Espainiako Biztanleriaren Banaketa: Garaiak eta Faktoreak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Geografía
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,86 KB
Industriaurreko Garaia
XIX. mendearen erdialdera arte, ekonomiaren ardatza nekazaritza zenez, naturarekin lotutako faktoreek pisu handia izan zuten biztanleriaren banaketan. Horrenbestez, dentsitate handieneko eremuak hauek ziren: erliebe lau eta altitude txikikoak, klima epelak eta oso berokoak, eta itsasotik edo ibaitik hurbilekoak. Eremuok Levanteko kosta, Atlantikoko haranak, penintsularen barrualdeko ibai-haranak eta Balearrak izan ziren.
Giza faktoreek ere eragina zuten, batik bat egoera ekonomikoak, eremu dinamikoenetara erakartzen baitzuen biztanleria. Hala, XVI. mendean, Amerikaren aurkikuntzak oparotasun handia ekarri zion Gaztelari, eta lurralde hori penintsulako jendetsuena bihurtu zen. XVII. mendean, krisi ekonomiko eta demografikoak, Gaztelako lurretan luzeagoa izan baitzen, periferiako migrazioak eragin zituen, han itsas merkataritza oparoa garatzen ari baitzen. Ondorioz, XVIII. mendean egoera irauli egin zen.
Industrializazio Garaia
XIX. mendearen eta 1975eko krisiaren artean, ekonomia industriala eta hiritarra finkatu zen, eta, beraz, naturarekin lotutako faktoreek indarra galdu zuten.
Garai horretan, biztanleriaren banaketan zeuden desberdintasunak areagotu egin ziren.
Garrantzi handiagoa hartu zuten Madrilek eta periferiako eskualdeek, batzuetan hazkunde natural handia izan zutelako eta, beste batzuetan, leku horietan biztanleria erakarri zuten ekonomia-jarduerak ezarri zirelako.
Lehendabizi, industria ezarri zen Asturiasen, Euskadin eta Katalunian, eta, geroago, Ebroko eta Mediterraneoko itsasertzetan eta uharteetan. Ondoren, turismoa garatu zen Mediterraneoko eta uharteetako itsasertzean. Bitartean, barrualdeko eskualdeetan, non nekazaritza eta industria jarduera tradizionalek eta kualifikazio apaleko zerbitzuek pisu handiagoa zuten, dentsitateak txikiak izaten jarraitu zuten, estatuko eta nazioarteko eremu dinamikoetarako emigrazioa zela kausa.
Garai Postindustriala
1975eko krisiaz geroztik, biztanleriaren banaketan dauden desorekak arindu edo areagotu dituzten beste faktore batzuk agertu dira. Batetik, 1975eko industria-krisiak industria-eremuetarako barne migrazioak geldotu eta itzulerak ere eragin zituen; eta, bestetik, gaur egun biztanleria eta ekonomia-jarduera batzuk espazioan sakabanatzeko joera dago, eta autonomia-erkidegoek beren lurraldea garatzeko politikak jarri dituzte abian. Desorekak indartu ditu, berriz, garapen-faktore berrien kontzentrazioak: zerbitzu aurreratuak, teknologia eta atzerriko immigrazioa, Madrilen eta Mediterraneoko eta Ebroko ardatzetan are gehiago kontzentratu baitira.
Biztanleria Adinaren Arabera
2016. urteko Espainiako biztanleriaren batez besteko adina 42,96koa zen, gizonezkoentzat 41,68 eta emakumezkoentzat 44,23. Biztanleriaren %15,02k 20 urte baino gutxiago zituen, %60,89k 20 eta 60 urte bitartean, eta azkenik, %24k 60 urtetik gora zituen.