Édouard Maneten "Bazkaria Belarretan": Tradizioa eta Modernitatea
Enviado por Chuletator online y clasificado en Arte y Humanidades
Escrito el en vasco con un tamaño de 10,33 KB
1. Édouard Maneten "Bazkaria Belarretan": Obraren Deskribapena
Obra hau "Bazkaria Belarretan" izenekoa da, Édouard Manetek 1863. urtean egina, Inpresionismoaren garaian, hain zuzen ere. 206 x 265 zentimetroko oihalean, oleoz egindako margolana da. Gaur egun, Orsay museoan dago, Parisen. Inpresionismoaren koadro oso garrantzitsua da hau, garaiko Frantziako gai soziopolitikoak kritikatzen baititu. Ordura arte inork egin ez zuena egiten du Manetek: ikusleari zuzenean begiratu eta kritikatu.
2. Manet: Inpresionismoaren Aitzindaria
Manet mugimendu inpresionistaren aitzindaritzat hartzen da, nahiz eta haren teknika erabat inpresionista ez izan. Denboraldi honetako artista guztietatik, Manet kontraesankorrena dela esan genezake, nahiz eta pertsona errebeldetzat hartzen zen. Ia bere bizitza osoa fama eta fortunaren bila pasatu zuen, eta nahiz eta orain artista oso handia izan, hasieran ez zuen seguru bere bide artistikoa, eta gainera, bere margolanengatik asko kritikatu zuten, bai erabilitako teknikagatik, bai tratatutako gaiengatik ere. Bere bizitzaren bukaerara itxaron behar izan zuen merezitako talentua jaso zezan. Nahiz eta inpresionistaren aita dela esaten zen askotan, bera ez zen guztiz inpresionista. Berak Saloian jartzen zituen bere koadroak, eta berak zituen helburuak ez zetozen bat inpresionistekin. Bere karreraren hasieran, batez ere, berezitasun-puntu bat izan zuen bere koadroak eskandalosoak zirela esaten zutelako. 1870. urteko erdialdera arte ez zen hasi inpresionisten teknikak erabiltzen. Bownesek esaten zuen Manet gaztetan zerbait berria egiten saiatzen zela. Konposizio mota berri bat egiten saiatzen zen, gainazalean hain organizatua, Velazquezen koadroak bezala. Koadro hau 1863. urtean margotu zuen Manetek, inpresionismoa sortzear zegoela, izan ere, Manet inpresionismoaren aitzindarietako bat dela uste da. Garai honetan, Parisen aldaketa handia ematen ari da Napoleon III.aren eskutik, izan ere, Paris modernizatu nahi du (kontuan hartzekoa da industrializazio eta garapen tekniko handiak gertatzen ari direla garai honetan). Artistikoki, "Institut de France" akademiaren eta akademizistaren eskuetan zegoen egoera. Eskola honetan teknika eta gai tradizionalak lantzen ziren, eta ez zituzten aldaketa handiak onartzen. Gainera, Saloi ofizialak antolatzen ziren, lehenengo bi urtetan behin eta ondoren urtero, non artista askok beren lanak aurkezten saiatzen ziren ezagunak bihurtzeko asmoz. Saloi hauetan modernoagoak ziren edota teknika berritzaileagoak zituzten koadroak ez zituzten onartzen, eta honengatik, "Errefuxatuen Saloiak" sortu zituzten, Saloi ofizialetan onartu ez ziren koadroak aurkezteko.
3. Eragin Artistikoak Maneten Lanean
Koadro hau egiterakoan, bere obra askotan bezala, eraginak izan ditu, eta aipagarriak dira. Hasteko, esan bezala, askotan Louvrera joaten zen, eta han maisu handien koadroak ikusteko aukera izan zuen, eta oso onuragarria izan zela esan daiteke. Hemen Goya, Velazquez, Tintoretto eta Rubens bezalako artisten obrak ikusteko aukera izan zuen. Gainera, Florentziara eta Espainiara egindako bidaietan ere, bi herrialdeetako artea eta tradizioa ezagutzeko aukera eman zion, eta hauetatik ikasteko aukera izan zuen. Beste aldetik, Manetek, beste artista asko bezala, japoniar artea eta estanpak ezagutu zituen, eta neurri txiki batean izanda ere, eragina izango dute bere obran. Esate baterako, figuren inguruko ingerada ilunak eta marra beltzen erabilera, koadroen sinplifikazioa edota koadroen bidimentsiotasuna. Egia da koadro honetan ez dela asko nabari, baina bere beste koadro askotan nabariagoa da eragin hau. Honetaz gain, bere obretan eragina izango duen artista Thomas Couture da, bere irakaslea izan zena. Irakasle honetatik kalean, aire librean margotzeko joera, koadroen sinplifikazioa eta kolore puruen erabilera jaso zituen. Gainera, gero hau ere beteko dute artista inpresionista garrantzitsuenek (Monet, adibidez). Beste alde batetik, oinarri moduan Giorgione eta Tizianoren lana hartu zuen ("Mendiko Kontzertua", 1508-1509). Gai mitologikoa du honek, Arkadiaren mito klasikoa (poesia eta musikaren alegoria). Teknikari erreparatuz, antzeman daiteke tarteko gradazioaren erabilera, argitasun beroak, harmonia, modelatu zainduak, tonu bateratuak... Beste eragin nabaria Rafaelen "Parisen Epaiketa" artelana da. Hemendik koadroaren konposizioa atera zuen.
4. "Bazkaria Belarretan": Errealitate Garaikidearen Errepresentazioa
Errealitate garaikide bat planteatzen da, Senako bainulariak. 1863an, koadro hau egin zuenean, akademikoek ez zuten onartu "Bazkaria Belarretan", gaia eta teknika desegokiak zirelako. Gaiari dagokionez, hainbat gazteren ospakizun soil bat da, non gizonezkoak ez ezik, emakumeak biluzik agertzen diren. Teknikari buruz, kontraste gordinak kritikatu zituzten, erdi-tonuen ezabatzea, gehiegi sinplifikatu izana... Hauek ez ziren naturalistak; horren ordez, abstrakzio- eta sinplifikazio-prozesu batekin estilizatzen zuten emakumearen figura. Manetek eragin sakon bat izan zuen honengatik. Utamaro izan zen, gainera, "bijin-ga" (emakume lirainak) generoko artista nagusia, kolore lauekin islatuz emakumeen edertasun eta xarma. Koadroan ikusten den gaia honakoa dela esan daiteke: bi emakume eta bi gizonek parke edota baso batean daude zerbait jaten, izenburuan ikusten den bezala, hamaiketakoa jaten. Gai hau, berez, nahiko ohikoa izan daiteke, baina bi emakumeak biluzik daude, eta nahiz eta emakumezkoen biluzi asko egon eta Saloi ofizialetan onartuak egon, koadro honek ez du inolako justifikazio mitologikorik, garaian izan ohi zuten bezala. Beraz, koadro honek kritikoen eta ikusleen artean iskanbila handia sortu zuen 1863. urteko Saloian aurkeztean. Koadroko emakumeak ez dira ez jainkosak ez bainulariak; emakume arruntak dira, eta honetaz gain, bi emakumeetako bat ikusleari begira dago zuzenean, irribarre txiki batekin. Guzti honengatik, jende asko harrituta geratu zen, sentsualitate- edota sexualitate-kutsu bat baduelako koadroak, garaiko moralitatearen kontra zegoen jarrera izanda. Antzeko erantzuna jaso zuen bi urte ondoren "Olympia" aurkeztu zuenean; izan ere, prostituta bat irudikatu zuen tradizionalki jainkosa edota beste emakumeren bat jartzen zen tokian. Beraz, argi ikusten da, hasteko, tradizioa oso ondo ezagutzen zuela eta tradizioa barrutik apurtzen saiatzen dela, eta beste aldetik, bere proposamena gai ohikoagoak eta egunerokotasunean ematen diren egoerak direla. Beste aldetik, beste pintore akademizistek esan zuten bezala, ikonografiaz gain, teknikoki ere hainbat "akats" zituen koadroak. Akats hauek aipatuko ditut koadroaren ezaugarri formalak azaltzen ditudan bitartean.
4.1 Konposizioa eta Perspektiba
Hasteko, koadroaren konposizioan eragin handia izan zuen Rafaelen "Parisen Epaiketa" artelanak. Bi koadroen artean, lehenengo planoan dauden figuren kokapena Rafaelen artelanean agertzen denaren antzekoa da. Maneten koadroan, aldiz, bigarren plano batean beste emakume bat agertzen da. Honetaz gain, lehenengo planoko hiru figurekin V forma osatzen da koadroan, eta horrela ikuslearen begirada fondoko emakumera bideratzen du (hau argiarekin ere lortzen du). Gainera, pertsonaia guztiek triangelu bat osatzen dute haien posizioa kontuan hartuz. Perspektibarekin hasteko, nabaria da atzean dagoen emakumea, aurrean daudenekin alderatuta, handiegia dela. Hau da akademizistek leporatu zioten akatsetako bat. Gainera, gertu duen ontziarekin dagoen eskala-falta oso argi ikusten da.
4.2 Argiaren Erabilera
Gainera, argiaren erabilera guztiz desberdina erabiltzen du akademizistekin alderatuz. Hasteko, argitasuna atzealdetik etortzen da, guztiz arraroa garaian. Gainera, badaude argiztaturiko hainbat elementu, atzealdeko argitasun-foku nagusi horretatik etortzen ez direnak: hasteko, behekaldean agertzen den bodegoiak nahiko argia du, eta emakume biluziak baita, baina argi-foku hori aurrekaldetik etorri behar da, koadrotik kanpo, garaian ezohikoa zen ezaugarria, hain zuzen. Gainera, iluntasuna lortzeko, ez du kolore beltza erabiltzen, baizik eta berde ilun desberdinak. Koadroko argitasunarekin, ez daude argi eta ilunen arteko kontraste bortitzik, eta horrela, espazioaren sakontasuna kaltetzen du, izan ere, koadro honetan perspektibaren erregelak ez dira betetzen (akademizistek egiten zuten moduan).
4.3 Modelatua eta Marrazkia
Gainera, figurak ere ia lauak dirudite, bolumenik gabekoak, arte japoniarraren eragina izan daitekeena. Honekin lotuta, ez du modelatu tradizionala erabiltzen, eta horregatik koadroan ez da bolumena ikusten, erlieberik gabe (arte japoniarraren ekarpena, esan bezala). Soilik bodegoian ikus daiteke perspektiba tradizionala, eta horrela frogatzen du pintura tradizionala ere menperatzen duela. Bi azkeneko ezaugarri hauekin lotuta, beste honakoa leporatu zioten Maneti: fondoak bukatugabeak egotea zirudiela, eta horrela ez zela sinesgarria. Baina ikerketa sakon baten ondoren, ikusten da Manetek artearen historia oso ondo ezagutzen zuela, eta Errenazimenduko eta Barrokoko artistak oso ondo ezagutzen zituen; azkeneko hauen antzera (gehienbat holandarrak), planoen artean desberdintasunak irudikatzeko, ingerada distortsionatzen joaten ziren, koloreen graduazioa erabili ordez. Koloreari eta marrazkiari buruz, esan daiteke marrazkiak ez duela berebiziko garrantzia, kolorea eta margotzeko modua garrantzitsuak baitira. Hainbat elementu (hostoak eta uraren isladak) pintzelkada solteekin eginda baitaude. Gainera, beste hainbat elementu koloreen arteko kontrasteengatik daude definituta, marrazkirik gabe. Kontrasteak, beraz, koloreen mantxa argi eta ilunen bidez egiten dira.
4.4 Manet: Tradizioaren eta Modernitatearen Artean
Bukatzeko, ezaugarri guzti hauek ikusita, ondo ulertzen da esaten denean tradizio klasikoko azken artista eta modernoaren lehena izan zela. Lehen aipatu bezala, Manet inpresionismoaren aita dela esaten da. Gainera, ondorioz, esan daiteke bere estiloa ez dela guztiz inpresionista, baina bai hainbat ezaugarri komunean dituztela; adibidez, itzalak egiteko ez du kolore beltza erabiltzen, baizik eta kolore ilunak. Gainera, gaiak mitologikoak izateari uzten diote, eta eguneroko gaiak lantzen hasten dira hemendik aurrera. Beraz, ikusten da inpresionistengan izugarrizko eragina izan zuela, eta arte klasikoarekin barrutik bukatu nahi izan zuela. Hau guztia esanda, gehienbat garaiko ezaugarriak betetzen dituela esan dezakegu. Gainera, abstrakzio-puntu bat duenez, abstrakziorako bidea erakusten du, emakumearen gorputzarengatik.