Ekosistemak: Biosfera, Osagaiak, Harreman Trofikoak eta Funtzionamendua
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Biología
Escrito el en vasco con un tamaño de 6,31 KB
Biosfera, Ekosfera eta Ekosistemak
Lurrean bizi diren izaki bizidun guztien multzoari biosfera deritzo.
Ekosistema honako elementu hauek osatzen dute: leku jakin batean bizi diren izaki bizidunek, izaki bizidun horien eta haiek bizi diren toki fisikoaren arteko harremanek, leku horren ezaugarriek, eta ingurunearen eta organismoen arteko harremanek.
Lurrean ekosistema asko daude. Batzuk uretakoak dira, adibidez, ibaiak, urmaelak eta itsas hondoak. Lehorreko ekosistemak, berriz, basamortuak, oihanak eta belardiak dira, besteak beste.
Planetan hedadura handia duten lehorreko zenbait ekosistemari biomak deritze.
Lurreko ekosistema guztiak elkarri lotuta daude; ekosistema guztien multzoari ekosfera esaten zaio. Ekosfera, beraz, gure planetako ekosistema guztien multzoa da. Ekosferaren alde bizia biosfera da.
Ekosistemen Osagaiak
Ekosistemek bi osagai nagusi dituzte: biozenosia eta biotopoa.
Biozenosia
Ekosistemako izaki bizidunen multzoa da. Biozenosia deskribatzeko, datu hauek behar ditugu:
- Ekosistemako izaki bizidunen zerrenda, espezie bakoitzaren ehunekoa adierazita.
- Izaki bizidun horien arteko harremanak.
Izaki bizidun batzuk egotearen eraginez sortzen diren faktoreei faktore biotikoak deritze.
Biotopoa
Ekosistemako alde ez-organikoa da (harriak, haizea, etab.). Biotopoa deskribatzeko, honako hauek behar dira:
- Ekosistema mota (urmael, parkea, etab.).
- Ekosistemaren bereizgarri diren parametro fisiko eta kimikoen zerrenda (argi kantitatea, tenperatura, etab.).
Inguruneko eragile fisikoei eta kimikoei faktore abiotikoak deritze.
Ekosistemen osaera eta funtzionamendua aztertzen duen zientziari ekologia deritzo.
Habitata eta Txoko Ekologikoa
- Habitata: Ekosistema batean espezie bateko banakoek bizitoki duten leku fisikoa da. Espezieak bizitzeko beharrezkoak diren natura-baldintzak barne hartzen ditu.
- Txoko ekologikoa: Espezie batek dagokion ekosisteman duen eginkizuna adierazten du. Hainbat alderdik finkatzen dute: espezie horren portaera, elikadura, elikagai hori non aurkitzen duen, eta zein harrapariren elikagai den, besteak beste.
Izaki Bizidunen Elikadura Ekosistemetan
Izaki bizidun guztiek energia behar dute bizi-funtzioak egiteko, eta elikagaietan dauden mantenugaietatik lortzen dute energia hori.
- Ekoizleak: Beren materia organikoa sortzen dute materia ez-organikotik abiatuta, fotosintesiaren bidez. Adibidez: landareak, zenbait bakterio eta algak.
- Kontsumitzaileak:
- Lehen mailakoak: Belarjaleak. Belarra janez elikatzen dira.
- Bigarren mailakoak: Haragijaleak. Belarjaleak janez elikatzen dira. Batzuk orojaleak dira, belarra ere jaten baitute.
- Hirugarren mailakoak: Marrazoak, sugeak, arrano sugezalea, etab. Animalia belarjaleak nahiz haragijaleak jaten dituzte.
- Deskonposatzaileak: Materia organikoa deskonposatuz elikatzen dira.
Harreman Trofikoak
Elkar janez elikatzen diren izaki bizidunen arteko harremanei harreman trofikoak deritze. Hiru modu nagusi daude adierazteko:
- Kate trofikoak
- Sare trofikoak
- Piramide trofikoak
Piramide Trofikoak
Piramide trofikoen bidez, grafikoki adierazten da nolako aldaketak dauden ekosistema bateko maila trofikoen artean. Piramidearen oinarria organismo ekoizleei dagokie, eta haren gainean gainerako mailak jartzen dira.
Kopuruen Piramideak
Ekosistema batean maila trofiko bakoitzeko zenbat banako dauden adierazten da.
Biomasaren Piramideak
Piramide-mailek maila trofiko bakoitzaren biomasa adierazten dute. Biomasa deritzo materia organikoaren kantitateari; honela neurtzen da: ekosistema batean azalera- edo bolumen-unitateko dagoen materia organiko lehor guztia, gramotan edo kilogramotan neurtuta.
Energiaren Piramideak
Piramide-maila bakoitzak adierazten du zenbat energia pilatu duen maila trofiko horrek. Horrelakoek ematen dute informazio gehien, maila trofikoen arteko energia-fluxua adierazten baitute. Inoiz ez dira alderantzikatuak.
Ekoizleen eta Deskonposatzaileen Eginkizuna
Ekoizleak
Ekoizleek ez dute materia organikorik hartzen. Bakoitzak bere materia organikoa sortzen du, substantzia ez-organikoak erabiliz: karbono dioxidoa, gatz mineralak eta ura hartuz. Fotosintesiaren bidez, ekoizleek materia organikoa sortzen dute, eta materia organiko hori kontsumitzaileek erabiltzen dute gero. Materia organikoa izaki bizidun batzuetatik beste batzuetara igarotzen da, eta, azkenean, hondakin organikoak eratuko ditu.
Deskonposatzaileak
Hondakin horietan, deskonposatzaileek jarduten dute. Materia organikoetako proteinak, koipeak eta gluzidoak substantzia ez-organiko bihurtzen dituzte: karbono dioxidoa, ura, gatz mineralak... Substantzia horiek ekoizle autotrofo fotosintetikoek berriro erabiltzen dituzte.
Materia eta Energia Ekosistemetan
Ekosistema guztietan, bi prozesu gertatzen dira aldi berean: energia-fluxua eta materiaren zikloa.
Energia-fluxua
Energia argi-energia moduan sartzen da ekosisteman, Eguzkitik dator, eta organismo fotosintetikoek energia kimiko bihurtzen dute. Energia kimiko hori ekoizleen materia organikoan pilatzen da, eta modu horretan igarotzen da maila trofiko batzuetatik besteetara. Noranzko bakarrekoa da. Organismoek energia osoaren zati bat soilik baliatzen dute bizi-funtzioak egiteko; izan ere, arnasketan, energia apur bat galdu egiten da, eta ez da berriro erabiltzen.
Materiaren Zikloa
Materia birziklatu egiten da, eta ez da galtzen. Organismo ekoizleek materia ez-organikoa hartu eta materia organiko bihurtzen dute. Ondoren, materia organiko hori kontsumitzaileen maila batzuetatik besteetara igarotzen da. Ekoizleak nahiz kontsumitzaileak hiltzen direnean, organismo deskonposatzaileek materia ez-organiko bihurtzen dituzte haien gorpuzkiak. Gero, substantzia ez-organiko horiek ingurunera igarotzen dira, eta handik, berriro, ekoizleengana.