Erromatar Poesia Lirikoa: Katulo eta Horazio
Enviado por Chuletator online y clasificado en Latín
Escrito el en
vasco con un tamaño de 3,77 KB
Poesia Lirikoa Erroman: Jatorria eta Ezaugarriak
Poesia lirikoa, Greziatik ekarritakoa, leku eruditoetan baztertuta zegoen. Izena grekotik dator: Lyros, poetek erabiltzen zuten hari instrumentu bat zen.
Lirika barne-sentimendu eta pentsamenduak adierazteko literatur genero egokiena da. Erabiltzen den adierazpidea bertsoa da.
Nahiko berandu agertzen da Erroman, K.a. II. mendean.
Azpigenero Lirikoak
Azpigenero liriko asko daude, haien artean:
- Elegia: Tonu irmo eta serioa duen poema da, askotariko gaien inguruan hausnarketa eragiteko sortua. I. mendean maitasunezko eta pertsonalak dira. Ovidiorekin elegia mingarria sortuko da.
Katulo (K.a. 84 - K.a. 54)
Zesarrekin harreman zuzena izan zuen familia aberatsekoa zen. Erroman egin zituen ikasketak, baina ez zion ekin ez ohorebideari ez merkataritzari, agian ez zuelako behar.
Bizitza eta Lagunartea
Lagunartea maite zuen, eta bereziki Kornelio Nepote edo beste guztien gainetik Kalvo eta Zina poeta berriak aipatu behar dira bere adiskideen artean. Bere beste zaletasuna maitasuna da, maitemin grinatsua; Klodia da ziurrenik bere poemetako Lesbia.
Poetae Novi Taldea
Poetae novi edo neoteroi taldeko poeta ezagunena da, besteen lanak galdu egin direlako. Gazte hauek erromatar poesia zaharra (Enio) baztertu eta greziarra miresten dute, alexandriarra batik bat. Poema luze eta inpertsonalen ordez, poema labur, landu, sentimenduz eta artez josiak proposatzen dituzte.
Carmina (Poemak)
116 poemaz osatu zuen bere bilduma: Carmina (Poemak). Formaren arabera sailkaturik daude:
- Lan laburrak (nugae), neurri desberdinetakoak.
- Lan luze eta erudituagoak.
- Distiko elegiakotan idatziriko epigramak eta priapeum bat.
Neoterikoen gai guztiak darabiltza: poesia erotikoa, lagunarteko esperientziak, izadiaren deskripzioak, huskeriak, ideia politikoen zabalkundea, satira zorrotza, epitalamioak...
Gai bakoitzarentzat tonu bat eta askotan neurri bat bilatzen du; hexametroak espondaikoak izaten dira askotan alexandriarren eraginez, eta ahapaldi safikoa sartzen du lehenengoz latindar literaturan. Baina sinpletasuna da gehienen ezaugarria, are gairik larrienetan ere.
Horazio (K.a. 65 - K.a. 8)
Aitak, diruduna izan ez arren, Erromara eraman zuen eskolara. Gero Atenasera joan zen filosofia ikastera. Kuestoretzako idazkari gisa egin zuen lan.
Mezenasen Lagunartea
Virgiliok eta Varok eraman zuten Mezenasen lagunarte eta segiziora, eta hor oso ondo kokaturik aurkitzen dugu K.a. 37az geroztik. Mezenasek lurrak eta etxea oparitu zizkion Sabinian eta Augusto aurkeztu zion; honek bere idazkaritzat hartu nahi izan zuen. Landa eta hiriaren artean bizitzen jakin zuen, epikurear gisa bietan aurkitzen zituen atseginez gozatuz, neurritasunez.
Horazioren Lanak
Satira, lirikoa eta epistolografia landu zituen. Lehenengo liburuak gaztaroaren obra tipikoak dira: ausartak, agresiboak, batzuetan krudelak, besteetan lirikoak.
Lan Nagusiak
- Epodi edo Iambi (Epodo edo Janboak): Poema laburren bilduma. Idatzi zuen ospetsuena Beatus ille da.
- Carmina (Odak): Erromatar inportanteei dedikatutako panegirikoak, jainkoei plegariak. Antzinako greziarrek erabiltzen zituzten bertso eta estrofak latinari egokitu zizkion.
Gaiak askotarikoak dira: adiskidetasuna, maitasuna, aisia, poeta izatearen harrotasuna; ardo eta banketeei goraipamenak, eta abar.
Horazio artista fin eta neurrikoaren eredua da, lasaitasunaren eta orekaren iturria, grinarik agertu gabe. Agian horregatik izan da klasikotasunaren jarraibidea, poeta herrikoia izan gabe ere.