Errestaurazioa (1875-1923): Konstituzioa, Nazionalismoa eta Langile Mugimendua

Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 17,24 KB

1876ko Konstituzioa eta Errestaurazioaren Oinarriak

1876ko Konstituzioaren sarrera eta artikulu batzuk ditugu aztergai. Dokumentu historikoa, lehen mailakoa, publikoa, politikoa eta juridikoa da.

Konstituzioaren Sorkuntza eta Ezaugarriak

  • 1875ean, Cánovas del Castillok adituen batzorde bati deitu zion Konstituzioaren aurreproiektua idazteko (berak ere ekarpenak egin zituen).
  • 1876ko urtarrilean onartu zuten sufragio unibertsalez hautatutako Gorteek, eta maiatzaren 24an testu definitiboa onartu zen. Alfontso XII.ak berretsi ondoren aldarrikatu zen.
  • Ekainaren 30ean argitaratu zen.
  • 1845eko Konstituzioa baino aurreratuagoa eta 1869koa baino kontserbadoreagoa da.

1931. urtera arte egon zen indarrean, baina 1923-1931 urteen artean Primo de Riveraren diktadura aldian etenaldi bat izan zen.

Sarreran, Alfontso XII.ak, Espainiako Errege Konstituzionalak, Gorteekin batera Konstituzioa agindu eta berresten duela adierazten da. Errestaurazioko Erregimenaren eta liberalismo kontserbadorearen oinarrizko printzipioak aldarrikatzen dira.

Errestaurazioaren Hasiera eta Cánovasen Proiektua

Seiurteko demokratikoaren ondoren, Cánovas del Castillok, Borboiko Etxearen babesle nagusiak, Isabel II.ak bere seme Alfontso XII.aren alde abdika zezan lortu zuen. Sandhursteko Manifestuak Alfontso XII.ak gobernatutako monarkia konstituzionalean oinarritutako eredu politikoa aurkezten zuen, ezegonkortasun politikoa gainditzeko helburuarekin.

Cánovasen proiektuaren arabera, Gorteek izendatu behar zuten Alfontso XII.a errege, baina Martínez Campos jeneralak 1874ko abenduan gauzatutako altxamenduaren ondorioz izan zen izendatua.

Cánovasen Lehen Neurriak (1875)

Cánovas gobernuburu izan zen Martínez Camposen altxamenduaren ondoren. Erregea 1875eko urtarrilean iritsi zen Madrilera. Haren lehen neurriak hauek izan ziren:

  • Elizaren babesa lortzea.
  • Polizia eta auzitegi berriak izendatzea inprimategietako delituetarako (oposizioaren egunkariak debekatu ziren).
  • Armada bere alde jartzea.
  • Funtzionarioen karguak berritzea.
  • Erregea Armadaren buru goren gisa izendatzea, altxamenduak saihesteko.

Gorteek konstituzio berria prestatzeko deialdia sufragio unibertsalaren bidez egin zen, 1872tik indarrean zegoen legedia jarraituz, baina bozkaketa trukatuta zegoen. Hala ere, Cánovasek oinarrizko egiak ezarri zituen, beharrezkoak: monarkia legitimoa, askatasuna, jabetza pribatua eta nazio-batasuna. Bigarren mailakoak ziren sufragio mota edo gizabanakoen eskubideen definizioa. Hauek geroago zehaztuko ziren.

Txandakatze Sistema: Etapak eta Ezaugarriak

Txandakatze sisteman bi etapa bereizten dira:

  1. Lehen etapa (1875-1885): Cánovasen gobernu kontserbadorea nagusitu zen, eta erregimena sendotzea eragin zuen, erregimen autoritario eta zentralista ezarriz. Horretarako, bakea beharrezkoa zen. Iparraldeko Karlistaldiari eta Kubako matxinadari (Zanjoneko Bakearekin) amaiera eman behar zitzaien.

  2. Bigarren etapa (1885-1902): Erregearen heriotzarekin hasi zen. Bere emaztea erreginaorde bihurtu zen. Pardoko Itunaren bidez Sagastari eman zion gobernuburutza Cánovasek, txandakatze sistemari jarraipena eta erregimen borboitarra bermatzeko helburuarekin.

Urte haietan txandakatzea bi alderdi dinastikoen artean gauzatu zen: kontserbadoreen (Cánovas) eta liberalen (Sagasta) artean. Sagastak hainbat lege onartu zituen:

  • Bilera eta adierazpen askatasunaren legea (1881).
  • Prentsa legea (1883).
  • Sindikatu askatasuneko legea (1887).
  • Gizonezkoen sufragio unibertsala (1890).

Jauntxokeria eta Hauteskunde Iruzurra

Baina txandakatzea ahalbidetzeko ezinbestekoa zen funtzionamendu demokratikoz mozorrotutako hauteskunde iruzurra. Alderdi dinastikoen eta haietako handikien helburua hauteskundeak moldatzea zen, aurrez zehaztutako emaitzak lortzeko. Jauntxokeria ezinbestekoa zen: jauntxoak eragin handia zuen, eta bere indarrean zituen gizabanakoen botoak kontrolatzen zituen.

Joaquín Costa eta Erregenerazionismoa

“Oligarquía y Caciquismo como la forma actual de gobierno de España” (1901)

Joaquín Costaren Oligarquía y Caciquismo como la forma actual de gobierno de España lanaren pasartea dugu aztergai. 1901ean argitaratu zen Madrilen. Testu historiko-literario eta politikoa da, lehen mailakoa, eta espainiar guztiei dago zuzenduta.

Joaquín Costa (1846-1911)

Joaquín Costa 1846. urtean jaio zen Huescan. Legegizon, politikari eta historialaria izan zen. Erregenerazionismo izeneko mugimendu intelektualaren buru izan zen (krisiari aurre egin, Espainia birsortzea eta sistema liberala eraberritzea ziren, besteak beste, haren helburuak). Hainbat ekimenetan hartu zuen parte, nekazarien aldeko joera azaldu zuen, idatziak egin zituen... '98ko Belaunaldiaren aurrekaritzat hartu izan da. 1911. urtean hil zen.

Sistemaren Kritika eta Egitura Oligarkikoa

Garaiko sistema politikoaren (Errestaurazioa) ustelkeria kritikatzen du lanean. Sistema politikoa oligarkikoa dela azaltzen du, ez parlamentarioa. Espainiako agintea noren esku dagoen adierazten du: alderdi dinastikoen eta bertako oligarken esku (burgesia industriala, finantzarioa eta lurjabe handiak).

Sistemaren oinarriak ere azaltzen ditu:

  1. Oligarkak: Agintearen buruan daude.
  2. Jauntxoak: Nazio osoan sakabanatuta. Eremu sozial, geografiko edo ekonomiko bati lotuta zeuden, bertako “nagusiak” ziren, eta Estatuaren aurrean bertako biztanleen bitartekariak ziren.
  3. Gobernadore Zibilak: Komunikazio organo eta tresna lana egiten dute. Costaren ustez, gobernadore hauek ez dira nazioaren ordezkari organikoak, eta beraien interesak lortzeko jarduten dute: zergak kobratu eta administrazio erakundeak kontrolatzea dituzte helburu nagusitzat.

Gainera, hauteskundeak manipulatzen dituztela dio: Jauntxoen kontrol eta eraginaren ondorioz herriaren borondatea ezabatuta dago, adibidez.

Erregenerazionismoaren Testuingurua

Seiurteko demokratikoaren porrotaren ondorioz, Isabel II.aren seme Alfontso XII.a izendatu zuten errege borboitar gisa, Errestaurazioari hasiera emanez. 1923. urtera arte iraun zuen, eta alderdi guztien batasuna lortzea zen Cánovasek burututako sistemaren helburua. Sistema honen oinarriak bi alderdi dinastikoen (Kontserbadoreak, Liberal fusionistak) arteko txandakatzea eta jauntxokeria ziren. Txandakatzea ziurtatzeko, botoak manipulatzen eta kontrolatzen zituzten, bai eta hauteskundeen emaitzak aldatu ere. Horrela, kanpoan geratzen ziren biztanleriaren sektore handiak (behe mailako burgesia, industriako langileak, nekazaritzako jornalariak).

Gainera, mende amaieran krisia izan zuen sistemak, espainiar koloniak (Puerto Rico, Filipinak, Guam, Kuba) galdu zirelako (1898ko hondamendia). Kubaren galeraren ondorioz Erregenerazionismoa sortu zen, Errestaurazioari kritika gogorra egingo zion mugimendu intelektuala.

Alfontso XII.a hil ondoren, bere emazte Maria Kristina erreginaordearen garaian kritika handiagotu egin zen, egoera ekonomikoa okerrera joateagatik, 1898ko porrotagatik eta bi agintari politikoen heriotzagatik: Cánovasena (1897) eta Sagastarena (1903). Intelektual ospetsuek Espainia berri baten beharra aldarrikatu zuten, Erregenerazionismoari hasiera emanez. 1890etik aurrera, Erregenerazionismoa behe-mailako burgesiak, langile sektore batzuek eta intelektual askok Errestaurazioko sistemarekin gauzatutako haustura izan zen.

Erregenerazionismoaren Eragina Gobernuetan

Erregenerazionismoak hainbat gobernarien artean eragina izan zuen. Alderdi Kontserbadoreko Francisco Silvela eta Antonio Maurak hauteskunde iruzurra desagerrarazteko Tokiko Administrazioaren Legea eta Hauteskunde Legea aurkeztu zituzten 1907an, baina oso azalekoa zenez ez zuen eraginik izan. Alderdi liberaleko José Canalejasen programa erregenerazionista eta langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko neurri batzuk ezarri zituen. Baina 1912an erail egin zuten atentatu anarkista batean, eta bertan behera geratu ziren bere helburuak. Hortik aurrera, txandakatze sistemaren krisia areagotu zen krisi ekonomikoagatik, langile mugimenduaren erradikalizazioagatik, Marokoko gerrako hondamenengatik... 1917tik aurrera alderdi arteko akordioak eratu ziren, baina hauen porrotagatik txandakatze sistemara itzuli zen.

Oligarquía y Caciquismo como la forma actual de gobierno de España lanaren garrantzia azpimarratu behar da, Espainiako egoera politikoaren diagnostikoa egiten duelako eta gobernuaren partetik erreformak ezartzea eragiten duelako. Jauntxokeria eta hauteskunde iruzurra desagerrarazteko, Silvela, Maura eta Canalejasen gobernu erregenerazionisten ahalegina aipatu behar da, nahiz eta txandakatzeak bere horretan jarraitu zuen.

Euskeldun Batzokijaren Estatutuak eta Euskal Nazionalismoaren Sorrera

Euskeldun Batzokijaren Estatutuak ditugu aztergai. Batzokijaren sorrera da gai nagusia, eta haren lege eta printzipuluak, osaera, ezaugarriak, antolaketa eta helburuak zehazten dira bertan. Dokumentu historikoa, lehen mailakoa, publikoa eta politikoa da, lege izaerakoa.

Sabino Arana eta Euskal Nazionalismoa

Sabino Aranak idatzia da, eta 1894ko maiatzaren 24an argitaratu zen Bizkaitarra aldizkari politikoan.

Bizkaitarra Aranak sortu zuen 1893an, eta euskal nazionalismoaren lehen aldizkaria izan zen. Gaztelaniaz eta euskaraz zegoen idatzita. 32 zenbaki eta 5 eranskin argitaratu ondoren, 1895ean gobernuak debekatu zuen. Garai hartan kazetaritza zen politikoek haien ideiak zabaltzeko bide bakarra.

Sabino Arana 1865. urtean jaio zen Abando-n. Euskal nazionalismoaren sortzailea izan zen. Eragina izan zuten haren pentsamenduan Foruen ezabatzeak eta tradizioaren galera, eta euskaldunen bizi- eta lan-baldintzen bilakaerak, Industrializazioaren ondorio zirenak. Bere ideologiak galtzen ari zen identitate baten berreskuratzea eskatzen zuen. Horregatik, bere ideiak eta burutapenak zabaltzeko ahaleginak egin zituen:

  • 1894an Euskeldun Batzokija sortu zuen euskaldun garbientzat.
  • 1895ean, Bizkai Buru Batzarra, EAJren lehen erakundea.

1903. urtean hil zen.

Testuinguru Politikoa eta Foruen Defentsa

Dokumentu hau Errestaurazioaren garaian idatzi zen, Maria Kristina Habsburgokoa erreginaordearen garaian. Madrilgo gobernuak antolamendu zentralista ezarri nahi zuen; eta politika horri berezitasun historiko-kulturalak zituzten lurraldeek erantzun zioten.

Euskeldun Batzokijaren Estatutuak zortzi artikulutan daude banatuta.

Euskal Herriko Foruak indargabetu zirenean, 1876an, bi erreakzio piztu ziren:

  1. Egoerari etekina ateratzen jakin zutenena, Madrilekin itun ekonomikoak adostuz.
  2. Foruak osorik berreskuratzearen alde egin zutenena.

Foruak defendatzea euskal izaera defendatzea zen. Azken hauek, gerra karlisten galtzaileek, Euskal Herria tradizional eta baserritarra defendatzen zuten, modernizazioa eta industrializazioa baztertuz.

Abertzaletasunaren Joerak

XIX. mende amaieran sortutako euskal abertzaletasunari “bizkaitartasuna” zeritzon, Bizkaiari lotutako abertzaletasuna baitzen, nahiz eta aldarrikapenean probintzia guztiak sartu. Euskal naziotasuna arrazan, hizkuntzan, legeetan eta izaeran oinarritzen zuten. Mundu modernoa eta haren gaitzak (laizismoa, etorkinak, industrializazioa…) saihesteko modu bakarra Espainiarekiko edozein lotura haustea eta independentzia lortzea zen.

Hala ere, Aranaren abertzaletasun etniazale eta baserritarraren ondoan Ramon de la Sotaren liberalismo foruzalea agertu zen. Sektore hau bere interes ekonomikoak eta alderdi politikoarenak koordinatzen saiatzen zen, hitzarmen modura. Sektore bakoitzak bere aldizkariak zituen: Ramon de la Sotaren jarraitzaileena Euskalduna zen, eta Luis Aranaren jarraitzaileena, independentistena, Aberria.

Alderdiak bere burutapenak eta asmoak zabaltzen saiatu zen 1894an Euskeldun Batzokija sortuz euskaldun garbientzat (lehen lau abizenak euskaldunak izan behar ziren). 1895ean gobernadoreak itxi zuen, hasieran planteatutako helburu kulturala ez baitzuen betetzen.

1895eko uztailaren 31n fundatu zen EAJ (Eusko Alderdi Jeltzalea), espainiartasunaren aurkakoa eta euskal lurraldearen antolamendu juridiko tradizionala (Foruak…) berreskuratzearen aldekoa zena. Hasieran eragin mugatua izan zuen Bilboko burgesia txiki eta tradizionalaren ingurukoa baitzen. Eragin handiagoa lortzeko bere oinarri sozialak hedatu behar izan zituen, burgesia industrial eta modernoagorantz. Horrela, tirabirak sortu ziren independentisten eta industria-gizon dirudunen (De la Sota, adibidez) artean.

Sabino Aranak herrialdeari buruz zuen pentsamendua tradizionalista zen: argi ulertzen da “Jaun Goikua eta Lagi Zarra” leloarekin. Bere hasierako ideologia independentista praktikoagoa bilakatu zen 1898an diputatu probintzial hautatu zutenean. Orduan, EAJren oinarri ideologiko eta sinbolo politikoak (ikurriña…) sortu ziren.

Langile Mugimenduaren Sorrera: “La Lucha de Clases”

La Lucha de Clases astekariko artikulu bat dugu aztergai. Bilbon argitaratu zen 1896ko maiatzaren 23an. Artikulu hau dokumentu historikoa, lehen mailakoa, publikoa, politikoa, soziala eta literarioa (kazetaritza artikulua) da.

Egilea eta Astekaria

Anonimoa da egilea, baina baliteke Tomás Meabe (1879-1915) izatea, La Lucha de Clases astekariko zuzendarietako bat. Idazle eta politikaria, Bilboko familia karlista batean jaio zen. Sabino Aranaren jarraitzailea zen, nahiz eta sozialismoak erakarrita jeltzale izateari utzi zion. Juventudes Socialistas de España erakundearen sorreran hartu zuen parte.

La Lucha de Clases astekariko lehen alea 1894an argitaratu zen eta 43 urte iraun zituen. Federación Socialista Vascongadak finantzatu eta zuzendu zuen. Artikulu gehienak kritika sozialistaren ildokoak izan ziren. Zuzendaritza lanetan honako hauek aritu ziren: Valentín Hernández, Tomás Meabe eta Julián Zuazagoitia. Artikuluak idatzi zituztenen artean Miguel de Unamuno, José Aldaco eta Indalecio Prieto daude.

Artikuluaren Ideia Nagusiak

Artikulu hau Maria Kristina Habsburgokoa erreginaordearen garaian idatzi zen. Bizkaiko meatzaritzaren eta burdingintzaren hazkundeak, langileen bizi baldintzek, eraldaketa ekonomikoak eta sozialak, eta oligarkia burgesaren hegemoniak langile-mugimenduaren sorrera ekarri zuten.

Ideia hauek islatzen dira bertan:

  • 1890eko grebaren aldarrikapen nagusietako bat barrakoien eta denden derrigorrezko desagerpena izan zen, lanaldiaren murrizketarekin batera. 1896an lanaldiaren murrizketari eutsi zitzaion, baina barrakoi eta dendek meatzeetan jarraitzen zuten.
  • Burgesek ezarritako baldintzen ondorioz langileen askatasuna galarazten da, liberalismoak aldarrikatzen zituen giza-eskubideak errespetatu gabe.
  • Gobernuaren jarrera pasiboa salatzen da, ez dituelako neurriak aplikatzen arazoaren aurka. Egoera horren aurrean langileen grebarako eskubidea aldarrikatzen da.

Langile Klasearen Ezaugarriak Bizkaian

1877ko erroldan, Bilbo, Abando, Barakaldo, Sestao eta Portugaletek, denek batera 44.200 biztanle zituzten. Hamar urte geroago, 71.000 biztanlera iritsi ziren. 1900ean zifra hura biderkatu egin zen. Proletariotza, euskal mundu tradizionalarekin haustura eragingo zuena, bat-batean sortu zen inguru hartan, industria berrien agerpenaren eta inguru pobreetako etorkin-oldeen ondorioz.

Lehen langile klase honetan bi talde bereizten ziren: meatzariak eta industria langileak.

Meatzariak

Meatzariek zituzten baldintza txarrenak. Aldizkako lanak zituzten: dirua aurrezteko egiten zuten lan, eta denboraldia amaitu ondoren ohiko jardueretara itzultzen ziren. Gainera, lan-eskaria handia zenez, erraz ordezka zitezkeen langile hauek. Horregatik, langileek ez zuten nahikoa ahalmenik ez baldintzen egonkortasun baten alde egiteko ezta langile elkarteak egoki sortzeko ere.

Industriako Langileak

Industriako langileen egoera hobexeagoa zen. Lan egiten zuten herrian bizi ziren. Espezializazio handiagoa zegoen, eta ahalmen handiagoa zuten burgesen aurka presioa egiteko eta elkarteetan elkartzeko.

Hala eta guztiz ere, langile klaseak bazituen ezaugarri komunak: industria kapitalista berriaren agindu eta baldintzetara egokitu behar ziren denbora laburrean. Lan eta bizi baldintza hauek oso larriak ziren: higiene, elikadura eta etxebizitza baldintza kaskarrak, lanordu luzeak, jornal murritzak... Emaitza gisa, heriotza-tasa hazi zen eta bizi itxaropena jaitsi zen.

Sozialismoaren Hedapena

Hasiera batean langile mugimendua sozialismoarekin lotuta zegoen. 1879an, Facundo Perezaguak Pablo Iglesiasekin batera PSOE alderdia sortu zuen. 1886an Bizkaira iritsi ziren, ideologia sozialista zabaltzeko asmoz. Alderdi honek langileak mobilizatzeko gaitasun handia eskuratu zuen 1890etik aurrera.

Sozialismoaren baitan bi antolamendu mota sortu ziren:

  • Talde sindikalak, UGTren baitakoak.
  • Organizazio politikoak, PSOEri atxikitutako Elkarte Sozialistak.

1887an sortu zen lehena, Bilbokoa, Perezaguak bultzatua.

Entradas relacionadas: