Errusiako Iraultza eta Sobietar Batasunaren Hasiera
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 10,69 KB
Errusiako Iraultza eta Sobietar Batasunaren Gakoak
Hona hemen Errusiako Iraultza eta Sobietar Batasunaren hasierako aldiari buruzko kontzeptu garrantzitsuenak:
Gerrako Komunismoa
Errusian, 1918 eta 1921 urteen arteko Gerra Zibilean ezarritako sistema ekonomiko eta politikoa izan zen. Gatazkekin batera sortu zen, eta estatuak ekonomia erabat kontrolatzea zuen helburu, sektore guztietan produktibitatea ahalik eta gehiena areagotzeko. Horretarako, neurri guztiz zorrotzak aplikatu behar izan ziren, hala nola nahitaezko lana inposatzea, industria militarizatzea eta elikagaiak errazionatzea.
III. Internazionala
1919an Leninek sortu zuen, internazionalismo proletarioa sustatzeko. Errusiako Alderdi Komunistaren kontrolpean zegoen, eta komunismo iraultzailea inposatzea eta sozialismo erreformista baztertzea helburu zituen. Egoitza Moskun finkatu zen, eta bere inguruan komunisten eta sozialisten arteko banaketa gertatu zen.
Leninen Ondorengotza
Sobietar Batasunean, 1924an Lenin hil zenean, haren ondorengotza lortzeko borroka hasi zen. Bi pertsonen arteko borroka izan zen: Trotsky eta Stalin. Trotskyk iraultza iraunkorra defendatzen zuen eta Armada Gorriaren sortzailea izan zen. Stalin, berriz, burokrata zen eta herrialde bakarreko sozialismoaren aldekoa. Azkenean, Stalin atera zen garaile, eta totalitarismoz gidatu zuen herrialdea.
Iraultza Iraunkorra
Errusiar Iraultzaren garaian martxan jarritako joera politikoa izan zen. Trotskyk defendatu zuen iraultza, SESBtik kanpora esportatzearen aldekoa zen. Indarkeria erabiltzearen aldekoa zen. Leninen ondorengotzaren borrokan ere agertzen da. Horrek herrialde guztietan etengabeko iraultzak eragingo zituen. Azkenean, Stalinen pentsamendua ezarri zen.
Igande Odoltsua eta 1905-1917ko Iraultzak
Igande Odoltsua: San Petersburgon apaiz ortodoxoek gidatutako manifestazioa izan zen, Tsarrari hobekuntza politiko-sozialak eskatzeko. Gogor zapaldu zen (200.000 pertsona inguru zeuden). Ondorioz, Tsarraren babesa galdu zen eta iraultza baten hazia erein zen.
Igande Odoltsuaren ondoren, 1905etik 1917ra bitarteko aldia, Iraultza Boltxebikera artekoa, hasi zen. Igande Odoltsuaren istiluen ondoren, beste matxinada batzuk zabaldu ziren. Horien artean, Potemkin korazatuaren matxinada nabarmendu zen.
Tsarrak Urriko Manifestua argitaratu zuen, erreforma politiko mugatuak proposatuz. Hala ere, oposiziorako ez zen nahikoa izan, eta langileak sobieten bitartez antolatu ziren. Langileen kontseiluak (sobietak) nabarmendu ziren, batez ere Trotskyrena. Sobietez gain, Kronstadteko marinelen matxinadak eta nekazarien grebak ere gertatu ziren.
1906an, Nikolas II.ak azken erreformak egin zituen: Duma “sortu” zuen eta nekazaritza erreforma bat abiatu zuen, baina porrot egin zuten.
Estalinismoaren Garaiko Neurriak
1936ko Konstituzioa
Sobietar Errepubliken Batasunean, 1936an onartu zuten, Estalinismoaren garaian. Estatu federal moduan berrantolatu zen, antolatzeko lege gorena izan zen. Hala ere, estatu federal baten moduan antolatu zen, eta Sobiet Gorenak bi ganberetan antolatu zen. Egiazko botereak Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistaren eskuetan jarraitu zuen, eta estatua kontrolatzeaz eta hiritarrekiko harremanez arduratzen zen. Azkenean, konstituzioaren bidez mugimendu iraultzailea kendu zen, totalitarismoa ezartzeko.
Purgak
1936 eta 1938 bitartean izan ziren purgarik handienak. Stalinek purgen bidez handitu zuen bere boterea. Haietan, bere lehiakide politikoak desagerrarazi zituen. Kalkulatzen da zenbait milioi pertsona atxilotu, deportatu, lan behartuetara eta heriotzara kondenatu zituztela izumen estalinistaren ondorioz. Purgak amaituta, Molotov, Beria eta Khrustxev Stalinen alboan ipini ziren, eta hil zen arte (1953) eutsi zion hark diktaduraren sistema politikoari.
Errealismo Sozialista
Errealismo sozialista artearen joera ofizial bakarra izan zen. Iraultza, lanaren mundua eta espiritu zibikoa goraipatzen zituen, eta langileen ereduak leialtasunez berregiten zituen, beren eguneroko eginkizunetan aurkeztuz. Erreakzio estetiko bat zen, eta kontra egiten zien “iraultzaren aurreko estilo burgesei”, gutxiengo baten gozamenerako eginak baitziren. 1932. urtetik aurrera, arte honek ordezkatu zuen abangoardiako artisten lana, eta artista haiek kontrairaultzailetzat eta burgestzat hartu zituzten. Haietako askok (Marc Chagallek, esate baterako) erbestera jo behar izan zuten.
Atzerriko Politika Sobietarra
Komunismoa Errusian guztiz finkatu zenean, 1920ko hamarkadan, Sobietar Batasunaren nazioarteko bakarraldia bukatu zen. Alemania ofizialki onartu zuen eta Nazioen Ligan sartu zen (1934), eta Mendebaldeko demokraziekin batera aritu zen faxismoaren kontrako borrokan. Bigarren Mundu Gerra baino lehentxeago, nahiz eta itun germaniar-sobietarra izenpetu, Stalin mendebaldeko aliatuen alde jarri zen.
Iraultza Boltxebikea (1917)
1917an Errusia Lehen Mundu Gerran (LMG) sartuta zegoen, politika kaotikoa eta biztanleriaren egoera sozioekonomiko penagarria zen. Ondorioz, 1917an bi gertakari nagusi izan ziren: Otsailean Tsarra kendu zen, eta Urrian Iraultza Boltxebikea gertatu zen.
Otsaileko Iraultza (1917)
Zenbait greba izan ziren Petrogradon eta Tsarinaren jauregia eraso zuten. Armadak altxamendua ez zuen zapaldu, eta matxinoekin bat egin zuen. Ondorioz, Nikolas II.a Tsarra boteretik kendu zen. Botere bikoitza ezarri zen Errusia gobernatzeko:
- Dumaren Batzorde Betearazlea (Miliukov eta Lvov liberalek gidatua)
- Langileen Sobieta (sozialista guztiak barne)
Bien arteko “zubia” Kerenski mentxebikea izan zen, eta “gobernuburua” Lvov.
Otsailetik Urrira (1917)
- Nikolas II.ak martxoan abdikatu zuen.
- Behin-behineko Gobernuak (Lvov buru zela) hauteskunde konstituziogileak egin nahi zituen, baina ez zuen beharrezko erreforma sozialik egin.
- Horrela, Lenin Errusiara itzuli zen eta Apirileko Tesiak aldarrikatu zituen, hiru gauza defendatuz: Lehen Mundu Gerratik ateratzea, sobietek boterea hartzea eta langileen nazioarteko erakunde berri bat garatzea.
- Behin-behineko Gobernuak arazoei aurre egin behar izan zien: Lehen Mundu Gerrari, mugimendu independentistei eta boltxebikeen oposizioari.
- Aurre egiteko, Lenin erbesteratu eta Trotsky espetxeratu zituzten. Arazoei aurre egin ezinik, Lvovek dimititu zuen eta Kerenskik gobernu berria osatu zuen.
- Horrela, Kornilov jeneralak estatu-kolpea eman zuen Tsarraren alde, baina Armada Gorriari esker porrot egin zuen.
- Azkenean, irailean errepublika aldarrikatu zen, amnistia eman zen (boltxebikeak kartzelatik atera ziren) eta boltxebikeek armada bere kausara erakarri zuten.
Urriko Iraultza (1917)
- Urrian, Lenin Errusiara itzuli zen.
- Trotskyk sobietar mobilizazioa antolatu zuen.
- Urriaren 25ean, Guardia Gorriak eta armadak Petrogrado bereganatu eta Neguko Jauregia eraso eta hartu zuten (Aurora korazatuaren laguntzarekin).
- Ondorioz, Kerenskik ihes egin zuen eta behin-behineko gobernuko kideak atxilotu zituzten.
- Leninek boterea hartu zuen (Herriko Komisarioen Kontseiluaren izenean).
- Gertaera hauek “Mundua aztoratu zuten 10 egunak” bezala ezagutu ziren.
Leninen Aldia (1917-1924)
Lehen Neurriak
Urriko Dekretuak (1917)
- Bakearen Dekretua: Lehen Mundu Gerratik ateratzeko, Brest-Litovskeko Ituna sinatu zen (Trotskyk negoziatu eta sobieten batzarrak 1918ko martxoan onartu zuen). Ondorioz, lurraldeak galdu ziren (Finlandia, Georgia, etab.).
- Lurraren Dekretua: Lurrak birbanatu ziren (lurjabe handiei kendu eta nekazariei eman zitzaizkien, kolektibizazioa bultzatuz). Hala ere, arazoak eta gosetea izan ziren, eta 1918an lur guztiak estatuaren menpe geratu ziren.
Herriaren Komisarioen Batzordearen beste neurri batzuk: Tituluak eta pribilegioak ezabatu ziren, autodeterminazio eskubidea nazionalitateentzat, soldatak parekatzea eta emakumeen berdintasuna onartzea.
Ekonomia
- Bankuak eta enpresak nazionalizatu ziren, langileen kontrolpean geratu ziren.
- Kanpoko zorra ezabatu zen (atzerriko gobernuekin/enpresekin).
Politika
- Txeka (polizia sekretua) sortu zen, kontrairaultzaileei eta sabotajeei aurre egiteko.
- 1918ko hauteskunde konstituziogileetan mentxebikeek irabazi zuten, eta Leninen dekretuak kendu nahi izan zituzten, baina Guardia Gorriak ez zuen onartu eta boikota egin zuen.
- Sobieten III. Biltzarra bildu zen eta Errusiako Sobietar Errepublika Sozialista Federatiboaren konstituzioa sortu zen.
Errusiako Gerra Zibila (1918-1922)
Iraultzaren lehen uneetako kaosaren ondoriozkoa izan zen.
Blokeak
- Armada Zuria: Indar kontrairaultzaileak ziren, Leninen kontra elkartuak. Zenbait zonaldeetan esku hartu zuten, atzerriko potentzien laguntzarekin (ekonomikoa eta tropak bidaliz: AEB, Japonia, Frantzia eta Erresuma Batua, komunismoaren hedapenaren beldur).
- Armada Gorria: Boltxebikeek osatua (boluntarioak, nekazariak, langileak...). 1918an sortu zen eta Trotskyk antolatu zuen. Diziplina zorrotza zuen, 3 milioi soldadu baino gehiago eta komisario politikoen menpe zegoen. Neurri militarrak eta “izu gorria” hedatu zituen (Tsarra eta bere familia hil zituzten, eta antisobietarrak zapaldu).
Gerrako Faseak
Armada Zuriak hartu zuen aurrea hasieran (liskar gutxi eta ez gogorrak). 1919an, Armada Gorriak hartu zuen aurrea eta Armada Zuria erretiratu zen (Trotskyren armada erreformaren ondoren, hildako asko izan baziren ere). Armada Zuria Krimean baztertuta geratu zen, eta azkenean, Armada Gorriak irabazi zuen 1922an.
Gerraren Ondorioak
- Armada Gorriak Errusiako lurralde guztiak kontrolatu zituen.
- 5 milioi hildako baino gehiago izan ziren.
- Herrialdea guztiz suntsituta geratu zen.