EAEko Nekazaritza Paisaiak: Ezaugarriak eta Joerak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Geografía
Escrito el en vasco con un tamaño de 7,8 KB
Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza Paisaiaren Mapa
Alderdi Orokorrak
Iturri Mota
Koropleta mapa da, koloreak erabiltzen dira fenomeno geografiko batek hartzen duen ingurua irudikatzeko; kasu honetan, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) nekazaritza paisaiak irudikatzen ditu. Mapan kokaturiko legendaren arabera, kolore ezberdinen bidez, EAEn dauden nekazaritza paisaiak irudikatzen dira.
Adierazten Duen Fenomeno Geografikoa
Adierazten duen fenomeno geografikoa EAEko nekazaritza paisaiak dira.
Eremu Geografikoa
Aztertzen duen eremu geografikoa EAEri dagokio.
Irudikatutako Fenomeno Geografikoaren Definizioa
Nekazaritza paisaiak nekazaritza espazioaren morfologia edo itxura dira. Inguru naturalaren (faktore fisikoak) eta bertan egindako nekazaritza jardueraren (giza faktoreak) arteko konbinazioaren emaitza da. EAEko lurraldean, konbinazio horien dibertsitatea dela bide, bertako paisaien aniztasuna azaltzen da.
Fenomenoaren Kokapenaren edo Banaketaren Ezaugarriak
Euskal Herriko landa espazioak ezaugarri desberdinak ditu Bizkaiko golkoaren isurialdean edo isurialde mediterraneoan dagoen kontuan hartuta. Alde horien oinarriak inguru fisikoa, nekazaritza egitura eta lurzoruaren erabilerak dira.
EAEko nekazaritza paisaiaren mapan, ondoko nekazaritza paisaiak bereizten dira:
- Landa paisaia euskal-kantabriarra: Kolore berdeak, tonalitate ezberdinekin, mugatzen du. Uren banalerroaren iparraldeko lurrak hartzen ditu. Horko inguru fisikoak erliebe gorabeheratsua du; klima ozeanikoa, prezipitazio ugari eta erregularrekin; eta kalitate makurreko lurzoruak.
- Landa paisaia euskal-mediterraneoa: Kolore horia, marroia, morea eta horia erabiltzen dira euskal-mediterraneoa den landa paisaia mugatzeko. Uren banalerroaren hegoaldean kokatutako lurrak hartzen ditu. Inguru fisikoa laborantzarako erliebe errazagoa duten inguruek osatzen dute; hegoalderantz egiten den neurrian, klima mediterraneo kontinentalizatua da eta udan lehortea egoten da; eta lurzoruak landatzeko egokiagoak dira.
Nekazaritza Egiturak
Demografia
Kantabriar aldean, landa inguruko biztanleria urria da, hiri eta industria inguruetara exodo handia egon delako. Baserrietan populatzea sakabanatua da, Bizkaiko Enkarterrin izan ezik, leku horretan pilatu lasaia da, eta etxeak herrixketan biltzen dira. Euskal-mediterranear aldean, landa biztanleria ugariagoa da, topografia mesedegarriagoari esker landa mekanizatu egin delako eta industrializazio prozesua berandu iritsi delako. Populaketa, batez ere, pilatua da eta elkarrengandik bereizita dauden herri handiek osatzen dute.
Ustiategiak
Kantabriar aldean, nekazaritza ustiategia baserriaren inguruan antolatzen da. Neurri txikiko ustiategi pribatua da (5-6 ha). Lursailak heskaien bidez daude itxita. Mediterraneo aldean, ustiategien batez besteko neurria handitu egin da errentamenduari eta lursailak pilatzeari esker, Arabako Errioxan izan ezik, bertan neurriak txikiak dira eta.
Teknikak
Kantabriar aldean, zailtasunak daude mekanizaziorako, topografia zaila delako eta ustiategien neurria txikia delako. Mediterraneo aldean, teknikak asko modernizatu dira, eta ekoizpen sistema laborantzen espezializaziora bideratzen da.
Landa Espazioaren Erabilera
Kantabriar aldean, gaur egun, lurra bazkak, larre naturalak eta baratzeak jartzeko erabiltzen da. Azken hori autokontsumora bideratuta egoten da, eta lanaldi partzialeko nekazariek modu intentsiboan egiten dute, plastikoaren azpian, nekazari gutxik dute-eta dedikazio esklusiboa. Mediterraneo aldean, laborantzak ureztaketarik egotearen edo ez egotearen arabera espezializatzen dira. Lehorreko lurretan zerealak eta mahastiak dira nagusi. Zerealak Arabako Lautadatik eta haranetatik hedatzen dira, landa zabaletan, eta horietan garia lantzen da, lugorriarekin, ekilorearekin edo lekaleekin txandaketan (horien azalera asko murriztu da). Mahastia Arabako Errioxan da nagusi, eta bertan monolaborantza bihurtu da ia, eta hedapen handia izan du. Ardoak ustiategi txiki baina errentagarrietan ekoizten dira, eta produktibitate eta kalitate handia dute. Nekazaritza ureztatua Ebroren lautada alubialetan eta ibaiadarretan eta barruko arro eta haraneko inguru ureztatuetan kokatzen da. Lur horietan artoa, bazkak, azukre-erremolatxa, fruta-arbolak, patata eta baratzeko produktuak lantzen dira, nekazaritzako elikagaien industria garrantzitsura bideratuta.
Kantabriar aldean, abeltzaintza nagusia behi-azienda da, erregimen intentsiboan esnetarako, eta erregimen estentsiboan haragitarako. Ardi-aziendak garrantzi gutxiago du, eta Aralar, Aizkorri eta Gorbeia mendietan dago ezarrita; altuerako larreak “latxa” arraza autoktonoa hazteko aprobetxatzen dira. Mediterraneo aldean, abeltzaintzak ez du garrantzi handirik.
Kantabriar aldean, baso-ustiapenari denbora partzialeko nekazaritza hedatzeak mesede egin dio, askoz eskulan gutxiago behar du eta. Konifero exotikoak lantzen dira, hala nola intsinis pinua, produktibitate handia duelako, errekortasun handia duen arren. Mediterraneo aldean, Arabako mendilerroan da nagusi eta intsinis pinuan oinarritzen da, zerratu, txikitu edo eraldatzeko.
Balorazioa eta Etorkizuneko Joera
Gaur egun, nekazaritza jarduerak pisu txikia du, biztanleria okupatuari (% 1,5 2007an) zein BEGd-ri (1,17, 2007an) dagokienez. Hala ere, kontraste garrantzitsuak daude balio handiagoak (Errioxa eta Arabako mendiak) eta balio oso txikiak (Goierri) dituzten eskualdeen artean.
Hala ere, nekazaritza jarduerak eginkizun garrantzitsua du, industria batzuentzako lehengaiak ematen ditu-eta, hala nola nekazaritzako elikagaien industriei, zuraren eta paperaren industriei. Horrez gain, balio handiko paisaia, natura eta kultura ondarea zaintzen laguntzen du.
Euskal Herriko landa espazioak gaur egun zenbait arazo ditu eta horiek konpontzeko landa espazioa antolatzeko politika aplikatzen da, Euskal Herriko 2007-2013 Landa Garapen Iraunkorraren Programan jasoa.
Gaur egun, Espainiako landa munduak, batez ere beharrizanik handiena duten inguruek, hainbat arazori aurre egin behar die. Hauek dira horietako arazo batzuk:
Arazo Demografikoak
- Landa biztanleria gutxitzea eta zahartzea.
- Eskulanaren kualifikazio urria.
Arazo Ekonomikoak
- Landa espazioaren dibertsifikazio ekonomiko urria dago oraindik.
- Telekomunikazioen eta teknologia berrien erabilera ez da nahikoa.
- Nekazaritzak industriarekiko eta merkatuarekiko duen menpekotasuna gero eta handiagoa da.
- Animalien segurtasunari, osasunari eta ongizateari lotutako eskakizun berriak bete behar.
Ingurumen Arazoak
- Nekazaritza jarduerak ingurumenean aldaketak sortzen ditu. Airea makineriak edo nekazaritza instalazioek igorritako usainengatik, hautsarengatik eta gasengatik kutsatzen da. Azaleko urak eta akuiferoak gehiegi ustiatzen dira eta ongarrien eta pestiziden produktu kimikoekin eta abeltzaintzako mindekin kutsatzen dira. Landaredia desagertu egiten da zuhaitzak moztu egiten direlako eta laborantza-lurrak edo larreak sortzeko eragindako suteak daudelako, eta lurzorua gehiegi ustiatzen da nekazaritza intentsiboa egiten delako eta abeltzaintzako zama handiegia delako; horrez gain, produktu kimikoekin kutsatzen da.
- Nekazaritza jarduerak bioaniztasuna gutxitzen laguntzen du. Izan ere, espezializazioan landare eta animalia espezie gutxi batzuk erabiltzen dira, gehienbat atzerrikoak, eta, beraz, espezie autoktonoak desagertzeko arriskua dago. Hori dela eta, barietate autoktonoak sustatzen dira, eta abere-arraza batzuk sustatzekoak edo babes berezikoak direla adierazi da.