Eboluzioaren Teoria eta Antropogenesiaren Gakoak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Psicología y Sociología
Escrito el en
vasco con un tamaño de 9,26 KB
Izaki bizidunen aldaketa: Ontogenesia eta filogenesia
Izaki bizidunak etengabe aldatzen dira, baina bi aldaketa mota nagusi daude:
- Ontogenesia: izaki bakoitzak izaten dituen eraldaketak dira, jaio aurretik hasi eta hil arte gertatzen direnak.
- Filogenesia: espezieak denboran zehar aldatu direla adierazten du; espezie batzuetatik beste batzuk sortu dira, filum (mota) edo leinu bat osatuz.
Teoria fixista eta lehen fosilak
Filogenesia kontuan hartzen ez zenean, espezie bakoitza aldaezina zela ulertzen zuten. Beraz, izaki bizidunen aniztasunaren existentziari buruzko azalpenei teoria fixista esaten zaie. Aristotelesek ekin zion teoria fixista defendatzeari XIX. mendera arte, non lehen fosilak agertu ziren. Erantzuna Georges Cuvier paleontologoak eman zuen; hala eta guztiz ere, bere azalpenak esaten zuen espezie haietako izaki guztiak kataklismo edo hondamendi baten ondorioz desagertu zirela.
Eboluzionismoaren hastapenak: Jean-Baptiste Lamarck
Jean-Baptiste Lamarck izan zen espezieen eboluzio biologikoari buruzko lehen teoria orokorra (filogenesia) proposatu zuena. 1809an Filosofia zoologikoa argitaratu zuen. Bertan adierazi zuen izaki bizidunak berez sortu zirela materia inorganikotik.
Izaki bizidunen eraldaketak inguruarekiko interakzioaren ondorio dira, eta organoren baten erabilera intentsiboarekin sendotzen dira. Aitzitik, beste organo batzuk ahuldu egiten dira, erabiltzen ez direlako, eta azkenean desagertu egiten dira. Teoria horren arabera, eboluzio biologikoak xede bat du: espezieak gero eta konplexuagoak izatea eta funtzio espezializatuagoak betetzea, gizakien espeziean perfekzio gailena lortu arte.
Eboluzionismoaren garapena: Charles Darwin
Charles Darwinek behin betiko bultzada eman zion eboluzionismoari. Izan ere, izaki bizidunen organo anatomikoek dituzten askotariko formen azalpen zientifikoak eman zituen. Izaki bizidun bakoitzaren “diseinua” bizimoduaren araberakoa da; alegia, ingurukoarekin dituen interakzioen menpe dago.
Izaki guztiek gogor jardun behar dute bizirik irauteko: janaria bilatu, harraparietatik defendatu, hondamendietatik babestu, ondorengoak zaindu, eta abar. Prozesu horretan, espezie batzuk hobeto prestatuta daude bizirik irauteko borroka horretan garaile izateko, eta haiek izango dira betikotuko direnak. Aitzitik, gutxien egokituta daudenen artean, desagertzeko joera gailenduko da.
Hautespen naturala eta ingurunera egokitzea
Darwinek prozesu horri “espezieen hautespen naturala” esaten zion. Horrenbestez, izaki bizidunen aniztasuna inguruneari egokitzeko prozesuaren bidez azaltzen da; prozesu horretan, espezie batzuk bestelako espezie bihurtu dira. Galapagoetara egindako bidaian osatu zuen Darwinek teoria hori. Hainbat espezieri buruzko datuak bildu zituen, eta anatomia zein enbriologia konparatuko alorreko azterlanei ekin zien.
Alfred R. Wallace eta eboluzio mailakakoa
Alfred R. Wallace-k, Darwinek ez bezala, adierazi zuen eboluzioa mailakakoa dela; hau da, belaunaldi berriek beti aurrera egiten dutela aldaketa organikoekin, beti hoberantz. Darwinek, ordea, frogatu zuen izaki bizidun aurrekoekin ez dagoela bat-bateko aldaketarik.
Gregor Mendel eta herentziaren legeak
Aurreko biek ez zuten azaltzen zer zen filogenesiaren prozesua; aldaketa organikoak belaunaldi batetik bestera nola transmititzen ziren argitzea falta zitzaien. Gregor Mendelek herentzia genetikoaren prozesua azaltzeko lehen urratsa egin zuen eta hiru lege enuntziatu zituen. Lege horiek azaltzen zuten izaki bizidunek zenbait ezaugarri transmiti ditzaketela (genotipoak), nahiz eta agerian ez izan (fenotipoak).
Thomas H. Morgan eta genetika modernoa
Thomas H. Morgan genetika modernoaren sortzailetzat hartzen dugu, eboluzio molekularraren diziplina berria sortuz. Aldakuntza hereditarioak nola gertatzen diren aztertu zuen, mutazio genetikoa nabarmenduz. Mutazioa gene baten aldaketa da, eta baliteke gene aldatu hori hartzen duten norbanakoek beren gurasoen ezaugarri berdinak ez izatea.
Eboluzioaren zentzuaz: Zoria ala teleonomia?
Eboluzio-prozesua, filosofo batzuen ustez, prozesu teleonomikoa da. Pierre Teilhard de Chardinen ikuspegiaren arabera, eboluzio biologikoa prozesu kosmiko baten zati da, izaki bizigabeetatik hasi eta gizakietara iristen dena. Hiru etapa nagusi bereiz ditzakegu:
- Geosferaren estadioa: Unibertso bizigabeak eboluzionatu egiten du, bizia sortzeko gutxieneko baldintzak eratuz.
- Biosferaren estadioa: Bizia sortzen da, aniztasun osoz.
- Noosferaren estadioa: Gizakiaren agerpena eboluzioaren gailurra da; eboluzio-prozesu guztiek gizakiaren agerpena dute helburu.
Zoria eta hautespen naturala: Jacques Monod
Beste pentsalari eta zientzialari batzuek, Jacques Monodek (1910-1976) kasu, ulertzen dute eboluzio-prozesua ez dela teleonomikoa. Haien ustez, herentzia genetikoaren legeetan finkatutako eta transmititutako zorizko gertaeren ondorioz gertatu da. Mutazio bat gertatuz gero, aldaketa hori finkatuta geratuko da eta, bideragarria bada, ondorengoei transmitituko zaie. Hautespen naturalak konpentsatzen du mutazio-prozesua.
Kreazionismoa eta eboluzionismoa
“Kreazionismoa” hitza bi sinestetarako erabiltzen da:
- Jainkoak unibertsoa sortu du, dagozkion eboluzio-lege eta guzti.
- Gaur egun existitzen den guztia Jainkoak sortu zuen orain ikusten dugun bezala, eta tartean ez da inolako eboluziorik gertatu.
Zientziak eta erlijioak munduari buruzko galdera desberdinei erantzuten diete. Zientziaren eginkizuna gertaera zehatzak deskribatzea eta azaltzea da, baina ezin du argitu unibertsoaren eta gizakiaren existentziaren azken zentzua. Erlijioak, aldiz, munduaren zentzuari buruzko galderak planteatzen ditu. Horregatik, litekeena da fededun izatea eta, aldi berean, eboluzioaren teoria defendatzea espezieen jatorria ulertzeko azalpen hoberen gisa.
Antropogenesiaren prozesuak
Antropogenesia esaten diogu gure arbasoetatik hasi eta gaur egungo giza espeziea eratzeko bidean egin diren prozesu eta etapen multzoari. 4,5-7 milioi urte inguruko prozesua izan da. Faktoreak bi taldetan sailkatzen dira: hominizazioa eta humanizazioa. Prozesu biak aldi berean gertatu dira eta elkarri eragiten diote.
Hominizazioa: Aldaketa anatomiko eta fisiologikoak
Zuhaitzean bizitzea gero eta zailagoa zenez, janaria eta babesa lurrean bilatzen hasi ziren. Horrek bi oinetan ibiltzera bultzatu gintuen, eta prozesu geldo bati ekin zitzaion. Aldaketa nagusiak hauek izan ziren:
- Bi oinetan ibiltzea: Burezurraren osaera eta garunaren garapena eragin zituen.
- Eskuak libre geratzea: Garapen tekniko handia bideratu zuen, eta horrek garuna gehiago garatzea ekarri zuen.
- Barailezurra libre geratzea: Zutik ibiltzean, barailezurrak ez zituen lan gogorrak egin behar; horrek ahoan, faringean eta laringean aldaketak ekarri zituen, ahozko hizkuntza konplexua ahalbidetuz.
- Heldu gabe jaiotzea (gazteagotzea): Jaioberriak zainketa behar du; horrek gizartekoitasuna eta moldagarritasuna areagotzen ditu.
- Ekumenikotasuna: Giza espeziea unibertsal bihurtu da, edozein tokitan bizitzeko egokituz.
- Zerebralizazioa: Garun-azalaren garapena Homo generoaren eboluzioari estu lotuta dago.
Garunaren hiru azpisistemak
Gaur egun, zientzialariek hiru azpisistema zerebral bereizten dituzte gizakietan:
- Narrastien garuna: Primitiboena da; oinarrizko bizi-funtzioak eta sena erregulatzen ditu.
- Sistema linbikoa (Paleokortex): Emozioak adierazteko eta lankidetzan jarduteko bidea ematen du. Soziabilitatearen oinarri anatomikoa da.
- Garun-azala (Neokortex): Berriena da. Bertan sortzen da goi-mailako jarduera intelektuala: pentsamendu logikoa, hizkuntza eta irudimena.
Humanizazioa: Tresnak, gizartea eta hizkuntza
Humanizazioak alderdi kultural eta sozialei egiten die erreferentzia:
- Tresnen bidezko jarduera aurreratua: Lantza bat egiteko, adibidez, aurretik zorrozteko tresna bat behar da, gaitasun tekniko handia eskatuz.
- Gizarte-harreman konplexuak: Sua topatzeak babesa eman zien eta taldekideen arteko harremanak sendotu zituen, teknikak belaunaldiz belaunaldi transmititzea ahalbidetuz.
- Hizkuntza: Giza espeziea da hitz egiten duen bakarra. Giza hizkuntza lineala da, artikulazio bikoitza du (hitzak eta fonemak) eta konbentzionala da.
Hizkuntzak lankidetza areagotzen du eta ezagutzen gordailu gisa balio du, ondorengoei informazioa bizkorrago helarazteko.
Kultura: Gizakiaren bizimodua
Kulturatzat hartzen dugu giza talde batek partekatzen dituen jakintza, sineste, portaera, ohitura eta tresna guztien multzoa. Kulturaren bidez, gizakiok baldintzapen biologikoak gainditu ditugu. Kultura ikasi egiten da eta bi fenomeno garrantzitsu azaltzen ditu: kultura-aurrerabidearen abiadura izugarria eta kulturen aniztasun handia.