Errenazimentuko Arkitektura: Quattrocento, Cinquecento eta Manierismoa
Enviado por Chuletator online y clasificado en Arte y Humanidades
Escrito el en
vasco con un tamaño de 4,38 KB
Errenazimentuko Arkitektura: Quattrocento
Florentzia izan zen Errenazimentuko arkitekturaren lehen zentroa eta arkitektura horren lehen aldia. Brunelleschi eta Alberti dira guztien arteko garrantzitsuenak.
Quattrocentoko Arkitekto Nagusiak
Filippo Brunelleschi
Errenazimentuaren aitzindarietako bat izan zen: arkitektoa, eskultorea, asmatzailea eta ingeniaria. Santa Maria dei Fioreko kupula zoragarrian dimentsio handiko gunea eraiki zuen danbor oktogonal baten gainean. Kupula kanpoaldetik ojiba-kasko batekin eta barrualdetik kasko esferiko batekin estaliz lortu zuen.
Michelozzo (Michelozzo edo Michelozzi Bartolomeo)
Medici-Riccardi jauregia egin zuen, eta harekin jauregi errenazentistaren tipologia finkatu zuen: erlaitz handi batekin banandutako hiru gorputz horizontal, tarteka kuxindura-lanekin apainduak. Hirietako jaunen boterearen erakusgarri dira jauregi errenazentistak; antzinako gotorlekuen ordez, patio nagusi baten inguruan egituratutako forma kubikoak eraiki zituzten.
Leon Battista Alberti
Garai hartako espirituaren eredua izan zen: artista kultua, letra-gizon eta poeta, humanista, filosofoa, zientzialaria, artista eta artearen teorikoa. Errenazimentuko artearen teoria gorpuztu zuen. Bere meriturik aipagarriena zera izan zen: elementu klasikoak Errenazimentuko norma arkitektonikoan txertatzen jakin izan zuela. Hainbat testu idatzi zituen pinturari eta arkitekturari buruz.
Albertiren Obra Garrantzitsuenak:
- Sant'Andrea eliza (Mantua): Amaitu gabe zegoen fatxadan bao bat duen garaipen-arku ikaragarri baten egitura diseinatu zuen.
- Rucellai jauregia (fatxada): Albertiren obra adierazgarria da.
Cinquecentoko Arkitektura
XVI. mendeko lehenengo hamarkadetan garatu zen. Sasoi horretan estilo errenazentista sistematizatu egin zen eta handitasun eta klasizismo handiagoa lortu zituen. Erroma kultur gune bihurtu zen, Aita Santuen babespean.
Cinquecentoko Arkitekto Nagusiak
Bramante
Klasizismo arkitektonikoari hasiera eman zion artista izan zen.
Bramanteren Obrak:
- San Pietro in Montorio (Tenplua): Tenplu eredu bat sortu zuen obra honekin. Harmailadi eta podium baten gainean altxatua, apaindura handirik gabekoa eta kupuladuna, toskanar kolomateria batez inguratuta dago. Ordena klasikoak fideltasunez mantentzen zituen Bramanteren ereduak.
- Vatikanoko San Pedro Basilikaren proiektua: Gurutze grekoko oinplanoa (Lurraren irudia) eta petxinek eusten dioten kupula ikaragarria (Zeruaren irudia) dauzkan basilika honek unibertsoa sinbolizatzen du eta Aita Santuaren boterea irudikatzea lortu zuen.
Manierismoa
Manierismoa 1520tik aurrera hasi zen, batzuetan lan klasikoen barruan, baina honako ezaugarri hauekin:
- Ordena klasikoarekin apurtu zuen.
- Arkitektura-elementu batzuen funtzioa desitxuratu edo apaingarri bihurtu zuen.
- Elementuen, proportzioen eta kapritxozko dekorazioaren erabilera guztiz librea.
- Manierismoa efektu bila, fikzio bila zebilen eta ez zuen natura imitatu nahi.
- Perspektibaren efektu eszenografikoak.
Manierismoko Arkitekto Nagusiak
Michelangelo Buonarroti
Vatikanoko San Pedro Basilikako kupula amaitzeaz arduratu zen Michelangelo. Bramanteren oinplanoa errespetatuz sekulako kupula eraiki zuen. Kupulak 138 metroko altuera du eta barruan 18 metro lodiko lau ostikotan finkatuta dago. Brunelleschiren kupularen tradizioari jarraituz, honek ere bi kasko ditu, formaz esfera erdiak badira ere.
Michelangeloren Kupularen Ezaugarriak:
- Kupularen danborra: Bertan, zutabe klasiko bikoitzak azaltzen dira, haien artean baoak. Hauek koroatzen frontoi kurbatuak eta triangeluarrak txandakatzen dira.
- Kupula bera edo kaskoa: Harrizko nerbioak nabarmentzen dira. Nerbio guztiak ihes-puntu batean elkartzen dira: linternan. Honek bertikaltasuna ematen dio multzoari. Nerbioen artean leiho txiki batzuk daude. Kupularen beheko partean, taulamendu antzeko bat girlandez apaindurik dago.
- Linterna: Kupula koroatzen du eta danborraren zutabe klasiko bikoitzak errepikatzen ditu. Eraikuntza hau luzaroan izan zen eredu beste kupuletarako.