Erantzukizun Politikoen Legea: Analisia eta Testuingurua (1939)

Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 6,67 KB

1939ko Erantzukizun Politikoen Legea: Analisia eta Testuingurua

Sailkapena

Eskutan duguna 1939. urtean altxatuek idatzitako Erantzukizun Politikoen Legea da. Jatorriaren aldetik, testua lehen mailako iturria da, historikoa; formaren aldetik, lege bat da, hortaz, juridikoa; edukiaren aldetik, testua politikoa da.

Dokumentu hura berretsi zuena, Gerra Zibilaren azken uneetan Espainiako zatirik handiena kontrolatzen zuen bando frankista izan zen, Francisco Franco jeneralak zuzenduta.

Dokumentua 1939ko otsailaren 9an onetsi zuen aginte faxistak, baina lau egun geroago argitaratu zen, otsailaren 13an, Boletín Oficial del Estado aldizkari ofizialean. Hartzailea garaiko Espainiako gizartea izan zen, eta testuaren helburua aurretik ezarritako gobernu errepublikanoan egondako pertsonak eta politikariak zigortzea zen; beraz, testu publikoa da.

Ideien analisia

Testuaren lehen mailako ideia altxamendu militarraren kontra egin zutenen egoera legala zehaztea da.

Bigarren mailako ideiak hurrengoak dira: legearen helburua altxamenduaren kontrako jokabideak zigortzea dela argi uztea, epaiketak aurrera eramango dituzten auzitegiak zehaztea, legea zeini zuzentzen zaion argitzea eta zigorretako batzuk aipatzea.

Jarraian ideia bakoitza zehatzago azalduko da:

Testuaren lehenengo paragrafoa legearen justifikazioa da. Beharrezkoa da "matxinada gorria" zigortzea, Gerra Zibilean zehar mugimendu horren alde egindako guztiei beraien ekintzak ordainaraziz.

Bigarren paragrafoak auzitegien osaera ezartzen du: armadako, magistraturako eta FET y de las JONS-eko ordezkariak.

Ondoren, legea osatzen duten hiru artikulu agertzen dira. Horietako bakoitzetik ideia bana atera dezakegu:

  • Lehenengo artikuluak erantzule politikoak nortzuk diren zehazten du. 1934ko urritik (Asturiasko matxinada) 1936ko uztailaren 18ra (estatu kolpea) bitartean "Espainiako egoera larritzea" eragin zuten pertsona fisikoak eta juridikoak (erakundeak, sindikatuak, alderdiak...), baita uztailaren 18az geroztik Mugimendu Nazionalaren aurka borrokatutakoak ere.
  • Bigarren artikuluak 1936ko otsailaren 16ko hauteskundeetan Fronte Popularraren barnean egondako alderdi guztiak legez kanpo uzten ditu, baita horien alde egindako bestelako alderdi edo erakundeak ere. Legearen arabera, horiek Mugimendu Nazionalaren aurka egin eta jarrera "separatista" aurkeztu zuten.
  • Hirugarren eta azken artikuluak zigorra zehazten du. Erantzukizun politikoa izandakoek eskubide politikoak, ekonomikoak eta ondasunak galtzen zituzten.

Testuingurua

1936ko hauteskundeetan eskuinak izandako emaitza txarrak ikusita, Mola eta Franco jeneralak (beste batzuen artean) estatu kolpea prestatzen hasi ziren. Azkenean, uztailaren 17an hasi zen Melillan, eta hurrengo egunean, uztailaren 18an, penintsulara heldu zen. Matxinatuek ez zuten gerra zibil bat eragin nahi, Fronte Popularreko gobernua estatu kolpe baten bitartez kentzea baizik, eta ez zeukaten argi ezarri nahi zuten eredu politikoa zein zen. Altxatuek ez zuten hainbat lurraldetan kolpeak arrakasta izatea lortu eta Espainia bi zatitan banatu zen: eremu matxinatuak, bereziki iparraldean, eta eremu errepublikanoak. Bi bandoek kontrakoa suntsitzeko nahia adierazi zuten eta, modu horretan, Espainiako Gerra Zibila hasi zen 1936ko uztailaren 19an.

Bando frankistak hasiera baten ez zituen zonalde asko bere kontrolpean, baina faktore batzuk kontuan hartu behar ditugu bere garaipena ulertzeko. Armadako goi karguen gehiengoa altxatuen alde jarri zen, eta honek antolakuntza mailan abantaila bat suposatuko zuen. Bestalde, armadako eliteko indarrak Afrikan zeuden gehienbat, eta hauek ere nazionalen alde agertuko ziren. Nazioarte mailan ere Italia eta Alemaniatik laguntza zuzena jaso zuten, Errepublika isolatuago geratu zen bitartean (zeharka SESB eta Mexikoren laguntza bakarrik jaso zuen). Azkenik, bando errepublikarraren barruan egon ziren arazoek ere gerraren norabidea nazionalen mesedetan bideratu zuten.

Indarkeria bi bandoetan eman zen, baina errepublikako bandoan espontaneoa eta antolatu gabekoa zen bitartean, bando frankistan guztiz kontrakoa gertatu zen: indarkeria erabat planifikatua izan zen.

Legea idatzi zenerako bando frankistak argi zeukan Gerra Zibila euren alde bukatuko zela, eta gerra bukatu baino lehenago ere, aurkako bandoa zigortzeko lege hau idatzi zuen. Legeak argi utzi zuen Asturiasko matxinadatik (1934ko urrian) estatu kolpera arte (1936ko uztailaren 18an) errepublika sozial eta demokratikoa defendatutako alderdiak zigortuko zituela erregimenak, Molak eta Francok estatu kolpea ematerakoan Mugimendu Nazionalaren aurka egin baitzuten.

Legearen irregulartasunak

Legeak ez ditu ohiko zenbait printzipio juridiko errespetatzen. Izan ere, lege hura erretroaktiboa edo atzeraeraginezkoa izan zen (iraganean egin diren ekintzen gain eragina duena), hau da, legea existitzen ez zeneko eta lege horrek ilegalak bihurtu zituen jokabideak zigortzen zituen. Justiziaren munduan modu zabal batean onartua den ideia bat da ezinezkoa dela aurretik egindako "delituren" bat zigortzea baldin eta akatsa betetzerako momentuan jokabide hura debekatzen zuen legerik ez bazegoen.

Auzitegien osaerari dagokionez, dokumentuan ikusten den moduan, auzitegi militarrak erabili ziren Erantzukizun Politikoen Legea aplikatzeko; hau da, "delitu" politikoak zigortzeko justizia militarra erabili zen. Auzitegi militarrak zibilak baino askoz ere zorrotzagoak ziren eta honek lege honen aplikazioaren ondorioak gogorragoak izatea eragin zuen. Horrez gain, beste zenbait kide FET y de las JONS-en ordezkariak izan ziren, beraz, auzitegi horrek ez zuen neutraltasuna bermatzen.

Erantzukizun Politikoen Legea 1969. urtera arte egon zen indarrean, baina bereziki gogorra izan zen 1945. urtetik aurrera. Amaitu zenera arte, 1500 espediente baino gehiago ireki zituen auzitegi horrek.

Ondorioak

Dokumentu hau diktaduraren izaera politikoa ulertzeko oinarrizkoa da. Lege honek errepresio politiko gogorra abian jartzeko tresna ezin hobea eskaini zion Francoren erregimenari. Erantzukizun Politikoen Legea 1969. urtera arte egon zen indarrean, eta errepresio politikoa legeztatu zuen, hau sistematikoki aplikatuz. Lege berdinean pertsona fisikoen eta juridikoen erantzukizunak batzen ditu, beraien gain zigor oso gogorrak ezarriz.

Ohiz kanpoko sistema judiziala ezarri zuen, adibidez, atzeraeraginezko lege bat izatean, eta horrek argi uzten du legeak erregimenaren etsai politikoen kontrako mendekua antolatzeko zuen helburua.

Lege honek Francoren ideologiaren oinarrizko ideiak jarri zituen agerian: alderdi bakarra, armadaren garrantzi handia eta gizartearen kontrol politikoa, ekonomikoa eta ideologikoa.

Entradas relacionadas: