Erantzukizuna eta Etika Gure Gizartean

Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Otras materias

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,71 KB

Erantzukizuna eta Kontzientzia Morala

Erantzukizuna gaur egungo munduan

XX. mendean zehar, beste kontzientzia mota bat sortu zen: kontzientzia planetarioa. Aurrerapen zientifikoaren eta teknikoaren ondorioz, gizakiak lehen ez zituen hainbat arazo ditu orain. Hau guztiok dugun erantzukizuna da, eta denok lagundu behar dugu, egoerak hobera egingo badu.

Erantzukizunaren printzipioa

Hainbat filosofok ohartarazi egin nahi izan gaituzte: gure zibilizazioaren oinarri nagusia aurrerapen deritzoguna da, baina delako aurrerapen hori faltsua da erabat. Aurrerapena lurreko baliabideak gizakion ongizate nahia asetzeko ustiatzean datza, eta horren ondorioz, lurra suntsitzen ari gara. Horregatik, ikusmoldea aldatu behar dugu:

Gure ekintzen ondorioak erantzukizunez gure gain hartzea da aurrerapena, hurrengo belaunaldikoen mundua geuk hartutakoa bezain egokia izan dadin.

Herritar arduratsua eta kosmopolita

Herritar askok beren eskubideak bete daitezen eskatzen dute. Baina benetako herritarrek denoi dagozkigun kontuetan parte hartzen dute, aktiboki eta arduraz. Herritar ona, beraz, ez da moralki nahiz legez berez dagozkion eskubideak erabili baino egiten ez duena, gainerako kontuez batere arduratzen ez dena.

Herritar kosmopolita: Norberaren bizi-egoera jakinak oinarri hartuz, gizadi osoaren arazoekin solidarioa dena da.

Erantzukizun profesionala

Sortu dira etika profesionalak. Helburua da lanbide bakoitzak zer barne-on dituen jakitea, eta horrez gain, eginkizun hori betetzeko bereganatu beharreko ohiturez eta balioez gain, honako hauek zehaztea:

  • Zer eskaini behar dion berariaz gizarteari.

Azken helburua berdintasuna da: profesional bakoitzak bere gaitasun guztiez baliatzea, ahalik eta lan biribilena egiteko.

Gizabanako amoralik ez dago

Aukerak imajinatzea, haien artean hautatu behar izatea eta aukeraketa justifikatzea gizakion egitura moralaren hiru une dira, eta haien ondorioz, ez dago gizabanako amoralik. Izaki bat amorala izango da modu automatikoan jokatzen badu, eta hortaz, bere ekintzen jabe eta erantzule ez bada. Moraltasunez edo ez-moraltasunez jokatuko dugu ezarritako jokabide-arau jakin batzuei dagokienez, baina ezin gara amoralak izan.

Kontzientzia morala

Kontzientzia hitzak, oro har, zerbaitez ohartzeko gaitasuna adierazten du. Kontzientzia morala, hortaz, bizimodu, balio edo printzipio batzuk moralaren aldetik beste batzuk baino hobeak edo gizatiarragoak direla jabetzeko gaitasuna da; moralaren aldetik zer dagoen ondo eta zer gaizki bereizteko baliatzen ditugun printzipioez jabetzeko gaitasuna da.

Kontzientziak bigarren lan hori ere egiten du, hau da, epai praktikoak ematea, printzipio orokorrak eta egoerari buruzko datuak kontuan izanez.

Kontzientziaren funtzioak

Printzipio moral jakin batek zer nolako ondorioak dituen ulertzeko modurik onena hura aplikatzen saiatzea da. Adibidez, gezurrari buruz hitz egiterakoan, garrantzitsuena ez da egia esateagatik lasai geratzea, baizik eta konturatzea gezurrak eten egiten duela nik besteekin nahiz neure buruarekin dudan harremana.

Beste gauza bat da, alabaina, zerbait egin behar dugunean kontzientziak esaten digunari jarraitzea edo hura aintzat hartu ez eta beste bide batetik jotzea; hori da funtzio autokritikoa. Epailearena egiten du, ekintza batzuk goratuz eta beste batzuk gaitzetsiz, eta azken horiek damuaren bidez zigortzen ditu. Kontzientzia moralik ez badago, ez du zentzurik hark egindako zerbaitengatik gogor egitea (ahalmen urrituak dituzten pertsonak, adibidez).

Erantzukizunak eskatzeko, izakiek aske eta kontziente izan behar dute: aukeratzeko gai, eta beren ekintzen jabe izan behar dute.

Entradas relacionadas: