Errusiako Iraultza eta Sobietar Batasunaren sorrera
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 14,88 KB
Errusiako Iraultza: Testuingurua
XX. mendearen hasieran, Errusia herrialde atzeratua zen ekonomikoki, sozialki eta politikoki; erabat inmobilista zen.
Errusia XX. mende hasieran
- Ekonomia: Errusian nekazaritza zen jarduera nagusia. Lurrak aristokraziaren eta lurjabe aberats gutxi batzuenak ziren, eta nekazariek sistema oso zaharkituak erabiliz lantzen zituzten. Industriaren eragina oso txikia zen. Apenas zegoen ekimen pribaturik, burgesiaren presentzia oso eskasa zelako.
- Gizartea: Populazioaren gehiengoa nekazaria zen (120 milioi biztanletik 100 milioi). Haien baldintzak ez ziren batere onak: 1861. urtera arte morrontza desagertu zen. Aristokraziako kideek pribilegio handiak mantendu zituzten. Lurjabe handiak ziren eta errenta handia jasotzen zuten. Horri esker, bizi-modu oso erosoa zuten.
- Politika: Monarkia absolutu teokratikoa zen, non botere guztia tsarren eskuetan zegoen. Aristokrazia, Eliza eta Armada zituen babes nagusi.
Nikolas II.a eta oposizio politikoa
1894an Nikolas II.ak eskuratu zuen agintea. Ordura arteko botere-eredua mantendu zuen, baina industria-hazkundearekin batera sortutako indar sozial berriak aldaketa sakonak eskatzen hasi ziren gero eta toki gehiagotan. Ondorioz, gizartearen eskakizunak areagotu egin ziren eta sistema politiko osoaren aldaketa eskatzen hasi ziren.
Mugimendu hau zuzentzeko alderdi politiko desberdinak sortu ziren:
- Alderdi Konstituzional Demokratikoak (Kadeteak): Monarkia konstituzionala eskatzen zuten.
- Alderdi Sozial Iraultzailea (eseristak): Nekazarien alderdia zen.
- Alderdi Sozial Demokrata (SD): Europako alderdi sozialisten ildoan, Marxen teoriak jarraitzen zituen. Alderdi hau bitan banatua zegoen:
- Boltxebikeak (erradikalak): Sistema burgesiarekin elkarlanean aritzeari uko egiten zioten eta proletarioen diktadura ezartzearen alde egiten zuten.
- Mentxebikeak (moderatuak): Erregimen liberal batekin lan egitearen aldekoak ziren, sozialismoa lortzeko bidean.
1905eko Iraultza
Eskaera- edo protesta-giroa areagotu egin zen 1904-1905 inguruan, errusiarrek Japoniaren aurkako gerra galdu ondoren.
Japoniak eta Errusiak Asia ekialdeko muturrean (Mantxuria, Korea) nagusitasuna inposatu nahi zuten, eta gatazka honek gerrara eraman zituen. Errusiak pentsatzen zuen irabazi egingo zuela ospe handiarekin, baina ez zen horrela izan; Japoniak irabazi egin zuen.
Gerraren galerak aldaketa nahiak areagotu zituen. 1905eko urtarrilaren 9an, San Petersburgon, milaka eta milaka langile, nekazari, emakume eta haur tsarren Neguko Jauregira hurbildu ziren. Tsarrari hainbat eskaera egin nahi zizkioten: bizi-baldintzak hobetzea eta oinarrizko aldaketa politikoak bultzatzea. Ez zuten tsarismoa desagertzeko eskatzen, baizik eta sistema hobetzea. Armadak manifestazioa bortizki desegin zuen, ehunka hildako utziz. Egun honek Igande Odoltsua izena jaso zuen.
Gertakari honen erantzun moduan, sindikatu eta elkarteetako agintariak asanbladan elkartu ziren (sobietak) eta greba orokorra deitu zuten.
Erreforma saiakerak eta porrota
Protesta guzti hauek ikusita, tsarrak aldaketa batzuk onartu zituen:
- Botere absolutuari uko egin zion.
- Gizaki eskubideak onartu zituen.
- Duma indarrean jarri zuen.
Erreformen porrota:
1905ean aldaketa batzuk onartu bazituen ere, 1906 eta 1914 urteen artean tsarrak atzera egin zuen erabaki haietan. Tsarrak eta nobleziak ez zuten demokratizazioan sinesten, eta liberalak konformatu egin ziren 1905eko aldaketekin. Aldiz, buruzagi sindikal eta sozialistak jazarriak izan ziren. 1917ra bitartean, Nikolas II.ak, praktikan, botere absolutua izan zuen, ondo ez zetorkionean Duma desegin egiten baitzuen. 10 urte inguruz bake politikoa bizi izan zuen Errusiak.
Lehen Mundu Gerra eta 1917ko Iraultza
1914an Errusia Lehen Mundu Gerran sartu zen Entente Hirukoitzarekin, Alemania eta Austria-Hungariaren aurka. Armada errusiarra gerrara ondo prestatu gabe joan zenez, segituan hasi ziren porrotak jasotzen; ondorioz, soldadu asko eta lurralde asko galdu zituzten. Egoera honetan, protestak areagotu egin ziren. Jauregiko presio taldearen erantzunak errepresioa eta gerraren jarraipena izan ziren. Tsarrarenganako fedea behera hasita zegoen.
Otsaileko Iraultza
1917ko otsailaren 23an, inork zuzenean antolatu gabeko manifestazio bat egin zen San Petersburgon, ogia eta bakea eskatzeko. Otsailaren 25ean greba orokorra egin zen, eta langile mugimenduak bere indarra erakutsi zuen. 26an, kuarteletan soldaduak matxinatu eta manifestariei tiro egiteari utzi zioten. Martxoaren 3an, Nikolas II.a tsarrak abdikatu egin zuen, ez zuelako zer eginik. Hori ikusita, Errusia errepublika bilakatu zen.
Hurrengo egunean, sobieten presioaren ondorioz, behin-behineko gobernu bat osatu zen liberalekin. Gobernuaren buru Lvov printzea izan zen, eta ministroetako bat Kerensky (San Petersburgoko sobieteko lehendakariordea). Helburua mendebaldeko moduko erregimen demokratiko moderatu bat eraikitzea zen (askatasun batzuk onartu, sufragio unibertsala ezarri).
Denak, ordea, ez zeuden ados. Behin-behineko gobernuak Lehen Mundu Gerrarekin jarraitzea erabaki zuen. Egoera honek boltxebikeak indartu zituen, eta Apirileko Tesietan alderdiaren helburuak finkatu zituen:
- Gerra errefusatu.
- Lurrak banatzea.
- Sobietei boterea eman.
- Autonomia nazionalitateentzat.
Petrogradoko altxamendua gaizki irten zenez, Lenin Errusiako ospa egin behar izan zuen.
Urriko Iraultza
Urriaren hasieran, Leninek azken erasoa prestatu zuen. 24ko gauean, boltxebikeek Petrogradoko gunerik garrantzitsuenak hartu zituzten, eta hurrengo goizean Neguko Jauregia hartu zuten. Lenin izendatu zuten gobernu buru berri. Hauek izan ziren lehen neurriak:
- Nekazari txikiei lurrak banatu zitzaizkien, lurjabeei kalterik ordaindu gabe.
- Brest-Litovskeko Ituna sinatu zen. Leninen ustez, bakea beharrezkoa zen iraultzak bizirik iraun ahal izateko.
- Inperio barneko herriei autodeterminaziorako eskubidea.
- Jabetza pribatua kendu.
Azaroaren 25ean Dumarako hauteskundeak egin ziren. Boltxebikeek botoen %25 soilik lortu zutenez, Leninek parlamentua desegitea erabaki zuen. Egoera honek tentsioak eragin zituen sobietetan, boltxebikeek haien kontrola erabat eskuratu arte. Oro har, boltxebikeek zailtasunak izan zituzten marxismoaren ideiak Errusian aplikatzerako orduan; izan ere, marxismoa herrialde industrializatuetarako pentsatuta zegoen, eta Errusia oraindik atzeratuta zegoen alderdi horretan.
Gerra Zibila (1918-1920) eta Gerrako Komunismoa
Aurrez esan bezala, errusiar guztiak ez zeuden boltxebikeak boterean egotearen alde. Honek Gerra Zibila eragin zuen 1918ko udaberrian.
- Armada Gorria: Boltxebikeak, oso ondo definituta eta antolatuta zeudenak. Trotski zen buru.
- Armada Zuria: Tsarren aldekoak, otsaileko erregimenaren aldekoak eta Urriko Iraultzatik haserre atera zirenak.
Armada Zuriak atzerriko zenbait herrialderen laguntza jaso zuen (Frantzia, Ingalaterra, AEB, Japonia). Izan ere, hainbat herrialdek beldur zuten iraultza zabalduko ote zen, eta baita Errusiako inperioa desegiteak botere-orekan eragingo ote zuen ere.
Atzerritar hauen laguntza 1919an amaitu zen, eta orduan Armada Gorriak erraz menderatu zuen gerra 1920an.
1922an Errusiak bere mugak berreskuratu zituen.
Gerrako Komunismoa
Boltxebikeek eredu ekonomikoa ahalik eta azkarren aldatu nahi zuten. Horretaz gain, gerrak egoera zail batean jarri zituen ekonomikoki. Guzti hau kontuan hartuta, gobernuak Gerrako Komunismoa ezarri zuen martxan. Neurri hauek hartu zituen:
- Kapitalismoa baztertu eta enpresa eta lur pribatuak Estatuaren kontrolpean ezarri zituen.
- Aleen konfiskazioa soldaduak eta hiriak hornitzeko.
Neurri hauen emaitzak ez ziren batere onak izan; ez zuten lortu egoerari buelta ematea. Nekazaritza-produkzioak behera egin zuen, kaosa zabaldu zen industrian, merkatu beltza sortu zen eta gosea nagusitu zen.
Bestalde, urte hauetan erabaki politikoen zentralizazioa hasi zen Alderdiaren buruzagitzan.
Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren Eraikuntza (SESB)
Gerra Zibila amaitu ondoren eta komunisten boterea bermatuta, iraultza jatorrietara itzultzen saiatu zen. 1921 eta 1928 bitartean, Errusiako Iraultzak urterik eraginkorrenak bizi izan zituen eta aurkako aukerak bateratzen ahalegindu zen.
NEP (Ekonomia Politika Berria)
1921ean, Alderdi Komunistak Gerrako Komunismoa alde batera uztea erabaki zuen. Gerra Zibilaren kostuek indize ekonomiko larriak eragin zituzten. Bizi-mailak nabarmen egin zuen behera eta protesta sozialak sortu ziren.
Egoera honi buelta emateko prestatu zuen Leninek NEP deiturikoa. Bere ustez, kapitalismoaren eta komunismoaren arteko sistema misto hau trantsizio garai bat besterik ez zen, ekonomiak normaltasuna berreskura zezan. Kapitalismo mugatu bat ezartzea ekarri zuen, kontrolatua, ekonomia berreskuratu zedin.
Gerrako Komunismo garaiko aleen konfiskazioak ezabatu ziren. Nekazariak libre ziren, komeni zitzaien moduan lantzen zuten lurra eta saltzen zuten ekoizpena. Hori bai, ekoizpen horren %10 Estatuari eman behar izan zioten.
Barne merkataritza liberalizatu zen eta enpresa txiki eta ertainen jabetza pribatua baimendu zen. Aldiz, garraiobideak, kanpo merkataritza, banka eta enpresa handiak Estatuaren kontrolpean geratu ziren.
NEPak lortu zuen bere helburu nagusia betetzea, eta sobietar ekonomiaren egoerak nabarmen egin zuen hobera. Hobekuntza nabarienak nekazaritza munduan nabaritu ziren; ekoizpenaren hazkundeari esker, gosearekin amaitzea lortu zen. Oro har, sobietarren bizi-mailak hobera egin zuen, eta irabaziak beste arlo batzuetan inbertitzeko aukera zeukan Estatuak.
Dena, ordea, ez zen positiboa izan aldaketa honetan. Hazkunde ekonomiko honi esker, zenbait jabe pribatu aberastu egin ziren eta berriro ere burgesia agertu zen herrialdean. Alderdi barruan denak ez zeuden ados egoera honekin.
Estatu Eredu Berria
1923an Errusiak Konstituzio berria eta izen berria onartu zituen: Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna (SESB), proletarioen diktaduraren erregimenarekin.
Tsarraren Errusia inperio multietniko, multikultural eta eleanitza zen. Agintetik, ordea, zentralizazioa bultzatzen zen errusiar eredurantz. Komunistek egoera hau aldatu zuten, eta 1923ko Konstituzioaren arabera, Sobietar Batasuna honako herri hauez osatuta geratu zen: Errusiako Errepublika, Transkaukasikoa (Georgia, Azerbaijan, Armenia), Ukraina...
Egitura federal horrek teorian errepubliken autogobernua kontuan hartzen zuen, nahiz eta Moskuren nagusitasuna mantentzen zen. Baina Stalinen garaian amaitu egin zen nazionalitateekiko errespetua, eta zentralizazio prozesuak areagotu ziren. Stalinek, tsarismoak bezala, errusiartzea inposatu zuen.
Alderdi bakarrak agintzen zuen (PCUS), eta gainontzeko guztiak legez kanpo utzi zituzten. Botere legegilea Sobiet Gorena zen.
Egitura politikoa honakoa zen:
- Botere legegilea: Sobiet Gorena.
- Sobiet Gorenak Presidiuma aukeratzen zuen.
- Presidiumak Herri Komisarioen Kontseilua aukeratzen zuen.
Azkenean diktadura bat ezarri zen. 1924an Lenin hil egin zen, eta alderdiaren buruzagitza Troika izeneko talde baten eskuetan geratu zen. Troika Stalinek osatzen zuen, eta botere gehiago irabazten joan zen, Trotski kanporatu arte.
Stalinen Garaia (1929-1953)
Leninen heriotzaren ostean, Alderdi Komunistaren barruan bi korronte ziren nagusi. Batetik, Trotskiren aldekoak zeuden; iraultza etengabean sinesten zuen eta komunismoa mundura zabaldu behar zela defendatzen zuen. Stalinek, aldiz, komunismoa SESB barruan finkatu behar zela defendatzen zuen eta alderdian diziplina zorrotza jartzearen aldekoa zen. Azkenean, Stalinek alderdi barruko oposizioa desegin zuen eta 1929tik aurrera diktadura pertsonalista ezarri zuen.
Politika: Diktadura Estalinista
Stalinen diktaduraren ezaugarriak:
- Buruzagia goratzea: Stalin jainko bat bezala goratzen zuten, propaganda eginez.
- Zentralismo burokratikoa: 1936an Konstituzio berri bat idatzi zen, eta bertan zehazten zen derrigorrezkoa zela Alderdi Komunistako kide izatea kargu politiko eta administratiboak betetzeko.
- Izua eta errepresioa: Ideia desberdinak isilarazteko bidea izan zen. NKVDk atxilotutako disidente asko Siberiako kontzentrazio-esparruetara eraman zituzten (Gulag), derrigorrezko lan gogorrak burutzera. Herritarrak haien artean salatzen hasi ziren, aurkari politikoei hiltzeko kanpaina sortu zen eta azkenean 3 milioi pertsonek bizia galdu zuten.
Ekonomia: Planifikazioa eta Kolektibizazioa
1928an NEP baztertu eta ekonomian beste eredu bat ezarri zuten martxan, zentralizazioa eta planifikazioa oinarri hartuta.
Estatuak kontrolatuko zituen sektore ekonomiko guztiak, eta berak erabakiko zuen nola antolatuko ziren bai industria, bai nekazaritza ere.
Planifikazioa Bost Urteko Planen bidez egin zen, eta Gosplan izeneko erakundea arduratzen zen lan horretaz. Helburu nagusiak hauek ziren:
- SESB atzerapen ekonomikotik ateratzea.
- Industrian potentzia bilakatzea.
- Nekazaritza eta arlo militarrean autosufizientzia lortzea.
Dena barne merkatuan zentratzen zen; ez zegoen atzerriarekin salerosketarik.
Nekazaritzaren Kolektibizazioa
Kolektibizazioek jabetza sozialisten bi eredu sortu zituzten:
- Kolkhoz: Estatuak gertutik kontrolatzen zituen jabetza kolektiboko granjak.
- Sovkhoz: Estatuaren granjak, soldatapeko langileak zituztenak.
Batzuetan zein besteetan makinen eta teknika berrien erabilera bultzatu zen, ekoizpena handitzeko asmoz. Nekazarien bizi-mailak ikaragarri egin zuen okerrera, ez baitziren esperotako etekinak lortu.
Industriaren Sozializazioa
Lehen Bost Urteko Planaren helburu nagusienetako bat jabetza pribatua desagertzea izan zen; ia industria guztia Estatuaren esku geratu zen. Industriaren etekinak industrian bertan inbertitzen ziren, sektorea handitzeko.
Produktibitatea handitu asmoz, propaganda erabili zuen Estatuak langileak lan gehiago egitera animatzeko. Lehen hiru Bost Urteko Planen ondoren, emaitzak ikusgarriak ziren SESBen: mundu mailan potentzia izatera iritsi zen hainbat sektoretan, hirugarren industria potentzia bihurtu zen.
Sobietarren bizi-maila orokorrean nahiko baxua izan zen garai guzti honetan eta 1991 arte. Egoera honen ondorioz, merkatu beltza sortu zen.
Laburbilduz, esan genezake industrian oro har helburuak bete zirela, baina nekazaritzan ez.