Erromatar Poesia Lirikoa eta Elegia
Enviado por Chuletator online y clasificado en Latín
Escrito el en
vasco con un tamaño de 7,88 KB
POESIA LIRIKOA ETA ELEGIA
AURREKARIAK
Erromatar poesia lirikoa antzerkia eta epika ondo finkaturik zeudelarik jaio zen. Poesia lirikoaren aurrekari edo arbaso gisa Carmen Arvale deiturikoa aipa dezakegu. Fratres Arvales deituek errezitatzen zuten, guda-dantza bat eginez eta jainkoari euren uztetarako babesa eskatuz; herria etsaiengandik eta ezbeharretatik aska zezan ere erregutzen zioten.
LIRIKAREN SORKUNTZA ETA KATULOREN ZIRKULUA
K.a. II. mendean erromatarrak, ordura arte kanpora begira bizi zirenak, barne arazoak jasaten hasi ziren, sozio-ekonomikoak gehienbat. Honi, Eszipionen zirkulu humanistaren eragina gehitu behar zaio. Azken finean, indibidualitatea baieztatzen da, izaera erreflexiboa, pertsona bakoitzaren intimitatea... eta guzti hauek poesia lirikoa sor dadin giro egokia ezartzen dute.
MANIERISTAK ETA NEOTERIKOAK
K.a. I. mendean lirikaren garapenerako garrantzitsuagoa den poeta talde bat sortu zen, tradizioz poetae novi edo neoteriko deituak. Eurek hain gustura onartu zuten izen hau, Zizeronek ezarri zien kutsu despektiboaz, erromatar tradizioa alde batera utzi eta bide berriak ikertzen ari zirelako poesia arloan. Poeta hauen lanak poema laburrak baina edertasun eta perfekzio osokoak ziren. Talde honetako ordezkari nagusienak Lizinio Kalvo, Helvio Zinna eta Furio Bibakulo izan ziren, eta guzti hauen gainetik Lutazio Katulo.
KATULO
Valerio Katulo olerkariaren bizitza eta obra oso lotuak daude, bere bizitza bere olerkietan islatzen baita. Grinaz eta pasioz beteriko olerkiak idatzi zituen eta indar handiz maite edo gorrotatzen zuen. Bere nahiak eta gogoak nahi zuen bezala azaltzen zituen, ezertan erreparatu gabe.
Verona hirian jaio zen; bere aita Zesarren laguna izan zen. Tribuno baten arreba eta K. Zezilio kontsularen emaztearekin maitemindu zen, eta hau da olerki gehienetan aurkitzen dugun protagonista.
Bere obra 116 olerkik osatzen dute, laburrena 2 bertsokoa eta luzeena 408koa izanik. Hauen edukia kontuan hartzen badugu, hiru motatako olerkiak aurkitzen ditugu:
Katuloren obraren motak
- Olerki mitologikoak: 63.etik 66.era eta 68. olerkiak dira. Hauetan grekeraz idatzi zuten zenbait olerkari alejandriarren lana imitatzen du. Adibidez: Tetis eta Peleoren ezkontza eta Berenizeren adatsa. Ikerlariek gaztetan eginiko lana dela esaten dute.
- Amodiozko olerkiak: Poema gehienak dira eta ziur aski kalitate handienekoak. Guztiak Lesbiari eskaini zizkion: zoriontasuna, grinak, tirabirak eta harreman honen haustura heldu arte.
- Lagun eta arerioei eskainitako olerkiak: Alde batetik samurtasunez eta umorez lagunei idazten die, eta beste aldetik gorrotoz beteriko olerkiak ere aurkitzen ditugu. Katuloren olerkirik hoberenak amodiozkoak dira eta hauetan oso maila ona lortu zuen.
Erabiltzen duen hizkuntza desberdina da gaiaren arabera: oso hizkuntza naturala olerki labur eta familiarretan, eta zainduagoa beste motatako olerkietan, mitologikoetan kasu. Katulok latindar literaturan bertso mota berriak, lehen olerkari greziarrek erabili zituztenak, sartu zituen eta neurri batean latindar literatura eraberritu zuen.
VIRGILIO ETA BUKOLIKAK
Virgiliok 42-39. urteen bitartean idatzi zuen obra hau. Neoterikoen ondarea jasotzen du, bere ekarpenak ere ezarriz.
Obra hau 10 poemaz osatuta dago, denak artzain giroari lotuta. 3., 7. eta 8.ek artzainen arteko lehia eta gai poetikoei buruz hitz egiten dute. 6.ean Sileno jainkoak munduaren jatorria abesten du. Beste bukolika batzuk, nahiz eta zeharkako eran, gertakizun eta pertsonai errealei buruz hitz egiten dute.
4. bukolikak, beharbada ezagunena, urrezko aroaren itzulerari buruz hitz egiten du, injustiziarik gabeko aroa ume baten jaiotzari esker. Suposa daitekeenez, Kristau eruditoek bukolika edo egloga honi interpretazio mesianiko bat eman zioten.
Obra honetan Virgilioren ezaugarri funtsezkoenak suma daitezke: armonia eta oreka, klasikotasun formala, naturarekiko sinpatia.
HORAZIO: EPODOAK ETA ODAK
Kinto Horazio Flako Venusa-n jaioa, Italiako hegoaldean. Heziketa ona izan zuen lehenengo Erroman eta gero Atenasen. Erromara itzulita, kargu administratibo bat izan zuen Virgilioren bidez Mezenasen taldean sartu zen arte, harrez gero poesiari soilik dedikatuz.
Erromatar literaturan Horazio da poeta liriko garrantzitsuena, Epodoak eta Odak idatzi zituen.
Epodoak
Lehenengoak, Epodoak, 17 poema dira gai ezberdinekin: Lehen epodoa Mezenasekin zuen adiskidetasunari eskainitako abestia da, bigarrena Beatus ille famatua, 5.a azti baten aurkako poema, 8.a eta 12.a bi atso 'berderen' aurka, 7.ean bere herkideei dei bat egiten die gerra zibilei amaiera eman diezaieten, 11.a oda triunfal bat da, Accioko borroka gogoratuz.
Epodoak agian ez dira aparteko obra bat, baina Horaziori baliagarriak suertatzen zaizkio bere indarrak neurtzeko poeta bezala eta entrenamendu gisa bere obra nagusia idazteko.
Odak
Odak lirika latindarraren gailurrean koka ditzakegu. Horaziok ere bazekien Odak bere obraren barnean garrantzitsuenak zirela eta brontzea baino iraunkorragoak izango zirela pentsatu eta esaten zuen. 4 liburu dira, 104 poemaz osaturik.
Odetan erabiltzen zituen gaiak oso desberdinak dira: eguneroko bizitzari loturiko gaiak, sentimendu pertsonalak, gai filosofikoak, bere abertzaletasunaren adierazpenak... Onenak gai filosofikoak ukitzen dituztenak dira; hauetan, denboraren igarotzea, heriotzaren urrikigabetasuna, etab. tratatzen dituelarik. Horaziorentzat zoriontasunaren oinarria bakoitzak daukanarekin konforme egotea da.
Carmen Saeculare
Horazioren produkzio lirikoaren barnean Carmen Saeculare deituriko poema ere sar dezakegu. Augustoren aginduz idatzi zuen K.a. 17. urteko joko sekularretarako, 27 mutil eta 27 neskaz osaturiko koro batek abestu zuelarik. Jainkoei eskainitako himno bat da, bereziki Apolo eta Dianari, Erromarentzat babesa eskatuz etorkizunerako.
Horazioren estiloari buruz bere oreka, armonia eta perfekzioa aipa ditzakegu. Bere ardura nagusia labor limae egitea zen, hau da, bertso bakoitza behin eta berriz errepasatu eta zuzentzea perfekzio osoa lortzeko.
ELEGIA: JATORRIA ETA GARAPENA
Grezian elegia distiko elegiakoetan idatziriko edozein poema zen, edukiari begiratu gabe. Augustoren garaian, amodioaren gaia duten elegiak sortuko dira eta gaur egun elegia bezala kontsideratzen direnak, hau da, pertsona baten heriotzaren aurrean sentitzen den pena edo mina gai nagusitzat dutenak.
Genero honetan autore aipagarrienak Tibulo, Propertzio eta Ovidio dira.
Tibulo
Bere produkzioa Corpus Tibullianum izenaz ezagutzen dugu, 3 elegia liburu dira.
Propertzio
K.a. 50. urtean jaio zen. Hau ere, Virgilio bezala, Mezenasen taldeko partaidea zen. Bere musa: Zintia.
Propertzioren estiloa oso pertsonala da, pasioa eta erudizioa elkartzen ditu. Erreferentzia mitologikoak sarritan erabiltzen ditu, hitz arkaiko eta solemneak hitz herrikoiekin batzen ditu. Bere estiloa sarritan iluna iruditzen zaigu hiperbole eta parafrasiengatik; hala ere, inoiz ez du galtzen bere espresibitatea.
Ovidio
K.a. 43. urtean jaioa, Erroman zuzenbidea eta oratoria ikasi ondoren, poesiarako zuen erraztasuna ikusiz, poemagintzan eman zuen bere bizitza guztia. Bere ospearen gailurrean zegoenean, erbesteratu egin zuten.
Ovidiok genero ezberdinak landu zituen. Gaztaroan amodioari buruzko elegiak idatzi zituen eta erbestean zegoenean elegia serioak. Lehenengo taldean Amores aipa dezakegu eta bigarrenean Tristia.
Elegiak brillanteak, ingeniotsuak eta eleganteak dira.