Espainiako Atzerritarren Ehunekoaren Maparen Azterketa (2015)
Enviado por Chuletator online y clasificado en Geografía
Escrito el en
vasco con un tamaño de 6,18 KB
Espainiako Lurraldeetara Etorritako Atzerritarren Ehunekoaren Maparen Iruzkina
Aztergai dugun mapa honek 2015. urtean Espainiako lurraldeetara etorritako atzerritarren kopuruaren ehunekoa irudikatzen du. Mapa honetan aztertu daitekeen eremu geografikoa Iberiar penintsulari dagokio, Espainiari hain zuzen ere. Datu hauek Instituto Nacional de Estadística (INE) webgunetik hartu dira.
Maparen Interpretazioa: Koropleta
Koropleta mapa bat dela esango nuke, koloreak erabiltzen baititu fenomeno geografiko batek hartzen duen ingurua irudikatzeko. Koloreen intentsitatearen arabera adieraziko dira inmigranteen kopuruak:
- Zenbat eta ilunagoa izan, ehuneko proportzioa altuagoa dela adieraziko du.
Kopuru hau, ehunekotan eta zenbaki absolutuetan adierazita ageri da.
Espainia Inmigrazio-Herrialde Gisa (1995-2015)
1995etik aurrera, Espainia inmigrazio-herrialdea da. Migrazioak biztanleriak espazioan egiten dituen mugimenduak dira. Espainiatik kanpo datorren biztanleriari inmigrazioa deritzogu.
Atzerritarren kopurua 1995ean 500.000 pertsona baino gutxiagokoa zen, eta 2015ean 5,2 milioi pertsonatik gora heldu zen. Gehienbat arrazoi ekonomiko eta politikoengatik etortzen dira.
Inmigranteen Helmuga Nagusiak
Immigranteen jomuga nagusia, hirigune nagusiak eta zerbitzugune handiak dituzten autonomia-erkidegoak dira. Adibidez:
- Valentziako Erkidegoa: %20,06
- Murtzia: %18,68
- Madril: %18,84
- Katalunia: %17,55
- Errioxa: %15,91
- Balear Uharteak: %26,19
- Kanariar Uharteak: %15,77
Hala ere, oraintsu, eskualde horietako lan-merkatua oso saturatuta dagoenez, migrazioak gertatu dira barrualdeko (Gaztela-Mantxa -%11,11-) eta Bizkaiko golkoaren inguruko autonomia-erkidegoetarantz (EAE, Nafarroa…), mapan argi ageri den bezala.
Inmigrazio-Erakarpenaren Arrazoiak
Inmigrazio-erakarpen horren arrazoiak askotarikoak izan dira:
Faktore Ekonomikoak eta Legeak
1995. urtetik aurrera, eragin handia izan zuen eskulan-premiak, oparotasun ekonomikoak bultzatua, batez ere prestakuntza txikiko lanetan. Gainera, inmigranteak erakarri zituzten hainbat neurri hartu ziren; esaterako, bizileku-baimenik gabeko pertsonen erregularizazioak eta familia-biltzeak.
Faktore Geografikoak eta Historikoak
Espainia Afrikatik gertu egoteagatik, afrikar inmigranteak sartzeko ate nagusia da. Latinoamerikarekin dauden lotura historiko eta kulturalaren eraginez inguru horretatik jende asko iristen da, eta klima mediterraneo gozoak Europako erdialde eta iparraldeko pertsonak erakartzen ditu.
Arrazoi Politikoak
Atzerriko inmigranteen kasuan, eragin izan zuten zenbait arrazoi ekonomikok (lan- eta lengoaia-aukerak) eta politikoek (eskubide-gabezia). Adibidez, egoera ekonomiko eta politiko latzean aurkitzen diren Afrikarren etorrerak ugariak dira Ceuta eta Melillako eskualdeetan, kokapen geografikoarengatik, nahiz eta mapan ez azaldu.
Inmigranteen Profila
Inmigranteen profila aldakorra da, haien jatorriaren arabera:
Europako Inmigranteak
Europar Batasunetik heldu dira batez ere. Bizi-maila ertain-altuko erretiratuak dira. Gehienbat klima egokia estimatzen dutenak edo lan hobea lortzeko aukeren bila etorritako helduak izaten dira.
Ez-Europako Inmigranteak
Erkidegoz kanpoko inmigranteak gazteak izaten dira, Afrika (Maroko), Iberoamerikatik (Ekuador, Kolonbia, Bolivia) eta Asiatik etorritakoak. Arrazoi ekonomiko eta politikoengatik joaten dira Espainiara, eta kualifikazio baxuko lanak egiten dituzte.
Inmigrazioaren Ondorioak
Inmigrazioen ondorioak hiru taldetan bana ditzakegu: ondorio demografikoak, ondorio ekonomikoak eta gizarte-ondorioak.
Ondorio Demografikoak
Immigranteen ekarpenari esker, Espainiako hazkunde demografikoan modu erabakigarrian lagundu dute azken urteetan, eta horri esker, beherakada demografikoa saihestu da.
Ondorio Ekonomikoak
Bi ondorio nagusi aurkitzen ditugu:
- Inmigrazioak biztanleria aktiboa ugaritzen du. Biztanleria talde honek lan gogor eta okerrago ordaindutakoa egiten du; BPGaren hazkundea bultzatzen du, hezkuntzak eta osasunak kontsumitzen duten dirua baino gehiago ematen dute, eta pentsioetan dagoen gastu handiaren zama arintzen dute.
- Inmigrazioa zenbait arazorekin lotzen da, adibidez, soldaten gaineko presioa, kanpo-defizita, estatu batek dituen zorrak handitzea, eta lehiakortasun-galerak.
Gizarte Ondorioak
Lehenengo ondorioa jarrera xenofobo, atzerritarrei gorrotoa eta arrazistak sortzea izan da. Jarrera horrek baieztatzen du arraza gizabanakoen ezaugarriak baldintzatu edo determinatzen dituela. Immigrazioa inbasio gisa hartzen dute, esaten dute kaltean gizarte-baliabideak kontsumitzen dituela eta identitate nazionala mehatxatzen duela.
Immigrante askok Espainiako biztanleriak betetzen ez dituen kualifikazio baxuko lanetan jarduten dute, beraz, esan daiteke lan baldintza oso gogorrak eta bizi baldintza kaskarra dituztela, auzo marjinal eta kalitate eskaseko etxebizitzatan. Hori dela eta, hainbat delitu eta bide txarreko bizimoduak leporatzen zaizkie.
Gainera, integratzeko zailtasunak izan ditzakete, tira-birak egon daitezkeelako, bai kultura, bai hizkuntza, bai erlijioaren arloko aldeak direla eta.
Ondorio Orokorrak eta Etorkizuna
Hala eta guztiz ere, mapa honetan ikusi dezakegunez, Espainiak atzerritarren kopuru handiagoa duten beste leku batzuk daude (Frantzia, Alemania).
Guzti honekin, ondoriozta dezakegu Espainiara etorritako atzerritarrek aldaketak eragin dituztela populazioan. Ez bakarrik populazioaren ehunekoan, gizarte aldaketak ere ekarri ditu: kultura, erlijioa eta ohitura berriak sortu dira penintsulan.
Etorkizunari begiratuz gero, atzerriko inmigrazioa aurreikustea oso zaila da, baina Espainiaren egoera ekonomikoaren bilakaerak eta immigranteen sorlekuetako herrialdeetako aldaketek eta inmigrazio-jomuga berriak agertzeak baldintzatuko dute.