Energia Berriztagarriak: Iturriak eta Ezaugarriak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Geología
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,35 KB
Energia Berriztagarriak
Iturri naturaletatik sortzen den energia mota da. Energia mota honek erabiltzen dituen baliabide naturalak oso ugariak dira, baina garrantzitsuenak hauek dira:
Eguzki Energia
Eguzkiak igorritako uhin elektromagnetikoen erradiazio-energia da. Nola erabiltzen den kontuan hartuta, bi mota bereizten dira: termikoa eta fotovoltaikoa.
Energia mota honek energia berriztagarri guztiek dituzten abantailak ditu:
- Doakoa eta agortezina da.
- Edonon dago.
- Erabilerak ez du ingurumenera gasik igortzen, eta energia garbia dela esaten da.
Edonola ere, desabantailak ere baditu:
- Eguraldiaren mende dago.
- Ez da etengabea.
- Ez da erraz metatzen.
- Zelula fotovoltaikoak egiteko erabiltzen diren produktu batzuk toxikoak dira.
Energia Hidraulikoa
Uraren energia potentzialaz baliatuta lortzen den energia da. Zentral hidroelektrikoak ibai handienetan kokatzen dira, eta urtegien beharra dute.
Abantaila hauek ditu:
- Ez dute ura kontsumitzen, ez kutsatzen; beraz, elektrizitatea ekoizteko erarik garbienetariko bat da.
- Urtegiek, neurri batean, ibaien emaria orekatzen dute, eta uholdeak saihesten dituzte.
- Kontsumorako zein lurrak ureztatzeko erabiltzen da pilatutako ura.
Hala ere, hainbat ingurumen arazo sortzen ditu:
- Bertako biztanle askok beste toki batzuetara alde egin behar izaten dute.
- Eremu handiak gelditzen dira urpean, balio ekologiko eta sozio-ekonomiko handikoak.
- Lur emankorra galtzen da.
- Arrainen migrazioa eta elikagaiak ibaian behera garraiatzea galarazten da.
- Ibilguaren zenbait zatitan biziki murrizten da ur-emaria.
- Higadura eta sedimentazioa areagotu egiten da.
- Urtegia zartatzeko arriskua dago.
Haize Energia
Aerosorgailuen bitartez, haizearen indarretik elektrizitatea lortzen da. Haize-energiak abantaila hauek ditu:
- Doakoa, garbia eta berriztagarria da.
- Haizea toki guztietan dagoenez, hedadura handiko iturria dela esan daiteke.
Desabantailak hauek dira:
- Batzuetan ez da haizerik izaten, eta metatzen zaila da.
- Paisaian sor dezakeen eragina.
- Aerosorgailuen eta gainerako instalazioen kokapenak eragin dezakeen higadura.
- Faunan sor ditzakeen kalteak.
Mareen eta Olatuen Energia
Itsasoko uraren higiduraz baliatuta lortzen den energia da. Energia mareomotriza, adibidez, ez da etengabea, izan ere, mareak aldizka izaten dira. Bestalde, erabilgarria izateko, mareen arteko aldeak handia izan behar du, eta horregatik marea zabaleko herrialdeetan egin dira esperientzia gehienak.
Biomasa Energia
Landareek fotosintesian karbono dioxidoa eta eguzki-energia erabiliz sintetizatzen duten materia organikoan pilatutako energia berriztagarria da. Biomasa ustiatzeak inpaktu nabarmenak izan ditzake:
- Egurra lortzeko basoak soiltzea.
- Biogasen errekuntzak berotegi-efektua areagotzea.
- Zaborren errausketak dioxinak eta beste substantzia arriskutsu batzuk askatzea.
Energia Geotermikoa
Lurraren barneko beroaz baliatuta lortzen den energia da. Gune bolkanikoetan, energia-iturri hau erabiltzea erraza da. Ingurumenari dagokionez, energia mota honek ez du aparteko arazorik sortzen.