Ekonomia Globala: Merkataritza, Protekzionismoa eta Balantzak

Enviado por Chuletator online y clasificado en Economía

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,13 KB

Legezko Kutxa-Koefizientea

Legezko kutxa-koefizientea Banku Zentralaren aginduz banku-sistemako erakundeek aktibo gisa ez mantentzen duten legezko diruaren ehunekoa da, dela bezeroek dirua atera nahi dutenerako baliabideak izan ditzaten, dela interes orokorreko arrazoiengatik.

Nazioarteko Merkataritza eta Abantaila Konparatiboa

Hau da nazioarteko merkataritzaren oinarri den arrazoi nagusia: herrialdeak berak ez dituen ondasunak lortu nahia. Ondasun eta zerbitzu jakin batzuk ez edukitzea edo urriak izatea ekoizpen-kostuekin eta eskariarekin lotuta dago.

Pertsonak bezala, herrialdeak ere beste herrialde batzuekiko abantaila emango dieten ondasunak eta zerbitzuak ekoizten espezializatzen dira. Teoria horren bidez justifikatzen eta azaltzen dira nazioarteko merkataritzak dakartzan onurak, eta Abantaila Konparatiboaren Teoria esaten zaio.

Protezionismoa: Arrazoiak eta Neurriak

Praktikan, herrialde batzuek onura gehiago lortzen dituzte nazioarteko merkataritzatik beste batzuek baino; horregatik, batzuek neurri protekzionistak ezartzen dituzte. Hauek dira neurri horiek justifikatzeko arrazoi nagusiak:

  • Interes orokorrerako estrategikotzat jotzen diren industriak babestea;
  • Industrializazioa eta enplegua sustatzea;
  • Gora egiten ari diren industriak garatzea;
  • Dirua biltzea.

Hauek dira neurri protekzionista nagusiak:

  • Inportazioei muga-zergak ezartzea;
  • Kuotak ezartzea;
  • Herrialdeko ekoizleei diru-laguntzak ematea;
  • Muga-zergak ez diren oztopoak.

Merkataritza Askea: Abantailak eta Argudioak

Beste herrialde batzuk, aldiz, nazioarteko merkataritzarako murrizketak bertan behera uztearen aldekoak dira; hau da, merkataritza askearen aldekoak; izan ere, lehia askeak aurrerapena sustatzen duela uste dute. Hauek dira haien argudio nagusiak:

  • Efikientzia handiagoa lortzen dela ekoizpen-faktoreen erabileran;
  • Lehia sustatzen eta areagotzen duela;
  • Ondasunen eta zerbitzuen kantitate eta aniztasun handiagoa sortzen duela;
  • Eskala-ekonomiak lortzen errazten duela.

Ordainketa-Balantza: Egitura eta Garrantzia

Esportazioak eta inportazioak erregistratzeko, herrialdeek Ordainketa-balantza erabiltzen dute. Kontabilitateko dokumentu horretan, herrialde jakin baten eta munduko beste herrialdeen artean epe jakin batean —eskuarki, urtebete— egindako transakzio ekonomikoak erregistratzen dira. Ordainketa-balantza hiru multzo handitan dago egituratuta, zer trukatzen den kontuan hartuta:

  • Kontu korronteko balantza (ondasunak, zerbitzuak eta kontu korronteko transferentziak);
  • Kapital-kontuko balantza (kapitalaren transferentziak eta aktibo ez-finantzarioen besterentzea);
  • Finantza-kontuko balantza (inbertsioak eta erreserben aldakuntzak).

Ordainketa-balantzaren amaierako saldoa beti zero izaten da, doikuntzak egiten direlako. Hala ere, azpibalantza batean edo batzuetan desorekak sor daitezke; hau da, defizita edo superabita. Desoreka horiek handiak badira edo luzaroan irauten badute, kezkagarriak dira.

Entradas relacionadas: