Eboluzioaren Teoriak eta Gizakiaren Jatorria

Enviado por Chuletator online y clasificado en Psicología y Sociología

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,65 KB

Hautespen Naturalaren Oinarriak

Ingurumen-baldintzak ez dira konstante mantentzen espazioan eta denboran zehar, eta une batzuetan espezie bereko banako batzuen aldaerak mesedegarri izango zaizkie banako horiei bizirauteko, izan ere, ingurunera hobeto egokituta egongo dira.

Espezie bereko indibiduoen arteko aldakortasunaren eremuan, zenbait banakok ingurune-baldintza berrietan bizitzeko gai bihurtzen dituzten ezaugarriren bat izango dute, hots, abantailaren bat, eta horrela naturalki hautatuak izango dira, biziraungo dute.

Bizirik iraungo duten horiek ugaltzeko aukera gehiago izango dute, eta beren ezaugarriak ondorengoei transmitituko dizkiete.

Zoria eta Teleonomia

Teleonomia

Filosofo batzuek defendatzen dute eboluzio-prozesuak, zoriaren emaitza izan arren, helburu jakin bat duela; alegia, prozesu teleonomikoa dela.

Ordezkaria: Pierre Teilhard de Chardinek uste du eboluzio biologikoa prozesu kosmiko baten zati bat dela.

  • Geosferaren estadioa: Unibertso bizigabeak eboluzionatu egiten du, bizia sortzeko gutxieneko baldintzak eratuz.
  • Biosferaren estadioa: Bizia sortzen da, aniztasun osoz.
  • Noosferaren estadioa (grezierazko noos, adimena): Gizakiaren agerpena eboluzioaren gailurra da (telos). Eboluzio-prozesu guztiak, geosferatik hasita, gizakiaren agerpena dute xede.

Zoria

Beste pentsalari eta zientzialari batzuek ulertzen dute eboluzio-prozesua ez dela teleonomikoa, eta herentzia genetikoaren legeetan finkatutako eta transmititutako zorizko gertaeren ondorioz gertatu dela.

Ordezkaria: Jacques Monod, biokimika molekularrean aditua.

Kreazionismoa eta Eboluzionismoa

Kreazionismoa

Jainkoak bizidunak ezerezetik sortu zituela defendatzen duen teoria da.

Eboluzionismoa

Espezie guztiak sortu zirenetik gaur egun arte aldatuz joan direla defendatzen duen teoria da. Eboluzioa azaltzen duten mekanismoak Lamarck azaltzen saiatu zen XIX. mendean, baina bere teoria baztertu egin zen. Charles Darwinek eman zuen gaur egun paradigma zientifikotzat dugun azalpen zientifiko zuzena: Hautespen Naturalaren Teoria.

Gizakiaren Jatorria

Antropogenesia (grezierazko anthropos, gizakia + genesis, sorrera) duela 4-7 milioi urte hasitako bide luzea da.

Antropogenesia gizakiak sortu zenetik gaur egun arte jasan dituen aldaketa multzoa eragin duen prozesuari deritzo. Bi prozesuk parte hartzen dute honetan: hominizazioa (aldaketa fisiko eta biologikoei deritzo) eta humanizazioa (aldaketa kulturalei deritzo: gizartea, hizkuntza, teknika, artea, etika). Biak batera gertatzen dira eta elkarri eragiten diote. Aipatutako prozesu horietako edozeinetan aldaketaren bat eginez gero, gainerako guztietan ondorioak izango lituzke; izan ere, antropogenesia prozesu bateratua da.

Hominizazioaren Mugarriak

Gure arbasoek izandako prozesu geldoa izan zen, mutazioek bultzatua eta hautespen naturalak finkatua, eta giza espeziearen berariazko aldaketa anatomiko eta fisiologiko hauek eragin zituen:

  • Bi oinetan ibiltzea (Bipedismoa): Hominidoak zutik jartzean, garrantzi handiko aldaketak sortu ziren haien hezurduran; batez ere, aldakako eta besaburuetako artikulazioetan, bai eta bizkarrezurraren forman ere. Aldaketa horiek burezurraren eta garunaren osaeran eragin zuten.
  • Eskuak libre geratzea: Oinez ibiltzeko eskuen premiarik ez zutenez, harrezkero beste erabilera batzuetara bideratu ziren, eta oso tresna baliotsu bilakatu ziren. Erpurua gainerako hatzen aurrez aurre jartzeko gaitasunak (oposagarritasuna) moldakortasun handia eman dio giza eskuari.
  • Barailezurra eta hortzak eraldatzea: Zutik ibiltzean eta eskuak tresnak egiteko eta erabiltzeko libre geratzean, barailezurrak eta hortzek ez zituzten jada hain lan gogorrak egin behar (elikagaiak urratu, etab.). Horrek hainbat ondorio izan zituen: ahoa eta laringea aldatu ziren, hizkuntza artikulatuaren agerpena ahalbidetuz. Aldi berean, garrantzi handiko aldaketak gertatu ziren elikaduran; suaren erabilera eta sukaldaritza funtsezkoak izan ziren.
  • Garunaren garapena eta heldugabetasuna jaiotzean: Gizakiak babes eta zaintza luzeagoa behar du beste animalia askok baino; izan ere, heldugabe jaiotzen da eta hainbat alderditan sena baino gehiago, ikaskuntza da nagusi. Jaioberria bizirik irauteko, taldearen zaintza behar du; espeziearen gizartekoitasunaren menpe dago. Horregatik, hain zuzen, moldagarriagoa da eta ikaskuntzarako eta egoera berriei aurre egiteko gaitasun handiagoa du.

Entradas relacionadas: