Elementu eta Konposatu Kimikoak: Definizioa eta Adibideak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Química
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,81 KB
Elementuak eta Konposatuak
Substantzia puru batek zenbait osagai dituenean, osagai horiek bereizteko beste prozesu batzuk erabili behar dira, eta horietan substantzien izaera aldatzen da edo beste substantzia batzuk sortzen dira. Hortaz, prozesu kimikoak dira.
Zer dira Elementuak?
Elementuak substantzia puruak dira, metodo kimikoen bidez bestelako substantzia bakunagotan deskonposatu ezin daitezkeenak.
Zer dira Konposatuak?
Konposatuak substantzia puruak dira, metodo kimikoen bidez bestelako substantzia bakunagotan deskonposatu daitezkeenak.
Definizio horien arabera, hidrogenoa eta oxigenoa elementuak dira; ura, ordea, konposatua da.
Daltonen Teoria Atomikoa
John Daltonek teoria atomiko ospetsua enuntziatu zuen 1808an. Funtsezko printzipioak hauek dira:
- Materia atomo deritzen partikula txiki, banaezin eta zatiezinez osaturik dago.
- Atomo guztiak berdinak dituen materia elementu bat da.
- Elementu bakoitzaren atomoek berezkoak zaizkien masa eta ezaugarriak dauzkate.
- Elementu desberdinen atomoak elkartzen direnean, konposatuak eratzen dituzte.
- Konposatu baten atomoak, atomo konposatuak, berdinak dira guztiak masari eta ezaugarriei dagokienez.
1811n, Amadeo Avogadro kimikalari italiarrak molekula izena eman zien Daltonen atomo konposatuei. Hona hemen nola eratzen den ura, Daltonen teoria atomikoaren arabera, hidrogenotik eta oxigenotik abiatuta:
Hidrogeno molekulak, hidrogeno atomo berdinez osatuak daude. Oxigeno molekula osatzen duten oxigeno atomoak elkarren berdinak dira, baina hidrogeno atomoen desberdinak. Hidrogeno atomoak eta oxigeno atomoak 2:1 proportzioan konbinatzen dira elkarrekin, ura eratzeko. Ur molekula guztiak berdinak dira.
Elementu Kimikoak
Elementu batzuk Antzinarotik dira ezagunak, adibidez, urrea, zilarra, burdina eta kobrea. Beste elementu batzuk, ordea, artifizialak dira, ez daude naturan, hala nola, plutonioa.
Elementu batzuk oso ugariak dira (oxigenoa edo silizioa) eta beste batzuk oso urriak (kadmioa edo zinka). Bi eratara aurki ditzakegu:
- Konposatu gisa: beste elementuekin konbinaturik. Adibidez silizioa edo karbonoa.
- Konbinatu gabe: oxigenoa eta nitrogenoa.
Izaki Bizidunen Oinarrizko Elementu Kimikoak
Materia bizidunaren konposizioa aztertuz gero, bi kategoria handitan osaturik dagoela konturatuko gara: funtsezko elementuak eta elementu sekundarioak.
- Funtsezko elementuak lau dira: karbonoa, hidrogenoa, oxigenoa eta nitrogenoa.
- Elementu sekundarioen artean hauexek daude: sufrea, fosforoa, potasioa, kaltzioa, magnesioa, burdina, sodioa, kloroa, etab. Ez-organikoak eta organikoak izan daitezke.