Errenazimentua: Kultura, Gizartea eta Pentsamendu Berria

Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Arte y Humanidades

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,56 KB

Errenazimentua antzinako greziar-erromatar balioetara itzultzea proposatu zuen kultura-mugimendua izan zen. Italian sortu zen, XIV. mendean, eta Europa osora hedatu zen XV.-XVI. mendeetan.

Errenazimentuaren sorrera eta arrazoiak

Mugimendu honen sorreraren arrazoiak honako hauek izan ziren: alde batetik, Italiako egoera politikoak eta sozialak merkataritzaren garapena eragin zuen, eta ondorioz, burgesia kultu eta dinamikoa gizarte-klase nagusi bihurtu zen. Bestetik, Ekialdeko Erromatar Inperioaren hiriburua otomandarren eskuetan erori zenean, greziar-erromatar kulturan maisu ziren jakintsu askok Italiara ihes egin zuten. Jakintsu humanista horiei antzinatasuna eta teknikaren eta zientziaren aurrerapena interesatzen zitzaizkien, eta jakintzaren hedapena bultzatu zuten unibertsitate eta akademien bidez.

Gizarte-eraldaketa Errenazimentuan

Errenazimentuak antzinako Grezia eta Erromako hainbat ikuskera berreskuratu zituen, eta berrikuntzara, ikerketara eta mundu berri batera zabaldutako zibilizazio berri bat sortu zuen. Errenazimentuak ez zuen soilik klasizismoa berreskuratzea proposatu; horrekin batera, gizakiaren eta gizartearen eraldaketa sakona ere bultzatu zuen. Errenazimentuan izandako aldaketa garrantzitsuenak honako hauek izan ziren:

  • Noblezia erregearen mendeko bihurtu zen.
  • Kapitalismoa garatu zen, merkataritzari, negozioei, diruaren zirkulazioari eta Ameriketako urreari eta zilarrari esker. Ondorioz, burgesia indartu egin zen.
  • Monarkia autoritarioaren agintea handitu zen, eta aginte guztiak eskuratu zituen, feudalak barne hartuta.
  • Nazio-estatuak sortu ziren.
  • Europako erlijio-batasuna apurtu zen. Elizan izandako zatiketek aldaketa sakonak eragin zituzten gizartean.
  • Espainiar inperioa indartu egin zen, Amerikaren aurkikuntzatik aurrera, batez ere.
  • Ameriketatik elikagai berriak ekarri ziren Europara, eta biztanleria handitu egin zen elikadura hobeari esker.

Antropozentrismoa: Gizakiaren Garrantzia

Erdi Aroaren amaieran, erlijioaren eragina apaltzearekin batera, hainbat gertaera historikoren eta ikerketa zientifikoen ondorioz, harrotasun- eta independentzia-sentimendua indartu zen gizartean. Gizakia bere buruaren jabe sentitzen hasi zen.

Erdi Aroko gizakiak apaltasun osoz onartzen zuen kosmosaren ordena, kosmosa Jainkoaren kreazioa zela sinesten zuen eta Jainkoa unibertsoaren erdigunetzat zuen (teozentrismoa). Errenazimentuan, aldiz, gizakia bera zen munduaren ardatz eta bere patuaren jabe (antropozentrismoa). Gizabanakoa zen erreferentzia nagusia.

Errenazimentuko gizakiaren ezaugarri aipagarrienetako bat indibidualismoa da.

Alde horretatik, giza baldintzetatik eratortzen den guztia balioesten da. Erabateko konfiantza ezartzen da arrazoian, eta horixe da erabakiak hartzean irizpide nagusia. Bestetik, gizakiaren sentimenduak eta sena goraipatzen dira.

Unibertsoari buruzko jakin-min zientifikoa indartzen da. Horrela, Natura ikergai bihurtzen da.

Errenazimentuaren Ezaugarri Orokorrak

  • Helburua greziar-erromatar arte klasikoaren mailara iristea zen.
  • Gizakiaren neurrira itzultzen ahalegindu ziren: unibertsoaren erdigune sentitu zen (antropozentrismoa).
  • Unibertsoaren, pentsamenduaren eta artearen ikuspegi unitarioa zuten.
  • Unibertsoan gertatzen zen guztia arrazoitu egin zitekeen, mundua arrazonagarria baitzen.
  • Mundu-ikuskera berri bat sortu zen, heliozentrismoa, eta geozentrismoa baztertu zen.
  • Mezenas edo babesleek Errenazimentuko artea eta kultura bultzatu zituzten.
  • Artista anonimoa desagertu eta izen-abizeneko jenioa sortu zen.
  • Izaera sekularra izan arren, Errenazimentuak ez zuen kristau-erlijioa albo batera utzi, eta bere mundu-ikuspegian barneratu zuen.
  • Inprentaren sorrerak kultura demokratizatu zuen.
  • Herri-hizkuntzak indartu ziren, eta liburuak hizkuntza horietan idazten hasi ziren.
  • Pentsamenduaren arloan, arrazoiaren autonomia aldeztu zen fedearen aurrean, eta horrek pentsatzeko askatasuna erraztu zuen.
  • Humanismoa ere agertu zen. Gizakia gogoetaren erdigune bilakatu zen, eta antzinateko ideiak berpiztu ziren.

Entradas relacionadas: