Erantzukizun Politikoen Legea (1939): Frankismoaren Errepresioa

Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,38 KB

Erantzukizun Politikoen Legea (1939)

Izaera

Testu historiko, politiko eta juridikoa da, lehen mailako iturria. Egilea: Gobernua. Hartzailea: Herria. Testu publikoa da, Boletín Oficial del Estado aldizkarian argitaratua 1939ko otsailaren 9an, Gerra Zibila amaitu baino bi hilabete lehenago.

Azterketa

Legearen hitzaurreak azaltzen duenez, helburua subbertsio gorriak bultzatutako ekintzekin amaitzea zen. Horretarako, ekintza horiek zigortzeko Auzitegi Bereziak nola antolatu behar ziren zehazten zuen: Armadako, Magistraturako eta FET y de las JONSeko ordezkariekin (1. art.).

Legeak honako hauek jotzen zituen erantzule politikotzat:

  • 1934ko urriaren 1etik 1936ko uztailaren 18ra arte ekintza subertsiboak egin edo bultzatu zituzten pertsonak.
  • 1936ko uztailaren 18tik aurrera Mugimendu Nazionalaren aurka zerbait egingo zutenak ere (2. art.).

1. artikuluaren ondorioz, Fronte Popularraren barruan egondako erakunde guztiak legez kanpo geratu ziren (alderdi politikoak, talde sozialak, erakunde separatistak, etab.), Mugimendu Nazionalaren Garaipenaren aurka jartzeagatik (3. art.). Talde horiek eskubide guztiak eta ondasunak galdu zituzten.

Testuingurua

Lege honek Francoren diktaduraren errepresioa legeztatu zuen. Gerra Zibilaren amaiera aldera (Francok 1939ko apirilaren 1ean jo zuen amaitutzat), garaipena gertu eta ziur ikusita, “Erantzukizun Politikoen Legea” argitaratu zuen 1939ko otsailaren 13an. Funtsean, legearen helburua aurkari politiko eta militarren aurkako mendekua eta “garbiketa” sistematikoa bultzatzea zen. Legeak Auzitegi Berezi horien jarduna (erregimenaren aurkako kide politikoen eliminazioa) justifikatu nahi zuen.

Testua anbiguoa zenez, ados ez zeudenak kartzelaratu edo exekutatu zitezkeen. Gainera, haien ikuspuntutik, 1936ko altxamenduaren alde jarri ez zirenak matxinatu militarrak ziren, eta hori aitzakia izan zen errepresioarekin jarraitzeko lege hau eta beste batzuk sortzeko:

  • 1940ko Masoneriaren eta Komunismoaren Errepresiorako Legea
  • 1941eko Estatuaren Segurtasunerako Legea

Errepublikano asko kartzela berezietan edo kontzentrazio-esparruetan egon ziren preso; beste batzuek, zigorraren arabera, bortxazko lanak egin behar izan zituzten, adibidez, Valle de los Caídos monumentuaren eraikuntzan. Errepresio profesional eta ekonomikoa ere egon zen, arazketen bidez: mota guztietako funtzionarioek lanpostua galdu zuten, eta erregimenaren aldekoek bete zituzten haien tokiak. Egoera hori saihesteko, errepublikano asko erbesteratu ziren.

Errepresio kulturala eta ideologikoa ere ezarri zen, zentsuraren, hezkuntzaren eta propagandaren bidez. Ondoriorik garrantzitsuena izan zen intelektual gehienek Espainiatik alde egin behar izan zutela, hutsune kultural handia utziz. Maisu nazionalak eta irakasleak, oro har, depuratuak izan ziren, eta kultura berria Estatu berriaren zerbitzura jarri zen.

Ondorioak

Lege hau errepresiorako tresna garrantzitsua izan zen. Gerra galdu zutenenganako errepresioan eta beldurrean oinarritu zen erregimena finkatzeko, herritarren atxikimendua behartuz. Francok ez zuen adiskidetze politikarik bultzatu, eta horren ondoriozko arazo batzuk oraindik konpondu gabe daude, Memoria Historikoaren Legearen bidez landu nahi direnak.

Entradas relacionadas: