Erromako Historiografia Klasikoa
Enviado por Chuletator online y clasificado en Latín
Escrito el en
vasco con un tamaño de 3,35 KB
Salustio (K.a. 86-35)
Gaztetatik aritu zen politikagintzan. Politikari izan bitartean, iruzurretan ibiltzea leporatu zioten. Julio Zesar hil zutenean, babes politikoa galdu zuen eta Erromaren historiaren zenbait pasarte idatzi zituen.
Salustioren lan nagusiak
Salustioren lan ezagunenak hauek dira:
- Catilinae coniuratio (Katilinaren konspirazioa): Salustiok kontatzen du nola Katilina errepublikaren kontra matxinatzen ahalegindu zen. Berak bizi izandako gertakizunak dira.
- Bellum Iugurthinum (Jugurtaren aurkako gerra): Numidiako erregea hil ondoren gertatutako gatazka kontatzen du. Gerra-historia eta historia politikoa eskaintzen zaizkigu lan horretan.
Estiloa eta ezaugarriak
Literaturaren ikuspegitik, kontakizun bizi eta interesgarria eskaintzen du Salustiok bi lanetan. Batzuetan, pertsonaia nagusi eta ez hain nagusien erretratu eta hitzaldiak tartekatzen ditu. Beste batzuetan, idazle hasi berri baten ezaugarriak ikusten dira: kronologia-aldaketak eta zehaztasunik gabeko deskribapenak, besteak beste.
Tazito (K.o. 55?-120?)
Hizlaria eta abokatua izan zen. Politikagintzan aritu zen, eta kontsula izan zen idazten hasi baino lehen.
Lan nagusiak eta ikerketa
Historiae eta Annales dira lan nagusiak. Erromaren historia osoa idatzi nahi zuen liburu horietan, baina lehenago hil zenez, ezin izan zuen osatu. Tazitok egindako ikerketa-lan bikaina ikus daiteke liburuotan:
- Jatorrizko iturriak eta beste historia-lan batzuk aztertzen ditu.
- Ahozko lekukotasunak biltzen ditu.
- Historiaren interpretazioa aurkezten ahalegintzen da.
- Deskripzio ugari ematen ditu.
Germania izeneko lanean, idazleak argi erakusten du deskribapenak egiteko zaletasuna: germaniarren lurraldea, ohiturak eta geografia, besteak beste.
Erromako Historiografiaren Jatorria
Lehen aztarnak: Libri Pontificum
Historiografiaren inguruan heldu ziren lehen aztarnak Libri Pontificum (erlijioburu gorenen liburuak) dira, K.a. V.-IV. mendeetakoak. Liburuetan adierazita daude pontifizeek idatzitako gertakizun garrantzitsuenak:
- Hauteskundeak
- Magistratuen izenak
- Uholdeak
Liburuak ofizialak eta publikoak ziren. Dokumentu publiko horiez gain, beste dokumentu pribatu batzuk ere heldu ziren: familia nobleen artean ohitura zen bertakoen ekintzak goraipatzea eta idaztea.
Lehen historialariak eta Annales idazkiak
Geroago, K.a. III. mendetik aurrera, lehen historialariak agertu ziren. Urtez urteko gertaerak bildu, eta antzinako Erromaren historia jaso zuten Annales idazkietan. Lehen historialari aipagarrienak hauek dira:
- Kinto Fabio Piktor
- Luzio Zinzio Alimento
Hauek grekoz idazten zuten, eta Erromaren historia atzerrian zabaltzea zuten helburu.
Katon Zentsorea eta joera berriak
K.a. III. eta II. mendeen artean, Katon Zentsorea da latinez idatzitako prosa-sortzailea. Haren Origenes historia-lana erabat berritzailea izan zen garai hartan. Lan horretan, Erromaren eta Italiaren historia kontatzen du modu kronologikoan.
K.a. I. mendetik aurrera, Julio Zesarrek eta Salustiok bultzatuta, historiografian joera berria garatu zen.