EAEko erliebe unitate nagusiak: Euskal Mendiak eta Ebroa
Enviado por Chuletator online y clasificado en Geología
Escrito el en
vasco con un tamaño de 5,63 KB
Euskal Autonomia Erkidegoko erliebe unitate nagusiak
Euskal Autonomia Erkidegoko erliebe unitate nagusien sintesia: Euskal Autonomia Erkidegoko erliebea bi unitate nagusik osatzen dute: Euskal Mendiak eta Ebroren sakonunea.
Euskal Mendiak
Pirinioak eta Kantabriar mendikatearen ekialdeko sektorearen (kantabriakoa) artean kokaturik daude. Altuera moderatukoak dira (tontor garaienak ozta-ozta gainditzen dute 1.500 metroko altuera); gainera, era sekundario eta tertziarioetako formazio sedimentarioz osatuak daude (kareharrizkoak batez ere), Alpeetako orogenesiaren ondorioz altxatu eta tolestu zirenak.
Euskal Mendien baitan bereiz daitezkeen unitateak
1.1. Ur isurialdeen banalerroaren (mugalerro) iparraldean
- Kostaldeko mendikateak: Higer lurmuturra eta Zumaia artean altxatzen diren mendiak: Jaizkibel (549 m), Ulia, Urgul, Igeldo, Mendizorrotz. Oraineko materialez osatuak, tertziariokoak eta altuera gutxikoak.
- Itsasbazter aurreko mendikatea: Kostatik urrunago dauden mendizerrak osatzen dituena. Eremu honetan erliebeak leuntasuna galtzen du eta mendiak garaiagoak bihurtzen dira; aldapa nabarmenagoak, desnibel gogorrak eta haran estuak eratzen dira. Ekialdetik mendebaldera azpimarra jarri daitezkeen mendien artean daude: Uzturre, Hernio mendigunea (1.072 m), Pagoeta, Izarraitz (Erlo) eta Arno, Gipuzkoan; eta Bedartzandi eta Iluntzar, Bizkaian. Kareharria nagusi denez, karstifikazioa oso fenomeno arrunta da.
- Bortzirietako mendigunea: Gipuzkoa eta Nafarroa artean material paleozoikoz osatutako egitura altxatzen da, Bortzirietako mendigunea deritzona. Bere tontor garaienak ozta-ozta 1.000 m-ra iristen badira ere (Urepel, 1.059 m), itxura menditsu eta gorabeheratsua du, itsasotik gertu dagoelako eta haran jondoetatik desnibel gogorra duelako.
- Erdiko ibaibideetako mendi eta haranak: Itsasbazter aurreko mendikate eta ibai nagusien sorburuen artean (kantabriar-mediterraniar uren isurialdea mugatzen duten mendizerren oinak), ibai arteria nagusien (Oria, Urola, Deba, Butroi, Asua, Ibaizabal, Cadagua) erdiko ibilguarekin bat datorren izaera anitzeko unitate litologikoa hedatzen da. Mendi gailurrek ozta-ozta gainditzen dute 1.000 metroko altuera (Murumendi, Izazpi, Irimo eta Urko, Gipuzkoan; Oiz, Sollube, Ganekogorta eta Triano mendiak, Bizkaian).
1.2. Kantabriar–Mediterraniar uren banalerroaren mendikatea
Atlantiko eta Mediterraneo arteko uren banalerroa markatzen duen mendikatea da. Kate hori ekialdetik mendebaldera 100 km inguru hedatzen diren mendizerrek osatzen dute. Autonomia Erkidegoa ia erditik banatzen dute eta oso ezaugarri desberdineko bi eremu eratzen dituzte, bai ikuspegi fisikotik, bai giza ikuspegitik.
Ekialdetik mendebaldera ondorengo mendiek osatzen dute banalerroa:
- Gipuzkoa eta Nafarroa artean: Aralarko mendizerra (Irumugarrieta, 1.400 m).
- Gipuzkoa eta Araba artean:
- Aratz eta Aizkorriko mendizerrak (Aitxuri, 1.551 m).
- Urkila eta Elgea mendizerrak.
- Bizkaia eta Araba artean:
- Durangaldeko gailurrak (Anboto).
- Gorbeiako mendigunea.
- Mendebaldeko muturrean: Gorobel edo Salvada mendizerra.
Ingurune honetan kareharrizko litologiak morfologia karstikoa sortzen du.
1.3. Ur isurialdeen banalerroaren (mugalerro) hegoaldean
- Lautada: Zadorra ibaiak drainatzen duen eta orla menditsuak mugatzen duen haran zabala da (iparraldean, kantabriar-mediterraniar uren banalerroaren mendikatea; hegoaldean, Araba erdiguneko mendizerrak; mendebaldean, Mendebaldeko mendizerrak). Bere altuera 500–600 m ingurukoa da.
- Araba erdiguneko mendizerrak: Lautada eta Trebiñoko arroaren artean hedatzen dira eta Arabako lurraldea ia bi zati simetrikotan banatzen dute. Ez dute altuera handirik, baina etenik gabekoak dira (Kapildui, 1.180 m, da gailurrik handiena). Ekialdetik mendebaldera ondorengo mendiak ditugu: Entzia eta Iturrieta mendizerra, Gasteizko mendien multzoa eta Tuyo mendizerra.
- Mendebaldeko haran eta mendizerrak: Hainbat mendizerrek osatutako kareharrizko multzoa da. Arkamo, Arrato, Badaia eta Artzena mendizerrek osatzen dute. Mendizerra horien artean Kuartango, Omecillo eta Gaubeako haranak daude, mendizerra horien artean material buztintsuagoan induskatuak.
- Trebiñoko arroa: Haran zabala eta mendiz inguratua. Litologia barietatea duen tertziarioko arro sedimentarioz osatua.
- Hego-ekialdeko haran eta mendizerrak: Arabar mendia deitutako eskualdearekin bat dator; 1.000 m-tik gorako gailurrez (Adibidez Arburu, 1.048 m) osaturiko morfologia zaila duen eremua da. Kodes (Joar) mendizerraren magalean Santikurutze Kanpezu (Kanpezu/Santikurutze Kanpezu) sakonunea dago, Arabar mendiko gunerik zabalenetarikoa.
- Toloño–Kantabria–Kodes mendizerra: Araba erdiguneko eskualdeak (trantsizio-klima ozeanikoa dutenak) eta Araba Errioxakoak (klima mediterraneo-kontinentalizatukoak) bereizten ditu. Ekialdetik mendebaldera doan kareharrizko lerrokadura da eta topografikoki jarraikortasun nabarmena du. Palomares (1.447 m) da gailurrik altuena.
Ebroren sakonunea
Ebroren sakonunea: Toloño–Kantabria–Kodes mendizerraren eta Ebro ibaiaren artean Araba Errioxako eskualdea hedatzen da. Eskualde hori Ebroren sakonune zabalaren zati txiki hegoalderantz, Ebro ibai aldera, poliki malda beherako erliebe duena.