Elton Mayo: Esperimentuen Ondorio Nagusiak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Otras materias
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,66 KB
Elton Mayo-ren Esperimentuen Ondorioak
Esperimentu hauen emaitzak ikusita, Elton Mayo-ren ordura arteko postulatuak edo uste okerrak bertan behera geratu ziren: langileen lanarekiko gogoak eta motibazioak (eta, hedaduraz, produktibitatea) ez zuten zerikusirik argiaren intentsitatearekin, ez lan-jardunaldi motarekin, ez ordainsari-sistemarekin, ezta neurri fisiologikoekin ere. Sinple-sinpleki, langileek gehiago eta gogorrago egiten zuten lan, arreta jartzen zitzaiolako, nolabait tratu berezia jasotzen zutelako, beren burua garrantzitsu sentitzeko motiboak ematen zitzaizkielako, beren zereginek zentzua zutelako.
Beraz, langilearen ustezko indibidualismoa eta materialismoa, postulatu psikologiko unibertsal gisa, ukatuta eta baztertuta geratu ziren horrela.
Talde Informalak eta Haien Eragina
Beste zenbait esperimentu ere egin zituzten, eta ondoriotzat honakoa atera zuten: langileek berez-berez taldeak osatzen zituztela, eta modu espontaneoan lider natural batzuk hautatzen zituztela; eta, gainera, taldeak lankideen portaera indibidualean eragin handia zuela; azken batean, antolakunde informal bat existitzen zela, antolakunde formalaz apartekoa eta arau sozial propioekin hornitua.
Horrela, jokabideari buruzko kode estraofizial bat indarrean zegoen, zeinak taldeko kideengan eragin handia baitzuen, haiei arau batzuk finkatuz, honako hauek, kasu:
- Ez duzu larregi lan egin behar.
- Ez duzu gutxiegi lan egin behar.
- Lankide bati kalte egin diezaiokeen ezer ez diezu nagusiei esan behar.
- Ez duzu distantzia sozial bat mantendu edo ofiziosoki jokatu behar.
Mayo-ren Ekarpena eta Postulatu Berriak
Elton Mayo-k, hortaz, ia-ia eliminazioz, berebiziko garrantzia izan zuen aurkikuntza egin zuen: talde informalen presentzia aktiboa industrian.
Azken batean, gizakiak industrian eta kanpoan modu berdinean jokatzen duela frogatu zuen Mayo-k. Gizakia ez da bere ahaleginaren truke ordainsari materiala soilik bilatzen duen norbait. Aitzitik, baditu, eduki, interesatzen zaizkion beste hainbat pizgarri: besteak beste, bere lagunekin ondo konpontzea eta lagun talde bateko partaide sentitzea.
Bestela esanda, gizaki oso eta erabatekoa da, bai interes materialak bai espiritualak dituena, arrazionala eta irrazionala, logikoa eta sentimenduzkoa.
Horrela, sasoi hartan indarrean zeuden postulatuak lurperatu egin zituen Elton Mayo-k, eta justu aurkakoak aldarrikatu zituen:
- Langilea ez da nagusiki interes ekonomikoen kariaz mugitzen.
- Langileak ez du jokatzen edo erantzuten gizabanako isolatu bat balitz bezala; lan taldeko partaide den neurrian eta horren arabera baizik.