Erreakzio Kimikoak: Deskribapena, Mailak eta Sailkapena

Enviado por Chuletator online y clasificado en Química

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,56 KB

Erreakzio kimikoak eta energia-trukea

Errekuntza-erreakzioetan askatzen den beroa aztertzean, ezinbestekoa da erreakzio kimikoaren kontzeptua ondo ulertzea.

Zer da erreakzio kimikoa?

Substantzia bat edo gehiago (erreaktiboak) eraldatu eta beste substantzia bat (produktua) bihurtzen deneko prozesua da. Horrelakoetan, energia-trukea gertatzen da erreakzioko substantzien eta ingurunearen artean:

erreaktiboak → produktuak ± energia

Erreakzio kimikoen hiru deskribapen-mailak

Erreakzio kimiko oro hiru mailatan deskriba daiteke:

  • Deskribapen makroskopikoa: Substantziak beraiak deskribatzean datza; haien propietateak eta egoera fisikoa adierazten dira. Adibidez, sufrearen eta burdinaren erreakzioan, hauxe dugu:
    • Burdina (Solidoa, Grisa, Imanak erakarri: bai) + Sufrea (Solidoa, Horia, Imanak erakarri: ez) → Burdina sulfuroa (Solidoa, Gris iluna, Imanak erakarri: ez)
    Horrela, erreakzio kimikoak identifika daitezke eta erreakzioko elementuak zehaztu.
  • Deskribapen submikroskopikoa: Erreakzioko substantzien partikulak adierazten dira. Adibidez, lehengo erreakzio horretan: Zortzi burdina-atomo sufre-molekula batekin konbinatzen dira, eta burdina sulfuroa eratzen da.
  • Deskribapen sinbolikoa: Formula kimikoak erabiltzen ditu, erreakzioaren ekuazio kimikoa idazteko. Adibidez, substantzia solidoa (s), likidoa (l) edo gasa (g) den idazten da. Koefiziente estekiometrikoek erreaktiboen eta produktuen arteko proportzioa adierazten dute.

Erreakzioen oinarrizko ezaugarriak

  • Erreakzio kimiko ororen aurretik eta ondoren atomo berberak daude: ez da atomo berririk sortzen, eta ez da atomorik desagertzen.
  • Atomoak beste modu batera ordenatu baino ez dira egiten, eta, erreaktiboetatik abiatuta, produktuak eratzen dituzte.
  • Hasierako substantziak edo erreaktiboak produktu bihurtzen dira, eta tartean energia-trukea gertatzen da.

Erreakzio kimikoen sailkapena

Erreakzio kimikoak sailkatzeko bi irizpide nagusi hartzen dira kontuan:

1. Eraldaketan atomoak nola multzokatzen diren

Irizpide honen arabera, erreakzioak honela sailka daitezke:

  • Sintesiko erreakzioak: Bi substantzia edo gehiago konbinatzen dira eta substantzia konplexuago bat eratzen da. Adibidez, karbono dioxidoaren sorrera:
    A + B → AB
    C(s) + O2(g) → CO2(g)
  • Deskonposizioko erreakzioak: Sintesiaren aurkakoa da: konposatu bat bi substantzia bakunagotan deskonposatzen da. Adibidez, uraren elektrolisia:
    AB → A + B
    2H2O(l) → 2H2(g) + O2(g)

2. Ingurunearekin gertatzen den energia-trukearen arabera

  • Erreakzio exotermikoak: Ingurunera energia askatzen duten erreakzioak dira. Adibidez: errekuntza-erreakzioak, ura eratzeko erreakzioa eta karearen hidratazioa.
    CH4 + 2O2 → CO2 + 2H2O + energia
    [metanoa + oxigenoa → karbono dioxidoa + ura + energia]
  • Erreakzio endotermikoak: Ingurunetik energia xurgatu beharra daukaten erreakzioak dira. Adibidez: ozonoa eta oxido nitrosoa eratzeko erreakzioak, eta burdina sulfuroa eratzekoa.
    8Fe(s) + S8(s) + energia → 8FeS(s)
    [burdina + sufrea + energia → burdina sulfuroa]

Entradas relacionadas: