da. Dentsitate handienak Donostialdean daude (1.049 bizt./km2). Gainerako lurraldean, biztanleriaren banaketa orekatuagoa da. Gipuzkoako eskualde guztietan 100 bizt./km2 baino gehiago daude, biztanleria haranaren beheko aldean pilatzen delako.
  • Araban EAEko biztanleriaren % 14,56 bizi da. Biztanleen % 75,0 Vitoria-Gasteizen pilatzen da (847 bizt./km2). Dentsitate txikienak Arabar Errioxan, Gorbeia inguruan eta Arabako gainerako haran eta mendietan daude. Gainerako lurraldean udalerriek bolumen demografiko txikia dute, Bilbo Handiarekin lotura duen Laudio/Llodio herria izan ezik.

Biztanleriaren banaketak aldaketa garrantzitsuak izan ditu azken urteetan. Biztanleria 30.000 eta 100.000 biztanle bitarteko nukleoetan pilatzen den arren, 5.000 biztanletik beherako udalerrietan demografia gora egiten ari da hiri-deskontzentrazioko prozesuaren emaitza gisa. Modu horretan, hiru hiriburuek biztanleak inguruko udalerrietara transferitu dituzte.

Entradas relacionadas: