Espainiako Berrezarkuntza (1874-1923): Gakoak eta Krisia
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 8,29 KB
Espainiako Berrezarkuntza (1874-1923)
Testuinguru historikoari begira jarrita, aintzat hartu behar da garai hartako giro politikoa. Gogora ekarri behar da Berrezarkuntza deitu zitzaiola Borboitarren dinastia berrezartzeari eta hura eusteko beharrezko baldintzak sortzeari. Ildo horretatik, komeni da aipatzea noiz hasi zen Borboitarren berrezartzea: hain zuzen, Martínez Camposek 1874ko abenduan eman zuen estatu-kolpearen ondoren eta Alfontso XII.a itzultzean.
Bestalde, Cánovas del Castillok garai hartan egin zuen lana azpimarratu behar da. Hura izan zen erregearen eta erregimenaren aldekorik sutsuena eta Berrezarkuntzaren sortzailerik nagusiena. Horiek horrela, hark finkatu zuen oinarria, bakea eta egonkortasuna berreskuratzeko. Seiurteko Iraultzaileak ekarritako ezegonkortasuna gainditzea izan zuen xede. Hainbestez, Cánovasek eratu zuen Alderdi Alfontsinoa.
Cánovasek berehala hartu zituen neurriak erregimena sendotzeko eta egonkortasuna lortzeko:
- Bakea sinatu zuen, bai Kubako Gerra amaitzeko, bai Hirugarren Gerra Karlista bukatzeko.
- Armadaren buru gorena izendatu zuen erregea, eta hala botere zibilaren menpe jarri zuen armada.
Erregimenaren Zutabe Nagusiak
Erregimena honako zutabe hauetan oinarritu zen:
- 1876ko Konstituzioa
- Monarkia
- Alderdi-bitasuna eta alderdien txandakatzea
- Jauntxokeria
1876ko Konstituzioa: Oinarri Juridikoa
1876ko Konstituzioa Berrezarkuntzaren adierazpen juridikoa izan zen: oinarri nagusia. Ituna zegoen abiapuntuan, eta horrexegatik iraun zuen. Honako helburu nagusi honekin idatzi zen:
- Egonkortasun politikoa lortzea.
- Erregimen monarkiko konstituzionala ezartzea.
Malgua izan behar zuen, eta aginpidea eusten zuten bi alderdi nagusiek onartzeko modukoa.
Erregearen Eskumenak
Oso eskumen zabalak zituen erregeak:
- Botere legegilea
- Botere betearazlea
- Armadako burutza
Gainera, ministroak eta senatariak izenda zitzakeen.
Alderdi-bitasuna eta Alderdi Txandakatzea
Ingalaterratik hartu zen alderdiak txandakatzearen ideia. Ildo horretatik, Cánovasek pentsatu zuen Espainiako Konstituzioa errespetatzen zuten bi alderdiren artean txandakatu behar zela agintea gobernuan. Handikien alderdiak izan ziren biak, burges hautesleek babestutakoak, eta ez zegoen alde handirik haien artean. Honako alderdi hauexek txandakatu ziren gobernuan era baketsuan:
- Alderdi Kontserbadorea: 1875ean eratu zen, eta Cánovasek berak zuzendu zuen. Jabe handiaren, elizaren eta aristokraziaren eskubideen alde egin zuen.
- Alderdi Liberal Fusionista: 1889an eratu zen, eta Práxedes Mateo Sagasta izan zen alderdiko burua. Liberalek neurri progresistagoak eta laikoagoak bideratzen zituzten, eta kontserbadoreek ez zituzten berriro kentzen.
Txandaketaren Mekanismoa eta Ahuleziak
Bi alderdien arteko txandaketa bermatzeko oinarria negoziazioa izan ohi zen: isilpeko ituna egiten zen, eta ondoren hauteskundeak manipulatzen ziren. Aitortu behar da demokraziarik gabeko sistema liberala izan zela. Sistematik at utzi zituen, bai beste alderdi politikoak (karlistak, errepublikanoak eta nazionalistak), bai herri klaseetako zatirik nagusienak. Era horretan jokatuta bukatu ziren Isabel II.aren erregealdiko matxinadak, eta lortu zen erregimenak behar zuen egonkortasuna.
Urteak aurrera egin ahala, hautsi egin zen sistemaren oinarri nagusietako bat, alegia, alderdi dinastiazaleen batasuna. Cánovas eta Sagasta hil ondoren, hautagai bat baino gehiago azaldu zen alderdi bakoitzean, eta azkenean banandu egin ziren. Hartara, txanda-sistema zailagoa bihurtu zen, ez baitzegoen gobernua eratzeko eta gobernuari eusteko buruzagi nahiko indartsurik alderdian. Handiagotu egin zen gobernuen ezegonkortasuna.
Jauntxokeria: Iruzurraren Sistema
Berrezarkuntzan, iruzurra eta jauntxokeria ziren sistemaren oinarriak praktikan. Ezin da ahaztu txanda-sistema horrek goitik behera funtzionatzen zuela, eta ez zela sistema demokratikoa izan. Txanda-sistema horretan honako hiru urrats hauek eman behar izaten ziren nahitaez:
- Koroaren babesa jasotzea: Erregeak dei egiten zion gobernuan ez zegoen beste alderdiari aginpidea har zedin.
- Gobernua osatzea: Erregeak oposizioaren buruari eskatzen zion gobernua osa zezala.
- Gorteen babesa eskuratzea: Gorteak desegin, eta hauteskundeetarako deia egiten zen, gobernuak Gorteen babesa behar zuenez gero.
Adierazi behar da hauteskunde-prozesua manipulatuta zegoela, gobernua eratu behar zuen alderdiak gehiengoa lor zezan. Horiek horrela, hauteskundeetako emaitzak manipulatzeko jardunbidea hauxe izan ohi zen:
- Gobernazio Ministerioak lauki-sarea egiten zuen, Estatuaren egitura zentralizatua baliatuta, eta hor idazten zuen barruti bakoitzean parlamentari aterako zenaren izena.
- Probintziako gobernadore zibilak alkateei ematen zien jarraibidea; jauntxoek laguntzen zieten alkateei. Kontuan hartu behar da jauntxoak eragin handiko pertsonak zirela bizi ziren eskualdean, eta era askotako mesedeak jasotzen zituztela, politikariei eskainitako laguntzaren truke: soldadutzatik libratzea, udal lanpostuak eskuratzea, zerga-onurak…
- Ohikoa izan ohi zen, bai hautagaia aukeratzeko aktak manipulatzea, bai aktak faltsutzea, bai botoak erostea, bai indarra erabiltzea hautesleak estutzeko.
Sistema horrek nekazari-eremu atzeratuetan izan zuen indarrik handiena. Jauntxoek ezin izaten zuten hirietako biztanlerik menderatu, ordea. Horrexegatik deitzen zitzaien hiriko botoei benetako botoak. Askotan oposizioaren aldekoak izaten ziren boto horiek, nahiz eta oposizioko alderdien inolako aukerarik eduki ez. Ezin da ahaztu parlamentuko aulkiak kontserbadoreen eta liberalen artean banatu ohi zirela.
Berrezarkuntzaren Krisia eta Amaiera
Erregimen moderatu horrek urte batzuetan iraun zuen, arrazoi bat baino gehiago zela eta: atzerapen ekonomikoa, nekazariek lur-jabeekin zeukaten menpekotasun-harremana, analfabetismoa, herriaren interes falta hauteskundeekin… Baldintza horiek aldatuz joan ziren heinean, gero eta zailagoa izan zen iruzurrean oinarritutako sistema horri eustea. Ekonomiaren hazkuntzari esker, analfabetismoa desagertu zen eta gizartea garatu. Oposizioa gero eta handiagoa zen, eta herritarrek ez zuten onartu nahi iruzur gehiagorik. Hala, alderdiak, batik bat Alderdi Liberala, saiatu ziren jauntxokeriarekin eta iruzurrarekin bukatzen XX. mendearen hasieran, baina porrot egin zuten; interes-sare korapilatsuegia zegoen. Ezintasun horrek ekarri zuen, hain zuzen ere, Berrezarkuntzaren krisia eta desagerpena.
Ondorioak eta Garrantzia
Bukatzeko, 1876ko Konstituzioaren garrantzia nabarmendu behar da:
- Lehenik, agerian utzi behar da 1876ko Konstituzioa izan zela historia garaikidean denbora gehien indarrean egondako konstituzioa. Egonkortasuna eskaini zion Espainiako Estatuari, gobernu-aldaketa baketsua ahalbidetu baitzuen. Hala ere, muga asko eduki zituen, sistema politiko kontserbadorea ezarri baitzuen. Horren haritik, esan behar da oligarkiaren gutxiengoa egon zela agintean, eta kanpoan utzi zituela garaiko gizarteko eta politikako gizabanako asko. Indar horiek, ostera, antolatzen, hazten eta indartzen joan ziren mendean zehar.
- Bigarrenik, agertu behar da porrot egin zutela alderdi dinastikoek Berrezarkuntza erreformatzeko eta demokratizatzeko egindako ahaleginek. Horrenbestez, areagotu egin zen gizartearen eta sistema politikoaren arteko haustura. Berrezarkuntza krisian sartu zen 1918tik 1923ra, eta militarrak gero eta gehiago nabarmendu ziren. Giro politiko ezegonkor horretan, gehitu egin ziren gizarte-gatazkak eta istiluak.
Primo de Rivera Jeneralak estatu-kolpea eman zuen, eta 1876ko Konstituzioa indargabetu zuen. Hala, erregimen autoritarioa nagusitu zen. Diktadura bukatu ondoren, egoera konstituzionalera itzultzen saiatu zen. Alfontso XIII.ak uko egin zion erregetzari 1931ko apirileko udal hauteskundeetan, eta errepublika aldarrikatu zen. 1931ko Konstituzio Errepublikanoa idatzi zen, eta 1876ko Konstituzioa ordezkatu zuen.