Elikaduraren Garrantzia: Haurren Garapena, Kultura eta Gizartea

Enviado por Chuletator online y clasificado en Magisterio

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,92 KB

Elikadura eta Harremana

Elikadura eta harremana uztarturik doaz. Lehenengo elikadura-esperientziak bat egiten du beste pertsona batekiko lehenengo harremanarekin, eta horren gainean eraikiko da ondorengo harreman guztia. Jaioberri bat elikatzeko ekintzatik abiatzen da helduaren eta haurraren arteko harremana: lotura afektiboak sortuko dituen elkarrekiko prozesua hasiko dute, eta biak izango dira harremaneko zati aktibo. Haurraren beharrak biologikoak dira, baina etorkizunean izango dituen prozesu mentalen oinarri ere badirenez, hasieratik bilatu eta ezarriko ditu harreman afektiboak. Sentsazio horien laguntzaz, haurrak bere inguruko gauzak eta zaintzen duten pertsonak hautemango ditu, eta haiekin erlazionatzeko modua eratuko du. Horren ondorioz, konfiantza garatuko du eta elkarrizketa hasiko du.

Helduaren jarrera oso garrantzitsua izaten da harreman horretan. Ulertu behar da elikaduraren bidez ezartzen den harreman afektiboaren parteetako bat haurra dela, eta haurra heldua bezain aktiboa dela prozesu horretan. Haurraren ordutegiak, erritmoak eta gustuak errespetatu behar ditu helduak, eta haurraren independentzia garatzen lagunduko duen bien arteko elkarrizketa hasiko da.

Elikadura eta Kultura

Elikadura eta kultura estuki lotuta daude. Kultura bakoitzak janaren inguruko tradizio eta erritualak sortu eta betikotu ditu; ondorioz, elikaduraren balioa kultura bakoitzaren balioetan garatu da. Haurrak, janaren inguruan, norbanako gisa eta talde sozial eta kultural jakin baten partaide dela modu jakin batean egituratzen lagunduko dioten esperientziak egin eta jaso ditu.

Elikadura, egintza kulturala den aldetik, osagai askoko prozesua da: zergatik nahiago izaten diren elikagai batzuk eta beste batzuk baztertzen diren, jakiak nola prestatzen eta aurkezten diren, zenbat elikagai dagoen, jatorduen maiztasuna, zer tresna erabiltzen diren, mahaikideak nola ezartzen diren jateko tokian, eta abar. Kulturako parte diren alderdi horiek guztiak elikagaiak eta horien nutrizio-edukiak bezain garrantzitsuak dira pertsonen garapenean.

Elikadura Gizarte Ekintza Gisa

Elikadura gizarte ekintza garrantzitsua da. Gaur egungo gizartean, familiako ospakizunek, festa herrikoiek, lagunen arteko topaketek, askotan, otordu bat izaten dute lagun, eta horren bidez ekintza garrantzitsu eta zoriontsu bat partekatzen da. Goi-finantzetan ere, otordu on batek negozio on bat ixten lagundu dezake. Janariaren bidez, erlazio afektibo bat dugun pertsonekin jaten sentitzen ditugun sentsazio atseginak partekatzen ditugu.

Elikatzea gizarte ekintza denez, gizarte-taldearen araberako portaera-arau batzuk ditu, eta arau horiek lehenengo unetik transmititzen dira, haurrak barneratu egin behar dituelarik. Jatordua une atsegina izan dadin ere saiatu behar da une oro; hezkuntzak jateko beharra ase egin behar baitu, eta une hori beste pertsona batzuekin partekatzeko beharra baitago.

Entradas relacionadas: