Enpresen Finantzaketa Iturriak: Mota eta Ezaugarriak

Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Economía

Escrito el en vasco con un tamaño de 5,13 KB

Finantzaketa-iturriak

Enpresak bere diru-beharrei aurre egiteko dituen baliabide likidoak edo ordainbideak dira.

Finantzaketa-iturrien sailkapena itzultzeko epearen arabera:

  • Epe motzeko finantzaketa-iturriak: Itzultzeko epea urtebete baino gutxiagokoa denean (banku-maileguak).
  • Epe luzerako finantzaketa-iturriak: Itzultzeko epea urtebete baino handiagoa denean eta galdagarritasun-epe mugagabea dutenean (kapitala, erreserbak).

Enpresaz kanpo edo bere ohiko jardueragatik sortutakoen sailkapena:

  • Barne-finantzaketa: Banatu ez diren irabaziak eta amortizazio- eta hornidura-kuotak.
  • Kanpo-finantzaketa: Kapital soziala, maileguak, enpresaren funtzionamendu-kredituak...

Finantzaketa-bideak jabeenak edo enpresaz kanpoko pertsonenak izatearen sailkapena:

  • Berariazko finantzaketa-bideak: Kapitala eta erreserbak.
  • Kanpoko finantzaketa-bideak: Maileguak, kredituak eta mota guztietako jesapenak.

Baliabide propioak edo berariazko finantzaketa:

Enpresak dituen egonkorrenak dira. Bestalde, arrisku gehien dutenak dira; izan ere, porrotaren kasuan, bazkideak dira enpresaren likidaziotik dagokien zatia jasoko duten azkenak.

Baliabide Propioak

  • Kapitala: Sozietatea eratzean bazkideek egiten dituzten ekarpenek osatzen dute, eta, honetaz gain, egin daitezkeen kapital-zabalkuntzek. Kapital-ekarpenak honako hauek egin ditzakete: gizabanakoek, enpresek, enpresa-taldeek edo, epe batzuetan, eta aldi baterako, arrisku-kapitaleko sozietateek.
  • Erreserbak: Enpresak banatu ez dituen irabazietatik datoz, eta barne-autofinantzaketaren parte dira. Irabaziak emaitzatik lortzen dira, eta azken hau, enpresaren jardueraren ondorioz. Erreserbak mota ezberdinetakoak izan daitezke: legezkoak, estatu-erreserbak eta borondatezkoak. Erreserbak enpresan geratzen diren irabaziak dira; hori dela eta, aberaste-autofinantzaketa bezala ezagutzen dira.

Mantentze-finantzaketa

  • Amortizazioak: Ibilgetuak ekoizpen-jardueretan galtzen duen balioa kontuan hartuz kalkulatzen dira. Ibilgetuaren ondasunek balioa galtzen dute ekoizpen-jardueran erabiltzeagatik. Urtealdi ekonomiko bat amaitzen denean, enpresaren aktiboetan gertatu den balio-galera kalkulatzen da, eta produktuaren balioan sartzen da, salmentaren prezioan kobratuko den kostu moduan. Urteak pasa ahala, amortizazio-funtsaren igoera aktiboen balio-galeraren bera da, eta, beraz, hauen bizitza ekonomikoaren amaieran, enpresak aktibo horiek ordezkatu egin ahal izango ditu.
  • Hornidurak: Enpresaren emaitzaren parte dira, baita ere; izan ere, enpresak funts bat sortzen du oraindik sortu ez diren galera edo etorkizuneko gastuei aurre egiteko (zerga-ordainketak).

Leasing edo errentamendu finantzarioa:

Finantzaketa-sistema honen bidez, enpresak aktibo finkoko elementuren bat har dezake errentamendu-kuotaren truke. Prozesu honetan, hiru agente ekonomikok hartzen dute parte: enpresa-bezeroa, ondasun jakin bat behar duena; ondasuna duen edo sortzen duen enpresa; eta leasing enpresa. Leasing operazioaren iraupena, normalean, bat dator ondare-elementuaren bizitza ekonomikoarekin. Leasing-aren kuoten zenbatekoa honako hauek osatzen dute: ondasunaren amortizazioa, ekoizpen-kapitalaren interesak, administrazio-gastuak eta enpresa errentariak huts egiten duen kasurako arrisku-primak. Alokairu-epea amaitzen denean, ondasuna leasing enpresari itzul dakioke, edo erosi egin daiteke, kontratuan ezarritako prezioaren truke. Finantzaketa-modalitate honen oztopo nagusia horrek dakarren kostu handia da. Hala ere, enpresa askok hartzen dituzte aktibo-elementuak leasing modalitatearekin; izan ere, finantza-baliabideak bilatzea ekiditen dute, abantaila fiskalak lor ditzakete, eta emaitza ekonomikoa baxuagoa izango da, enpresak zerga gutxiago ordainduko baititu.

Renting:

Epe ertain eta luzerako ondasun higigarriak alokatzean datza. Renting kontratuan, errentariak epe jakin batean errenta finko bat ordaintzeko konpromisoa hartzen du, eta renting enpresak, berriz, zerbitzu batzuk emateko konpromisoa hartzen du:

  • Kontratuak dioen epean ondasunaren erabilera erraztu.
  • Ondasunaren mantentzea egin.
  • Arrisku oroko asegurua kontratatu.

Era honetan egindako alokairuaren errenta, fiskalki % 100ean kengarria den gastua da, ondasun higigarriekin egin daiteke soilik, eta ez dago errentamenduaren iraupen minimorik. Kontratua amaitzean, renting enpresak ekipoak ordezkatzeko edo kontratua berritzeko aukera eskaintzen dio errentariari.

Factoring:

Enpresa-finantzaketako beste modalitate bat da, eta honetan datza: enpresak bezeroengan dituen kreditu-eskubide guztiak saltzen dizkio "factor" izeneko enpresa bati, eta azken honek, berehalako likidezia ematen dio enpresari, eta ez-ordainduen eta berankorren arazoa ekiditen dio; izan ere, deskontuaren aldean, enpresa ez da bere bezeroek ez ordaintzearen erantzule. Modalitate honen desabantaila zera da: interes eta komisio kostu handia.

Entradas relacionadas: