Erakundeen Sailkapena eta Vroom eta Jago-ren Eredua
Enviado por Chuletator online y clasificado en Matemáticas
Escrito el en
vasco con un tamaño de 3,22 KB
Erakundeen Sailkapena
Onuradun nagusia zein den irizpidetzat hartuta, erakundeak sailkatzeko sarritan erabiltzen den irizpide batek onuradun nagusia nor den hartzen du kontuan. Irizpide horren arabera, lau erakundemota bereiz ditzakegu:
- Erakunde elkar-onuradunak (gaztelaniaz “mutuobenéficas”): Kasu horretan, erakundeko kide arruntak dira onuradun nagusiak. Adibidez: sindikatuak, alderdi politikoak, elkargo profesionalak (zenbait lanbidetako kideek osatzen dituztenak: Ingeniarien Elkargoa, Abokatuen Elkargoa, Medikuen Elkargoa...), erlijio-kongregazioak, eta abar.
- Merkatu-enpresak: Horietan, enpresaburu edo jabeak eta zuzendariak dira onuradun nagusiak. Esate baterako: enpresa industrialak, banketxeak, aseguru-etxeak, handizkako merkataritza-etxeak, eta abar.
- Zerbitzu erakundeak: Zerbitzuak eskaintzen dituztenak, non bezeria (bezeroen multzoa) den onuradun nagusia. Hala nola: ospitaleak, unibertsitateak, aisia-guneak, eta abar.
- Erakunde publikoak: Jendea edo gizartea bera, oro har, da onuradun nagusia; suhiltzaile-zerbitzua, ertzaintza, osakidetza, armada, edo gobernuaren ikerketa-gune zientifikoak, kasu.
Sailkapen horren baliagarritasuna ageri-agerian gelditzen da onuradun nagusiak aldatzen direnean, horrek erakunde osoa erro-errotik eraldatu ohi baitu (aipatu sailkapenean mota batekoa izatetik beste batekoa izatera pasaraziz). Maiz, horrelako aldaketak ez dira inolaz ere onartuak izaten, eta aldaketoi irmo jarkitzen zaizkie hartara interesatuta daudenak; beste batzuetan, hobekuntza iraultzaile gisa aldarrikatzen dituzte aldaketok, onartuak izan daitezen. Edonola ere, erakundearen funtsezko izaeran eraldaketak sortzen dituzte. Horixe gertatzen da, adibidez, elkarte anonimo batean akziodunek onuradun nagusi izateari uzten diotenean, zuzendariek haien lekua betetzen dutelarik; edota unibertsitatean irakasleek eta agintari akademikoek etekin pertsonalak erdiesten dituztenean, ikasleen heziketaren kaltetan; edota banketxe bat nazionalizatu (jabetza pribatua zena publiko bihurtu) ostean, onura guztiak gizarte osora zabaltzen direnean, ordura arteko jabe apurren eskuetan kontzentratuta egon beharrean. Onuradunen aldaketa horiek zuzenak edo okerrak ote diren norbanakoaren jarrera ideologikoaren araberakoa da. Eztabaidaezina, ordea, zera da: onuradunen aldaketak erakundearen sustraiari berari eragiten diola.
Vroom eta Jago-ren Eredua
Parte-hartze eredu teoriko eta arau-emaile bat da, Vroom-ek eta Yetton-ek (1973) sortua, eta geroago Vroom-ek eta Jago-k (1988) berreraikia eta birmoldatua. Eredu horrek erakutsi nahi du zein den parte-hartze mailarik egokiena erakunde batean erabaki bat hartu behar den bakoitzean.
Erabakiaren Eraginkortasuna
Horrela, erakunde bateko zuzendariak erabaki eraginkor bat hartu nahi badu, ahalegindu behar du erabakia kalitatezkoa izaten (aukera guztien artean onena hautatuz) eta hura jendearen konpromiso handiarekin hartzen (erabakia modu eraginkorrean bete edo gauzatuz). Vroom eta Jago-ren ereduan, hainbat “erabakitzeko prozedura” bereizten dira, beste pertsona batzuen parte-hartzea modu desberdinean.