Erregimen Zaharraren Krisia eta Estatu Liberalaren Sorrera
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 44,25 KB
Erregimen Zaharraren Krisia
1. Karlos IV.aren Agintaldia (1788-1808)
Karlos III.aren heriotzaren ondoren, bere seme Karlos IV.a izendatu zuten errege. Honen erregealdian krisia egongo da, eta ideia liberal iraultzaileak zabaltzen hasi ziren Estatu Batuetatik eta Frantziatik, eta horrek guztiak Erregimen Zaharraren gainbehera ekarri zuen, Espainia gaur egungo historian sartuz.
1.1. Iraultzaren Eragina
Frantzian, 1789an iraultzaren bidez finkatutako erregimen liberala ideia erradikaletan oinarritua zen. Zehazki, neurri hauek aldarrikatu zituen erregimen berri hark: herriaren burujabetasun nazionala, aginte banaketa, gizakiaren eta hiritarren eskubideak (askatasuna, berdintasuna, anaitasuna, jabetza eskubidea…) eta estatu laikoa sortzea. Era berean, liberalismo ekonomikoan oinarritutako politika ekonomikoa sustatu zen, eta liberalismo politiko eta ekonomikoa ezarri zenean, absolutismoa, gizarte estamentala, jauntxoen erregimena eta pribilegioak ezabatu egin ziren.
a) Frantziako Iraultzaren Ondorioak
Frantziako Iraultzak Euskal Herrian eragin zuen; Iparraldeko lurretan, Frantziari atxikiak, berehala ezarri zituzten neurri liberal iraultzaile guztiak, eta eskualde haietako gobernu erakundeak eta foruak kendu egin ziren. Nafarroa Beherako, Lapurdiko eta Zuberoako diputatuek euskal departamendua sortzeko proposamena egin zuten, baina ez zieten onartu. Behe Pirinioetako departamendua sortu zen, eta hemen sartu zituzten euskal herrialdeak, Biarnorekin batera. Mugimendu iraultzailearen oihartzuna berehala zabaldu zen Espainiara, eta ideia iraultzaileak atseginez hartu zituzten intelektual eta burges ilustratuek eta beldurrez talde pribilegiodunak. Espainian zabal ez zitezen eta herrialdea kutsa ez zedin, Karlos IV.ak ideologiari muga ixteko agindu zuen: liburu eta agerkari iraultzaileak sartzea debekatu zuen, intelektual susmagarriei jazartzeko baimena eman zion Inkisizioari eta ikasleak atzerriko unibertsitateetara joatea galerazi zuen. Baina Frantziako ideia berriak eta gertaerak gero eta interes gehiago sortu zuten herritarren artean. Blokeo ideologikoak ez zuen eraginkortasun handirik, eta Frantziako iraultza erradikalizatzen ari zen; errepublika ezarri eta Luis XVI.a gillotinan hil zuten, eta erradikalizatze honek bultzatuta, Karlos IV.ak Manuel Godoy lehen ministro izendatu zuen.
b) Konbentzioko Gerra
Jakobinoak Luis XVI.a hil zutenean, Karlos IV.ak Frantzia iraultzaileari gerra deklaratu behar izan zion. Britainia Handiarekin eta Portugalekin bat egin zuen horretarako, hauek ere absolutistak ziren eta. Donostia borrokarik gabe errenditu zen Frantziako armadaren aurrean, eta Gipuzkoako Aldundiak frantsesekin probintzia hartako bakea hitzartzeko eta Espainiako koroatik bereizteko ahaleginak egin zituen arren, Frantziak ez zuen proposamena onartu eta herrialde konkistatuei ezarritako erregimena ezarri zen Gipuzkoan. Bizkaia, Araba eta Nafarroarekin ere berdina gertatu zen. Azkenik, girondinoak agintean jarri zirenean, Frantziak eta Espainiak Basileako Bake Hitzarmena sinatu zuten eta Frantziak uko egin zion Espainiako lurretan konkistatutako lurraldeen nagusitasunari.
1.2. Frantziarekiko Aliantza
Frantzia eta Espainia bat zetozen Britainia Handiarekiko etsaigoan, itsasoan zuen nagusitasunaren kontra. Ingelesak Frantziaren arerio handiak ziren, hauek Amerikarako itsasbideak eten eta kalte egiten baitzien espainiarren eta frantsesen merkataritza interesei. Godoyk eta Karlos IV.ak Frantziarekin aliantza nahi zuten Britainia Handiari aurre egiteko, eta horrela sinatu zuten San Ildefonsoko Ituna. Napoleon Bonaparte agintera iristean indarrean jarraitu zuen Espainiak eta Frantziak zuten aliantzak. Frantzia-Espainia aliantzaren itsas armadak galera handia izan zuen Trafalgarko Guduan Nelson almirantearen aurka, eta Britainia Handia itsasoan nagusi zenez, Napoleonek blokeo kontinentala ezarri zion, Espainiak ere berdin egiten zelarik. Napoleonek Portugal konkistatzeko laguntza eskatu zion Godoyri eta Fontainebleauko Itunaren bidez, Portugal Espainiarren eta Frantziarren artean zatitu eta Frantziako armadari hispaniar lurraldean sartzeko baimena eman zion Espainiak, baina honen ordez, Napoleonek Espainia konkistatuko du.
Independentzia Gerra eta Iraultza Liberala (1808)
2. Independentzia Gerra eta Iraultza Liberala (1808)
Independentzia Gerra XIX. mendean, 1808. urtean, eman zen, Frantziako armada Espainian sartu, Penintsula osoa hartu eta Napoleon Bonaparteren gidaritzapean frantsesek errege berria aukeratu zutenean (honekiko erreakzioa izan zen gerra). 1813. urtera arte iraun zuen gerrak eta bitarte horretan, iraultza liberala hasi zen Espainian, nahiz eta haren oinarrizko printzipioak finkatzeko denbora gehiago behar izan zen.
2.1. Independentzia Gerra
Herritarrak gero eta haserreago zeuden Napoleon eta Godoyren ekimen neurriz kanpokoekin, eta haserre hura kleroak eta goi aristokraziak sustatu zuten; Frantzia iraultzailetik eta laikotik urrundu beharra zegoela, Godoy kargutik kentzea eta Karlos IV.aren seme Fernando errege izendatzea aldarrikatzen zuten.
a) Lehen Herri Matxinadak
Herritarrak Madrilen matxinatu ziren Aranjuezko Matxinadan. Hemen, Godoy epaitu egin zuten eta Karlos IV.ak abdikatu egin behar izan zuen, bere seme Fernando VII.a errege bihurtuz. Barne liskar horiez baliatuz eta Penintsulan soldaduak edukitzeak ematen zion indarrarekin, Napoleonek elkarrizketa bat hitzartu zuen Baionan, eta Karlos IV.ak eta Fernando VII.ak enperadoreak egindako presioaren ondorioz, boterea utzi behar izan zuten, eta Napoleoni eman zizkioten koroaren gaineko eskumen guztiak. Honek, bere anaia Jose Bonaparte, Pepe Botella, izendatu zuen Espainiako errege.
b) Frantsesen Okupazioa eta Gerraren Zabaltzea
Frantziako indar okupatzaileen kontrako herri matxinadan Napoleonen armadak gogor zapaldu zuen, baina frantsesen kontrako gero eta altxamendu gehiago antolatzen hasi ziren Penintsulan, eta erasotzaileen kontrako defentsa gerra bihurtu zen. Herritar xeheak, noble erreformistak, kleroak… frantsesen kontra altxatu ziren. 1808an bertan jabetu zen Napoleon bere armadari ezinezkoa egingo zitzaiola lurraldea berehala konkistatzea herritarren erreakzioa zela eta, gainera, garrantzia handiko galera izan zuten frantsesek Andaluzian. Hondamen militar hark gerran zuzenean parte hartzera behartu zuen Napoleon. Aurkariak batzordetan antolatzen hasi ziren, batzorde lokaletan eta probintzialetan. Batzorde Zentral Gorena eratu zen, eta honek hartu zuen erregea kanpoan zegoenean Frantziako armadari aurre egiteko ardura; Floridablanca kondea.
c) Frantsesen Nagusitasuna eta Gerrillen Gerra
Napoleonek Madril berreskuratu zuen eta iberiar penintsula ia osorik konkistatu zuen, baina ez zuten Cadiz eskuratu. Honi aurre egiteko, Gerrillen Gerra sortu zen, iberiar penintsulara zabaldu zena, eta frantsesak etengabe gerra egoeran egotera behartzen zuena. Gerrillak frantsesen inbasioaren kontrako boluntarioek, militar ohiek eta bidelapurrek osatuak ziren, oso ongi ezagutzen zuten ingurua eta herritarren laguntzari esker, Frantziako armadaren eta bere hornikuntzen erretagoardiari bat-batean eta ustekabean erasotzen zieten; segadak egiten zizkieten.
d) Frantsesen Atzeraldia
Napoleonen indar militarrak indarra galtzen joan ziren 1812tik aurrera, Errusiako inbasioa eta Espainiako gerrillen gerrak sortutako eragozpenen ondorioz. Gasteizko eta San Martzialgo guduen eraginez, Frantziaren inbasioa bertan behera gerarazi zen, eta Napoleon Bonapartek Fernando VII.ari koroa itzuli zion.
e) Gerraren Ondorioak
Independentzia Gerrak oso ondorio txarrak ekarri zituen:
- Herrialdea lur jota utzi zuten.
- Jende asko hil zen eta ekonomia jarduera guztiak etenda geratu ziren.
- Nekazari inguruetan gerrillen fenomenoa zabaldu eta finkatu egin zen.
- Independentzia Gerrak Espainiaren kolonien independentzia egarria areagotu zuen.
- Gerrak naziotasun gorespen aberkoia ekarri zuen.
- Napoleonen inperioaren gainbehera.
- Frantsestuek ihes egin behar izan zuten.
- Espainiak frantsesak bidaltzeaz gain, iraultza bat egin zuen; ondorioz Cadizko Konstituzioa egin zuten.
2.2. Jose I.a eta Frantsestuak (Liberalismoa ezartzeko 1. Saiakera)
Errege berriak Frantziako Iraultzaren liberalismoa Espainian zabaltzeko ahalegina egin zuen. Jose I.ak bazuen konstituzio baten testua, Baionako Konstituzio edo Estatutuarena, eta Erregimen Zaharra suntsitzeko urrats bat izan zen hura, gizabanakoaren eskubide eta askatasun batzuk eskatzen zituen; Gorteak biltzeko deia egitea, oso sufragio murriztua erabiliz eta pribilegioak deuseztatzea. Euskal lurraldeen foru sisteman, erreforma egiteko asmoa ere bazuen. 1808ko Baionako Estatutua oso gutun moderatua zen; erregearen aginpidea berresten zuen eta erlijio katolikoaren nagusitasuna aldarrikatzen. Gainera, gerra egoera zela eta, ezin izan zuten eraginkortasunez aplikatu. Espainian, Erregimen Zaharra suntsitzeko ahaleginetan, Jose I.ak laguntzaile talde txiki bat izan zuen; frantsestuak. Hauek erregearen proiektu erreformisten alde zeuden. Joera ilustratukoak ziren, eta herritarrek traidoretzat zituzten. Nolanahi ere, hirietan frantsesen aginteari men egin zioten herritar batzuek eta agintari berriekin lan egiteko prest agertu ziren, eta askok ihes egin behar izan zuten gerra amaitutakoan. Jose I.ak garrantzia handiko erreformak egin zituen: Inkisizioa bertan behera uztea, jauntxoen erregimena kentzea eta ikastetxe publikoak sortzea. Euskal Herrian ere nabarmena izan zen frantsesen inbasioaren kontrako jarrera, hirietako burgesiaren sektore batzuek, liberalismoaren aldekoek, Napoleonen erreforma batzuk aldeztu zituzten. Euskal lurraldeak Frantziako agintari militarren esku utzi zituzten eta Napoleonek gobernu bakarra ezarri zuen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako, eta beste bat Nafarroako; bi gobernu horien buru ez zen Jose I.a, zuzenean enperadorearen esanetara zeuden militar frantsesak baizik.
2.3. Cadizko Gorteak eta Konstituzioa (Liberalismoa ezartzeko 2. Saiakera)
Frantziaren kontrako gerra bete-betean, Batzorde Zentral Gorenak Gorteak biltzeko deia egin zuten, erregea kanpoan zela herrialdea nola gidatu erabakitzeko. Cadizen bildu zituzten Gorteak, Cadiz hiri liberala zen merkatari, gerratik ihesi joandako liberal eta erreformista ilustratuak zirela eta.
a) Cadizko Gorteetan Liberalismoa Nagusi
Cadizen, erdi mailako klaseak eta intelektualak elkartu ziren, baita nobleen eta kleroaren ordezkari batzuk ere. Diputatu absolutistak, erreformistak, ilustratuak eta liberalak zeuden, baina liberalen ideiak nagusitu ziren, eta Espainiako lehen konstituzio liberala sortu zen. Konstituzioa Estatua antolatzeko arau orokorrak ematen dituen legedia da. Cadizko Gorteek nazioaren burujabetasuna aldarrikatu zuten, eta erregimen berria ezartzeko eta gizartea liberalismoaren aldera erabat lerratzeko lege batzuk eman zituzten. Hortaz, Penintsula guztian Napoleonek inbasioaren bidez ideia iraultzaileak ezartzeko zuen asmoaren kontra borrokan ari ziren bitartean, Cadizen liberalismoa ezartzearen alde ziren. Cadizko Gorteek Erregimen Zaharra kentzeko oinarriak jarri zituzten, eskubide asko eskatu baitzituzten; legearen aurreko berdintasun juridikoa, inprimatze askatasuna, hezkuntzarako eskubidea… zentsura, jauntxo eta kleroen eskubideak, barneko muga zergak eta gremioak deuseztatu zituzten, eta Inkisizioa ere desegin zuten. Nobleek eta kleroak lortu zuten Estatu berriak ordura arteko bideari jarraitzea alderdi batzuetan; konfesional izaten jarraitu zuen, erlijio katolikoa erlijio bakartzat bezala hartuta. Hala ere, hiritar gutxi zeuden printzipio liberal iraultzaileen alde.
b) Cadizko Konstituzioa (La Pepa, 1812)
Gorteen lan nagusia Cadizko konstituzio zabala idaztea izan zen. Konstituzioak oinarri hauek zituen: nazioaren burujabetasuna eta aginpide banaketa (betearazlea erregea, legegilea Gorteak eta judiziala epaitegiak). Ordezkaritza eskubidea gizonezkoentzako zeharkako sufragio unibertsalez aukeratutako diputatuek ziren. Konstituzio hark ez zion aipamenik egiten foruei, beraz, ez baleude bezala zen. Arabak eta Gipuzkoak onartu zuten, baina Bizkaiak ez. Cadizko Konstituzioaren ondorioa administrazio batasuna eta batasun zentralizatua ezartzea izan zen; administrazio bakarra herrialde guztientzat.
Fernando VII.aren Agintaldia (1813-1833)
3. Fernando VII.aren Agintaldia (1813-1833)
Napoleonek Espainiako erregetza aitortu zion Fernando VII.ari. Honen erregealdian fase asko izan ziren: 1814-1820 absolutismoa, 1820-1823 liberalen aginpidea eta 1823-1833 absolutismo monarkikoa eta Erregimen Zaharreko estamentu banaketa.
3.1. Seiurteko Absolutista (1814-1820)
Espainian Fernando VII.aren eskutik absolutismoa indarrean jarri zen garaian, Europako gainerako herrialdeetan Errestaurazio absolutista nagusitu zen.
a) Absolutismoaren Berrezartzea
Fernando VII.a Espainiara itzuli zelarik, Erregimen Zaharreko printzipio nagusiak jarri zituen indarrean. Gorteetako diputatuen herenek, joera absolutistakoek, Pertsiarren Manifestua deritzona sinatu zuten; hemen, Cadizko legedia baztertu zuten eta gobernu absolutista ezartzea aldarrikatu zuten. Herriaren parte baten laguntzarekin eta bereziki kleroaren eta lurjabeen laguntzarekin, Fernando VII.ak estatu kolpea eman eta Konstituzioa eta Cadizko Gorteek prestatutako lege liberal guztiak indargabetu zituen, eta erregimen absolutista ezarri zuen. Europan Errestaurazio absolutista zen nagusi, eta Fernando VII.ak Erregimen Zaharreko erakundeak indarrean jarri zituenez, bertan behera gelditu ziren Cadizko legeek aitortutako askatasun indibidualak eta abian jarritako erreforma ekonomikoak. Inkisizioa ere berrezarri zen eta jesuitei Espainiara itzultzen utzi zien. Euskal foruak erabat indarrean jarri ziren, foru erakundeek antzinatik zuten aginpidea eskuratu zuten eta.
b) Krisi Ekonomiko Larria
Fernando VII.a ez zen asko larritu herrialdearen arazoak konpontzen, bere kezka nagusia aginpide absolutistari eustea izan baitzen. Erregimen Zaharrean sortutako nekazaritzako, industriako eta merkataritzako arazoak areagotu egin ziren, Independentzia Gerrak ekarritako hondamen eta ekonomiaren geldialdiaren ondorioz; krisia gero eta latzagoa zen. Gainera, Amerikako merkatuak galtzear zeuden, koloniek burujabetasuna eskuratu zuten eta. Kleroari eta nobleei ordainarazteko esan zitzaien, baina pribilegiodunek ez zuten zerga salbuespena kenduko zien inongo erreformarik onartu.
c) Oposizio Liberala
Erregearen absolutismo erradikala zela eta, liberalak matxinadak antolatzen hasi ziren; indar armatua erabiliz, erregimen konstituzionala ezartzeko. Erregimenaren kontrako oposizio liberalaren aitzindaria, beraz, armada zen. XIX. mende guztian zehar, militarren matxinada sarritan erabili zen sistema politikoaren aurkako borroka gisa. Matxinada asko izan ziren, baina batzuk huts egin zuten; Francisco Espoz y Minarenak. Azkenean, Rafael Riego komandanteak eta Quirogak zuzendutako altxamenduak aurrera egin zuen; militar haiek Cadiztik hurbil zeuden, Amerikako matxinada zapaltzeko prest zegoen armada baten buru.
3.2. Hirurteko Liberala (1820-1823)
Espainian, iraultza liberala nagusitu zen berriro 1820-1823 urteetan, Riego eta Quirogari esker. Fernando VII.ak Konstituzioa eta Cadizko Gorteen legedia onartu behar izan zuen, eta Euskal Herrian, foruak berriro kendu ziren.
a) Konstituzio Liberala
Gorteak bildu zirenean, zenbait joera nabarmendu ziren liberalen artean:
- Erradikalek iraultza erradikala nahi zuten; herritarren parte-hartzea sustatu nahi zuten, sufragio unibertsalaren bidez, eta erregeari zeregin betearazlea soilik eman.
- Moderatuek, 1812ko Konstituzioaren neurri erradikalenak leundu nahi zituzten; erregearen esku-hartze handiagoa nahi zuten erreformetan, eta sufragio mugatuagoa.
Moderatuek zuten gobernuaren indar gehien baina erradikalek aginte paralelo bat antolatu zuten armadaren, Elkartze abertzaleen eta Elkartze sekretuen bidez. Elkarte ugari sortu ziren eta ideia liberalak zabaltzeko egunkariak sustatzen zituzten. Gobernu moderatuak Cadizko legeak aplikatzen hasi ziren, herrialdearen arazoak konpontzeko; Jaunen erregimena, maiorazkoak, Inkisizioa eta Jesusen Lagundia deuseztatu ziren, inprimatzeko askatasuna aitortu zuten eta hezkuntza legea erregulatu zuten.
b) Foruak Berriro Abolitzea
Hego Euskal Herrian, erregimen liberalak Probintziako Aldundiak eratu zituen, Foru Aldundiaren ordez. Hala ere, euskal noble absolutista aberatsek probintzietako politikaren gidari izaten jarraitu zuten hauteskunde iruzurraren bidez. Gasteizen, Bilbon eta Donostian bakarrik izan ziren liberalak agintean. Bestalde, muga zergak kostaldera eraman ziren, eta horrek onura ekarri zien merkatariei, ez ordea kontsumitzaile gehienei, kanpoko produktuak garestitu egin baitziren. Horretaz gain, alkateak galdu egin zituen ordura arte izandako lehen instantziako eskumen judizialak.
c) Kontrairaultzaren Indartzea
Erregimen liberalak erabateko areriotasuna sortu zien kleroari eta noble lurjabeei, hartutako erabakiengatik. Nekazari eta herritar batzuk ere haserre zeuden liberalekin, egoera ekonomiko larriaren konponbidea ez baitzuten aurkitzen. Garai batean nobleen eta kleroaren kideak izan ziren erregeak iraultzaren kontra bideratutako oposizioaren aitzindari izan ziren. Hego Euskal Herrian ere, erregimen liberalaren aurkako oposizioa antolatu zuten, etsaitzat baitzuten erregimen hau. Foruak indargabetzeak ekarritako kalteak salatu zituzten; kontsumorako produktuak asko garestitu izana muga zergak kostaldera eramateagatik, zerga berriak ezarri izana, soldadutzara nahitaez joan beharra… Liberal erradikalenak agintera iritsiko zirela ohartuta, Fernando VII.ak laguntza eskatu zion Aliantza Santuari, Europako monarkia absolutistak biltzen zituen koalizioari. Horrela, San Luisen Ehun Mila Semeak armadak aurrera egin ahala, Fernando VII.aren aldeko soldaduak elkartu ziren, eta Cadizen liberalei aurrea hartu zieten, eta horrela Hirurteko konstituzionala bukatu zen, Fernando VII.a agintera itzuliz.
3.3. Hamarraldi Gaitzesgarria (1823-1833)
Hamarraldi absolutista honetan, monarkia absolutua berrezarri zen, Fernando VII.a buru zela.
a) Errestaurazio Absolutista
Erregearen lehenengo zeregina ideia liberalak zituen edonor zapaltzea izan zen. Hirurteko iraultzaile gehienek Londresera ihes egin zuten, baina hala ere liberalismoaren alde lanean jarraitu zuten. Erregeak bertan behera utzi zituen Hirurtekoan egondako konstituzio dekretu guztiak, eta estamentutan banatutako gizartea, pribilegioak, jauntasuna, maiorazkoa, hamarrenen bilketa eta Erregimen Zaharra berriro ezarri zituen. Euskal lurraldeetan, Foru Aldundiak ezarri ziren eta muga zergak berriro lurraldearen barnealdera eraman zituzten. Boluntario erregezaleen partida armatuak sortzen hasi ziren, kontrairaultza babesteko. Boluntario erregezale horiek indar handia hartu zuten Espainian eta euskal eta nafar lurraldeetan, eta karlistaldiko gerra zibileko protagonista izan ziren.
b) Absolutismoaren Porrota
Fernando VII.ak ezin izan zuen krisia konpondu, eta honek jarraitu egin zuen. Bestalde, Fernando VII.aren zapalkuntzak eskandalua sortu zuen Europako monarkietan, eta presioa egin zioten herrialdea adiskidetzeko. Hala ere amnistiak ez zituen pozik utzi ez liberalak ez absolutista erreakzionarioenak; ultraerregezale kontserbadore horiek Fernando VII.ak abian jarritako erreforma epel urrien kontra ere bazeuden, eta erregearen anaia Karlos Maria Isidro infantearen inguruan biltzen hasi ziren.
c) Ondorengotzaren Auzia
Beste arazo bat erantsi zitzaien Fernando VII.aren erregealdiaren azken urteetan; Espainiako koroaren ondorengotza. Felipe V.ak emandako Lege Salikoaren arabera, emakumeek ezin zuten erregearen ondorengo izan eta Fernando VII.ak zuzeneko ondorengorik ez zuenez, bere anaia Karlos Maria Isidro zen ondorengoa. Baina egoera aldatu egin zen; Fernando VII.a Maria Kristina Napolikoarekin ezkondu eta hau haurdun geratu zen. Hala ere, Fernando VII.ak Lege Salikoa indargabetzen zuen Berrespen Pragmatikoa eman zuen; emakumeei erregina izateko eskubidea. Lege honi esker, Isabel II.a izango zenak erregetza kendu zion Karlos Maria Isidro infanteari, eta elkarren aurrez aurreko bi talde sorrarazi zituen honek:
- Absolutismo monarkikoaren aldekoak; Berrespen Pragmatikoari ez zioten legezkotasunik aitortzen, eta Karlos infanteak koroaren eskubidea zuela zioten; Karlistak.
- Liberalek Isabelen alde zeuden, adinez nagusi ez zenez, aukera ematen zielako bere ama Maria Kristina erregina-ordearen agintaldian esku-hartzeko: bando isabeldarra edo kristinoa.
Fernando VII.a hil zenean, karlistak matxinatu egin ziren; honek bultzatuta, Maria Kristina erreginaordeak liberalen alde egitea erabaki zuen.
Estatu Liberalaren Sorrera
1. Erregeordetzen Garaia (1833-1843)
Fernando VII.a hil zenean, Isabel II.a adingabea zenez, Maria Kristina erreginaordearen eta Baldomero Espartero jeneral erregeordearen esku egon zen erregetza. Baina aldi berean lehen karlistada sortu zen euskal eta nafar lurretan; liberalen eta absolutisten arteko gatazka.
1.1. Maria Kristinaren Erreginaordetza (1833-1840)
Fernando VII.a hiltzean, Isabel II.aren ama Maria Kristina, izan zen erreginaorde 1840 arte. Honen agintean, karlistaldia gertatu zen eta honek liberalismoaren barruko ideologien zatiketa nabarmendu zuen; progresistak eta moderatuak. Moderatuen eta progresisten arteko alde nagusiak:
- Moderatuek subiranotasun nazionala Koroaren eta Gorteen esku nahi zuten, honela erregearen boterea indartuz, exekutiboaren nagusitasuna legegilearen gainetik. Progresistek ordea, subiranotasun nazionala Gorteen esku egotea nahi zuten, erregearen botereak murriztuz.
- Moderatuek bi ganbarako Gorteak nahi zituzten; goi ganbara erregea izendatua eta behe ganbara sufragio bidez. Progresistek ganbara bakarreko Gorteak nahi zituzten, Parlamentuaren eskukoak.
- Moderatuek Sufragio murriztua nahi zuten, eta progresistek unibertsala izatera iritsi gabe, sufragio zabalago baten aldekoak ziren.
- Moderatuek Estatuaren konfesionaltasuna nahi zuten eta progresistek Eliza eta Estatuaren arteko banaketa: konfesionaltasun eza.
- Moderatuek gizabanakoaren eskubide murriztuak nahi zituzten eta progresistek askatasun eta eskubide zabalagoak.
- Moderatuek protekzionismo ekonomikoa nahi zuten, eta progresistek desamortizazioa eta librekanbismoa nahi zuten, eta industria suspertzeko politika.
- Moderatuen oinarri soziala goi-burgesia, aristokrazia lurduna, zen, eta progresistena erdi mailako klaseak, intelektualak, armadaren zati bat.
a) Errege Estatutuaren Garaiko Gobernu Moderatua
Karlistaldia zela eta, Maria Kristinak oso gobernu kontserbadorea osatu zuen, baina liberalek eta armadak presio handia egin zioten eta beste kabinete bat izendatu zuen; joera moderatuko Francisco Martinez de la Rosa buruzagi zela. Moderatuen zeregin nagusia Errege Estatutua idaztea izan zen. Errege aginteak emandako Gutuna zen, eta honen arabera, subiranotasuna ez zegokion nazioari, Gorteei eta erregeari baizik. Errege Estatutuaren arabera, bi ganbarako Gorteak eratu ziren, bat goi mailako nobleak eta erregeak izendatutako kideek osatua eta bestea herritarrek aukeratutakoa, gizonezkoen oso sufragio zentsitario murritzez. Azken batean, erabat liberala ez bazen ere, Errege Estatutuak bidea zabaldu zion monarkia konstituzionalari eta Erregimen Zaharraren gainbehera ekarri zuen.
b) Progresisten Goraldia
Liberal progresistek, gizarteko haserreaz baliatuta, herri matxinadak sustatu zituzten neurri iraultzaileagoak eskatuz. Juan Alvarez Mendizabal progresista izendatu behar izan zuten gobernuburu, baina gero moderatuen presioei amore eman zien. Progresistek herri matxinadak antolatu zituzten, eta hainbat herritan matxinatzen hasi ziren, mugimenduak gorena La Granjako sarjentuen altxamenduarekin jotzen zuela. Erreginak 1812ko Konstituzioa ezarri behar izan zuen eta progresisten esku utzi zuen gobernua, Mendizabal Ogasunaren buru jarriz; progresista hauek erabateko iraultza liberala bideratu zuten. Gobernu progresistaren garaian, lege iraultzaile batzuk ezarri zituzten. Neurri esanguratsuenak elizaren ondasunak desamortizatzea eta Konstituzio berria aldarrikatzea izan ziren.
c) Mendizabalen Desamortizazioa
Erregimen Zaharrak merkatutik baztertuta zituen ondasun higiezinak merkatu askera atera ziren, helburu bezala jabe partikular gehiago egotea eta nazioaren aberastasuna handitzea zela. Estatuak Elizaren eta herrien ondasunen konfiskazio orokorra egin zuen. Mendizabalen desamortizazioa guztietatik garrantzitsuena izan zen, honek Elizaren ondasunak desamortizatzeari ekin baitzion. Helburuak zehatzak ziren: ekonomikoak; dirua lortzea, zor publikoa ezabatzea eta Haziendaren egoera konpontzea, Lehen Gerra Karlista irabazteko ejerzito liberala ondo armatzea…, politikoa; liberalismoa sendotzea ezinbesteko zen, eta horretarako beharrezkoa zen Elizari boterea kentzea, eta ekonomiko-soziala; lurjabe ertainen klase bat sortzea, lurjabegoaren egitura aldatu eta errendimenduak handitzeko. Emaitzei dagokienez, arrakasta erlatiboa izan zuen diru mailan; lur guztiak batera merkaturatzean, lurren prezioek beherakada izan zuten, helburu politikoari dagokionez; liberalismoaren iraupena ziurtatzea lortu zen eta burgesiak negozio biribila egin zuten, baina liberalismoaren oinarri soziala ez zen asko aldatu, ez baitzen liberalismoaren aldeko nekazari ertainen klase bat sortu, eta helburu ekonomiko-sozialari dagokionez; ez zen lortu: ez zen lur jabegoaren egitura aldatu, eta nekazari pobreen egoera okertu egin zen, jabe berriek lan baldintzak gogortu, alokairuak igo eta asko jornalari bihurtu baitziren. Desamortizazioan, mesedetuena burgesia izan zen, negozio biribilak egin baitzituzten. Kaltetuena Eliza izan zen. Ondorioz, Vatikanok estatu liberalarekin harreman diplomatikoak hautsiko ditu. Lurrik gabeko nekazariak ere kaltetuak izan ziren. Britainia Handian itxitura sistemarekin nekazaritzari errendimendu handiagoa atera zioten, eta ateratako dirua industrian inbertitu zuten.
d) 1837ko Konstituzioa
Konstituzio progresista berria 1837an eman zen. Konstituzio hark nazioaren subiranotasunaren printzipio liberalak finkatu zituen, aginte banaketa zehaztu zuen eta eskubide indibidualak aitortu zituen, adierazpen askatasuna eta inprimatzeko askatasuna adibidez; udala herritarrek aukeratzeko sistema gisa ezarri zen, eta probintzietan Milizia Nazionaleko taldeak sortu ziren. Moderatuei zenbait eskari onartzen zizkien; erregeak zuen Gorteak biltzeko eta desegiteko ardura. Estatu berria konfesional katolikoa zen. Hego Euskal Herrian foruak deuseztatu eta erakunde konstituzionalistak ezarri zituzten. Euskal lurraldeetan Aldundiak ezarri eta probintzietako organo administratibo gorenak izan ziren.
e) Moderatuen Itzulera
Hauteskundeetan, moderatuek irabazi zuten, eta Konstituzioak indarrean jarraitu zuen arren, moderatuek lege erradikalei mugak jartzen saiatu ziren. Udalen legea eman zuen gobernuak; alkate eta zinegotziak Barne Ministroak izendatuko zituzten aurrerantzean herri hautaketa egin gabe. Progresisten erreginari lege hauek aldatzeko eskatu zien, baina jaramonik egin ez zuenez, progresistak matxinada sortu zuten, eta benetako iraultza egin zuten. Espartero jenerala erregeorde izendatzeko eskatzen zuten, herritarren artean itzal handia zuelako karlisten kontrako garaipenagatik, Bergarako Itunaz gero. Presio latzari aurre egin ezinik, erreginaordeak ihes egin zuen.
1.2. Lehen Karlistada (1833-1840)
Fernando VII.a hil zenean, gerra zibila sortu zen absolutisten eta liberalen artean. Ondorio latzenak Euskal Herrian, Aragoin, Katalunian eta Maestrazgon izan ziren.
a) Karlistak eta Liberalak
Gerran, Karlos Maria Isidroren jarraitzaileak eta Isabel II.aren jarraitzaileak aritu ziren aurrez aurre. Karlistek absolutismo monarkikoa eta foru tradizionalak nahi zituzten; alderdi honetakoak ziren behe mailako apaizteria, noble txiki lurjabeak eta nekazari gehienak. Isabeldarrak edo Kristinoak, liberalismoa eta zentralizazioaren alde zeuden: burgesiako kideak, tratulariak, funtzionarioak, armada, goi mailako nobleak… Hego Euskal Herrian, XIX. mendearen hasieran ordura arteko komunitateen eta ohiko bizimodu tradizionalen arteko oreka desegin zen; herri lurrak saldu egin ziren, lurjabeei eta burges aberatsei onura ekarriz; maiorazkoa ezereztu zelarik, lurra oso zatituta geratu zen. Elizaren desamortizazioak ere zerikusia izan zuen gatazkan; apaizteria izan zen karlismoaren zutabe nagusia. Karlisten leloak Jainkoa, Aberria eta Erregea zioen; absolutismo monarkikoa, katolikotasuna eta Euskal Herriko foru berezitasunak babesten zituzten. Denak ez ziren ordea karlismoaren aldeko, Donostiako burgesiak ideologia liberal progresista baitzuen.
b) Gerraren Nondik Norakoak
- Gerraren lehen faseak (1833-1835) Tomas Zumalakarregi izan zuen protagonista. Honek armada karlista erregularra eratu eta zuzendu zuen liberalen armadari aurre egiteko. Karlistek gerrillen taktika erabili zuten, eta ondorioz liberalek landa inguruetan arreta jarri behar izan zuten.
- Bigarren fasean (1835-1837), Zumalakarregi hil egin zen eta karlistek hegoalderantz egin zuten; Andaluziaraino, eta Madril hartzen saiatu ziren; honek ez zien onik ekarri.
- Hirugarren fasean (1837-1840), armada liberala indartzen joan zen, elizaren desamortizazioarekin eskuratutako baliabideei esker. Azkenik, bi taldeak bat etorri ziren: liberalak ohartu ziren onura gehiago ekarriko ziela foruen auzia eta Don Karlosena bereiztea, eta karlisten aldean, bestalde, transakzionista deritzon sektoreak gatazkari irtenbide hitzartua ematearen alde egin zuen.
c) Gatazkaren Amaiera
Maroto jeneral karlistak eta Espartero jeneral liberalak Bergarako Ituna sinatu zuten. Marotok erregina izateko eskubidea eman zion Isabel II.ari, eta Esparterok foruak babesteko eta armada karlista ofizialen mailari eusteko hitza eman zuen. Moderatuek eta Maria Kristinak Nafarroako eta euskal herrialdeetako foruak onartu zituzten, batasun konstituzionalari uko egin gabe.
1.3. Esparteroren Erreginaordetza (1840-1843)
Baldomero Espartero jeneral progresistak ospe eta itzal handia zuen karlistadari esker, eta horregatik Isabel II.ak erregeorde hautatu zuen. Erregeorde izan zen garaian, garrantzi handiko aldaketak gertatu ziren foruak konstituzioari egokitzeko prozesuan. Nafarroaren negoziazio partikularrei esker, Lege Hitzartua eman zuten Gorteek; Nafarroak erresuma izateari utzi zion, eta trukean autonomia handia eman zitzaion administrazioan. Esparterok euskal lurraldeetan legedi progresista ezarri zuen, eta foruak deuseztatu zituen, ondorioz, arma bidezko matxinada sortu zen euskal probintzietan. Esparterok gogor zapaldu zuen altxamendua, eta dekretu bat eman zuen matxinadari erantzunez; honen arabera, hiru probintziak Espainiako gainerako lurraldeen maila berean zeuden. Ezerezean utzi zen foru pasea eta Aldundiak eta Batzar tradizionalak, muga zergak portuetara eta mugetara eraman ziren. Hala ere, lege hark ez zituen erabat indargabetu foruak, ezaugarri militar eta zerga ezaugarri bereziak gorde baitziren. Esparterok, politika pertsonalista eta autoritarioa egin zuen, honek etsaiak ekarri zizkion eta azkenean erbestera ihes egin behar izan zuen.
Isabel II.aren Erregealdia (1843-1868)
2. Isabel II.aren Erregealdia (1843-1868)
Esparterok alde egin zuenean, Isabel II.a erregina bihurtu zen. Behin betiko finkatuta gelditu zen Estatu liberala, zentralista eta joera moderatukoa. Euskal Herrian foruak konstituzio erregimen berriari egokitzeko negoziazioak egiten jarraitu zuten.
2.1. Hamarraldi Moderatua (1843-1853)
Isabel II.aren erregealdiko lehen hamar urteetan moderatuak egon ziren agintean. Honek oso administrazio zentralizatua ezarri zuen. Narvaez egon zen agintean.
a) Gobernu Moderatuaren Sendotzea
Moderatuen jardueran, ekimen hauek izan ziren nabarmentzekoak:
- 1845ean Konstituzio berria eman zen, erabat moderatua: subiranotasuna erregearen eta Gorteen esku; erregeari ahalmen gehiago; bi ganberaz osatutako Gorteak; Kongresukoak gizonezkoen sufragio zentsitario murritzaren bidez hautatzen ziren…
- Ogasunaren erreforma sakona egin zen: zuzeneko zerga ezarri zen.
- Udal Lege berria onartu zen, oso zentralista; 2000 biztanletik gorako herrialdeetan erregeak aukeratzen zituen udalak eta besteetan gobernadoreak.
- Irakaskuntza zentralizatzeko urratsak egiten hasi ziren.
- Vatikanoarekin ituna sinatu zen; Vatikanoak bere ondasun guztiak desamortizatzea onartu zuen, baina Estatu konfesional berriak apaizteria mantentzeko ardura hartzen zuen.
- Moderatuek kontrolari eusteko eta ordena zaintzeko, prentsari zentsura ezarri zioten, eta Guardia Zibila sortu zuten.
- Funtzionarioak oposaketen bidez lortuko dute postua.
- Tolosa Gipuzkoaren hiriburu bihurtuko da, Donostian liberal progresistak daude, eta Tolosan moderatuak.
- Euskal lurraldeetan Foru Aldundiak eta Batzarrak berriro indarrean jarri zituzten, baina hala ere muga zergak ez zituzten berriro kostara eraman.
b) Moderatuen Kontrako Oposizioa
Gobernuak errepresioa erabiltzen zuela eta, oposizioak indarkeriaren bideari heldu behar izan zion erregimenari aurre egiteko. Oposizioa karlista tradizionalak, progresistak eta ezkerrerago, errepublikazaleak eta demokratak ziren. Progresisten ezker adarrak Alderdi Demokrata sortu zuen, eta hauek gizonaren eskubideen aitorpen zabala, biltzeko eta elkartzeko erabateko askatasuna, gizonezkoen sufragio unibertsala eta gizarte erreforma eskatzen zituzten. Bigarren karlistada gertatu zen, bereziki Katalunian. Mugimendu horiek guztiak gogor zapaldu zituen Narvaezek, eta are indar gehiago hartu zuen kontserbadorismoak. Murillok proposatutako proiektu atzerakoi baten ondorioz, dimisioa eskatu behar izan zuen, eta ondoren eratu ziren gobernuek ez zuten egonkortasunik lortu, eta haserrea zabaldu zen progresisten, demokraten eta errepublikazaleen artean.
2.2. Biurteko Progresista
O’Donell jeneral moderatuak matxinada antolatu zuen, baina huts egin zuen. Iraultza mugimenduarekin bat egin zuten progresistek, demokratek eta errepublikazaleek, eta matxinada erradikalak egin zituzten zenbait hiritan, eta Batzorde iraultzaileak sortu ziren.
a) Gobernu Progresistaren Egonkortasunik Eza
Gizarte asaldurak bultzatuta, Isabel II.ak Esparterori gobernua zuzentzeko agindu zion. Honen gobernuan, progresista eta moderatu batzuk bildu eta erregimenean aldaketak egiten hasi ziren; prentsa askatasuna jarri zuten, hauteskunde sistema jarri zuten… Baina Biurteko progresistan, egonkortasun ezak jarraitu zuen politikan. Esparterok dimisioa eman ondoren, erreginak O’Donelli agindu zion gobernua eratzeko, eta gobernuaren partaideak kontserbadoreak zirenez, moderantismorako bidea hartu zuen berriro ere gobernuak.
b) Erreforma Progresistak
Luzaroan egon ez arren, progresistek garrantzi handiko ekimenak egin zituzten:
- Politikan, 1856ko Konstituzioa idatzi zuten, non nata, eta oinarri hauek zituen; nazioaren subiranotasuna, botere banaketa zorrotza, Milizia Nazionala indarrean jartzea eta probintzietako gobernuak eta tokiko gobernua hauteskunde bidez izendatzea.
- Ekonomian, neurri esanguratsuak hartu ziren; Ogasun ministro Pascual Madozek desamortizaziorako lege bat sustatu zuen; ondasun zibilei eragin zien lege hark, bereziki Estatuaren eta udalen ondasunei, eta nekazariei mendien herri erabilerarako eskubidea kendu zien.
- Elkarte anonimoak eta bankuak arautu ziren, eta burdinbidearen eraikuntza sustatu zen legeen bidez.
Neurri hauen bidez, estatuko ogasunaren diru sarrerak handitzea, azpiegiturak hobetzea eta industriaren garapena sustatzea bilatzen zen.
2.3. Moderantismoaren Itzulera
1845eko Konstituzioa ezarri zen, Milizia Nazionala desegin zen eta Hamarraldi Moderatuko legedia ezarri zuten berriro. Batasun Liberala alderdi zentrista berriak kontrolatu zuen gobernua, eta egonkortasun gehiago izan zuen; moderatu progresistenek eta kontserbadoreenek osatzen zuten Batasun Liberala. Hauteskunde iruzurra zela eta, progresista eta demokratak joko politikotik kanpo geratu ziren, eta muturreko jarrera politikoak hartzen hasi ziren, iraultzaren bidera hurbiltzen, erreforma erradikalagoak sustatzeko. Azken gobernu moderatuek gogor zapaldu zituzten erregimenaren kontrako mugimenduak eta matxinadak. Politika autoritario horren ondorioz, oposizioa tinkoago jazarri zitzaien monarkiaren sistema politikoari eta Isabel II.aren monarkiari. Progresistak, demokratak, errepublikazaleak eta Batasun Liberalekoak Primen zuzendaritzapean elkartu ziren Ostendeko Itunaren bidez, Isabelen erregimena apurtzeko.
Seiurteko Demokratikoa (1868-1874)
3. Seiurteko Demokratikoa (1868-1874)
1868ko iraultzarekin, La Gloriosa, liberalismo demokratikoa ezarri zen Espainian.
3.1. 1868ko Iraultza
Iraultza, Topete Cadizen matxinatu zelarik hasi zen, eta zenbait militarrek, progresistek, demokratek, errepublikazaleek eta unionistek jarraitu zieten. Erreginari leial iraun zuen armadak galdu egin zuen eta Isabel II.ak herrialdetik ihes egin zuen.
a) Gobernu Iraultzailea
Behin-behineko gobernu iraultzaileak Serrano unionista zuen buru, eta Prim gerrako ministro. Inprimatzeko, elkartzeko eta biltzeko askatasunak eta irakaskuntza askatasunak erabat finkatzeko, gizonezkoentzako sufragio unibertsala ezartzeko eta Gorte Konstituziogileak biltzeko neurriak hartu zituen gobernu berriak. Lehenengo hauteskundeak gizonezkoen sufragio unibertsalez egin ziren. Gobernuak Konstituzio berria eman zuen 1869an, oinarri hauekin: monarkia demokratikoa, nazio subiranotasuna, botere arteko banaketa, biltzeko eta elkartzeko askatasuna, gurtza askatasuna eta gizonezkoen sufragio unibertsala. Erregearen aginpide legegileari muga jarri zioten eta Gorteetako bi ganbarak sufragio unibertsalez hautatzen hasi ziren. Udal administrazioa eta gobernua deszentralizatzeko neurriak proposatu ziren, zeharkako zergak kendu zituzten eta truke askea sustatu zuten ekonomian, eta honek atzerriko kapitala erakarri zuen. Pezeta ezarri zen diru unitate gisa.
b) Barne Liskarrak
Gobernu iraultzailearen arazoa Espainiako erregetzarako erregea aurkitzea izan zen. Eztabaida asko eta gero, Primen hautagaia aukeratu zuten; Amadeo Savoiakoa, Italiako erregearen semea. Gobernu iraultzaileak erreforma asko proposatu arren, monarkiari eusteak haserre handia sortu zuen:
- Errepublikazaleek, agintetik baztertuta, matxinadak antolatzen hasi ziren. Euskal Herriko errepublikazaleek hitzarmen federala sinatu zuten Eibarren, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroak bat egin zuten Espainiako mugimendu federalarekin.
- Nekazari asko matxinatu ziren Espainia hegoaldean, Errepublikaren babesean, lurrak banatzeko eskatuz.
- Kataluniako langileek, gizarte eta lan baldintzak hobetzeko eskatzen zuten; Espainiako langile mugimendua sendotzen ari zen.
- Independentziaren aldeko matxinada hasi zen Kubako eta Puerto Ricoko kolonietan, eta matxinada hauek ezin izan zituen kontrolatu gobernuak.
- Karlistek ere arma bidezko eraso gehiago egin zituzten, erregimen iraultzailea suntsitzeko.
3.2. Amadeo Savoiakoaren Erregealdia (1871-1873)
Amadeo Savoiakoak ezin izan zion aurre egin erregimenaren kontrako oposizioari. Bere agintaldi laburraren ezaugarri nagusiak politikako eta gizarteko egonkortasunik eza eta gizarteko sektore gehienek egin zioten mespretxua izan zen. Alderdien barruan zatiketa zegoen:
- Alderdi progresisten moderatuen eta erradikalen arteko zatiketa.
- Errepublikazaleen artean, batzuk unionismoaren alde eta beste batzuk federalismoaren alde.
Gizartean, erregimenaren kontrako haserrea zabaltzen ari zen:
- Lurjabe handiak Canovas del Castilloren inguruan bildu ziren, Isabel II.aren seme Alfontsoren eskutik ordena berrezartzea aldarrikatzen zuen alderdi batean.
- Eliza hierarkia gurtza askatasunaren kontra eta Elizaren eta Estatuaren arteko bereizketaren kontra borrokatu zen: katoliko askok karlistadekin bat egin zuten.
- Karlistek armak hartu zituzten eta hirugarren karlistada hasi zen.
- Langile mugimendua zabaldu eta sendotu egin zen; ideologia sozialista eta anarkista zuten.
- Kubatarrek independentziaren aldeko gerran jarraitzen zuten.
Gizartean gero eta zailtasun gehiago zituela eta, Amadeo Savoiakoak abdikatu egin zuen.
3.3. Hirugarren Karlistada (1872-1876)
a) Gerraren Arrazoiak
Iraultza demokratikoa eta Estatu laiko ezarri izana Euskal Herriaren erlijio sinesmen sakonaren kontrako erasotzat hartu zuten askok. Karlismoari katolikotasunaren defentsak eman zion indarra, Seiurteko iraultzaileek zorrotz errespetatu baitzuten foru erregimena. Karlisten taldeek propaganda politikoa egin zuten, baita Elizak ere, eta Euskal Herriko herritar gehienek katolikotasunaren eta foruzaletasunaren kontrako mugimendutzat hartu zuten liberalismoa. Karlos VII.aren monarkia berrezarriz gero, gizarte tradizionalaren eta ordenaren oinarriak, katolikotasuna eta Euskal Herriko foru berezitasunak finkatzeko aukera izango zuten, eta karlistak eraso militarrak antolatzen hasi ziren.
b) Gerraren Nondik Norakoak
Hirugarren Karlistada Savoiako Amadeoren ordez Karlos VII.a errege izendatu zutelarik hasi zen. Hasieran hainbat gudu izan zituzten karlistek eta su-eten labur bat sinatu zuten Zornotzan, baina handik gutxira, karlistek, Santa Kruz apaiza buru zutelarik, gerran jarraitu zuten. Karlistek erasoaldia hasi zuten Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan eta Katalunian, gerrillen bidez eta sabotajeak eginez. Euskal lurraldeak karlisten esku gelditu ziren, hiriburuak izan ezik, errepublika aldarrikatzera zihoazen unean, eta horrek bultzada ideologiko handia eman zien Karlos VII.aren aldekoei. Une hartan, karlistak nagusitu ziren errepublikako armadari. Baina ordukoan ere ezin izan zituzten karlistek hiriburuak menderatu. Gatazka militarrek asko iraun zuten; Alfonso XII.a politikan esku hartzen hasi zelarik, ordea, errepublikaren kontrako eta liberal foruzale kontserbadore asko, joera aldatzen hasi ziren. Gero, liberalek karlistei gailendu zitzaizkien, eta Lizarra erorita, liberalek behin betiko garaipena lortu zuten. Errestaurazio garaian Canovasek foruak deuseztatu zituen, eta historian aldi berri bat hasi zen Euskal Herrian.
3.4. Lehen Errepublika
Amadeok abdikatu ondoren, Gorteek Errepublika aldarrikatu zuten.
a) Errepublika Federala
Figueras errepublikazaleen lehendakari izendatu zuten. Hauteskundeetan abstentzio handia izan zen baina errepublikazale federalak irabazi zuten. Errepublika federala aldarrikatu zuten eta Pi i Margall izendatu zuten presidente. Hau lehendakari zela, Konstituzio federalerako egitasmo bat aurkeztu zuten; subiranotasuna herriak zuen eta botere banaketa arautzen zuen. Elizaren eta Estatuaren arteko zatiketa adierazi zuen honek, eta autonomia handia aitortzen zien probintziei. Errepublikazaleen arteko zatiketa gero eta nabarmenagoa zen; muturreko errepublikazaleek kantoi edo eskualde libreko federazioa nahi zuten. Katalunian langile anarkistak zeuden. Gerra karlista zabaltzen ari zen Euskal Herrian, Katalunian eta Castellonen.
b) Errepublika Unitarioa
Pi i Margallek dimisioa eman eta Nicolas Salmeron izendatu zuten errepublikako lehendakari. Fronte karlistaren aurrerapenari eta kantonalismoaren zabalkundeari aurre egiteko, Salmeronek errepresio gogorra erabili zuen, armadaren eta Guardia Zibilaren bidez. Kantonalismoa suntsitu baina Cartagenako kantoia eutsi egin zion. Castelarrek Salmeronen kargua hartu zuen eta kantonalismoa indarrez desegin zuen. Honela, federalista, kantonalista, anarkista, sozialista eta abarren ekimen erradikalak ekarri zituen. Paviak estatu kolpea eman zuen eta Gorteak desegin zituen Guardia Zibilaren bitartez. Ondoren, Serrano jeneralak gobernuaren lehendakaritza hartu zuen, baina Errepublikak izenez iraun bazuen ere ordurako hondoa jota zuen. Errepublikak ekarritako esperientzia ikusita, Alfonso Borboikoaren alde jarri ziren asko, eta azkenean Alfonso XII.a errege izendatu zuten.