Erdi Aroko Filosofia: Testuinguru Historiko, Politiko eta Kulturala
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Otras materias
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,83 KB
Testuinguru historiko, politiko eta kulturala
Erdi Aroko filosofiaren benetako garapena XII. mendean gertatu zen mendebaldean, Aristotelesen pentsamendua latinera itzultzen hasi zirenean, ordura arte Aristotelesen logikazko idazki gutxi batzuk besterik ez baitziren ezagunak. Hori hiribilduen garapenarekin eta intelektualen klase berri baten sorkuntzarekin batera gertatu zen. Izan ere, jakintza ez zen jadanik monasterioetako eskoletara bakarrik mugatzen, lehen unibertsitateak sortuta baitzeuden ordurako. Aipagarria da, halaber, Aristotelesen lanak unibertsitatean sartu zirenean, gatazka eta eztabaida ugari sortu zirela, intelektual askok filosofia teologiatik askatu nahi izan zutelako, besteak beste. Edozein kasutan, kultur bizitza Elizaren eraginpean egon zen, batez ere, katedraletako eta monasterioetako eskolak zirela medio.
Bestalde, kristau, musulman eta juduak elkarrekin bizitzeak hiru kultura horien arteko trukea izan zuen ondorio. Kultura batetik besterako ekarriak Erdi Aro osoan jarraitu zuen, eta eragin handia izan zuen bai produkzio tekniketan, bai erakunde politikoetan eta baita ideietan eta eguneroko bizimoduan ere. Esate baterako, arabiarrek Greziako eta ekialdeko pentsamendua irakatsi zieten kristauei. Horrela ezagutu zituzten Europan Aristotelesen lan metafisiko, fisiko eta biologikoak, baina baita arabiar filosofia eta juduen filosofia ere.
Krisialdi politiko, erlijioso eta intelektuala XIII. mendean
XIII. mendean, krisialdi politiko, erlijioso eta intelektual batek astindu zuen mundu kristaua. Arlo politikoan, erregeek eta enperadoreek gero eta zuzenago egin zioten aurre Aita Santuen botereari, eta, ondorioz, erregeen agintea sendotu eta indartu egin zen. Erlijioaren arloan, heresiak ugaldu ziren, kleroaren aberastasunak eta gehiegikeriek bultzatuta neurri handian. Bestalde, ebanjelizazioaren premiak eskeko bi ordenaren sorrera bultzatu zuen: domingotarrena 1217an eta frantziskotarrena 1223an. Hauek aberastasunari uko egin zioten, eta pobretasuna hartu zuten ebanjelioko idealtzat. Horri esker, arrakasta handia izan zuten, intelektualengan batez ere, eta pixkanaka unibertsitate jaio berrien kontrola hartu zuten. Goi-mailako intelektualek teologo kristauen eta juduen arteko eztabaidak antolatu zituzten juduak kristau federa konbertitzen saiatzeko.
Hala ere, juduen kontrako gorrotoa zabalduz joan zen kristauen artean, deabrukeria, hilketak eta bestelako izugarrikeriak egozten baitzizkieten juduei. Askotan apaizek eta fraideek berek (domingotarrek eta frantziskotarrek batez ere) berotzen zuten herriaren irudimena, eta edozein aitzakia baliatzen zuten judutegien aurkako indarkeria sustatzeko. Eraso horien atzean, askotan, asmo ilunak ezkutatzen ziren. Izan ere, salerosketa edo kreditua zen judu askoren lanbidea, eta lanbide horietan ez da asko behar izaten etsaiak egiteko.
Juduen rola Erdi Aroan
Nolanahi ere, juduak izan ziren kulturaren eta ekonomiaren suspertzaile nagusiak Erdi Aroan. Musulmanek, berriz, ez zuten erlijio-arazo handirik izan juduekin. Musulmanek oro har, nahiko ongi onartu zituzten juduen komunitateak, eta juduek, gehienbat hirietan finkatu zirelarik, merkataritza-sare zabalak eratu zituzten. Judu asko kalifa eta emirren aholkulari, enbaxadore edo bankari ere izan ziren.
Unibertsitateen sorrera eta eskolastika
Aurrerago esan bezala, garai hartan lehen unibertsitateak sortu ziren, Paris, Oxford eta Bolognakoa, adibidez. Unibertsitateetan, eskolastika deritzon eztabaidarako prozedura metodikoa sortu zen. Ikasketa ororen oinarrian, testua gramatikalki analizatzen zuen iruzkina zegoen. Gero, esanahia aztertzen zen eta, azkenik, edukiaren egiaren exegesia egiten zen. Orduan, eztabaida dialektikoa hasten zen questio eran. Amaieran, maisu eta ikasleen arteko disputatio edo eztabaida zegoen, eta testua lehia moduko apustutzat hartzen zuten.