EAEko Biztanleriaren Piramidearen Analisia (2008)

Enviado por Chuletator online y clasificado en Geografía

Escrito el en vasco con un tamaño de 10,3 KB

Biztanleriaren piramide honek EAEko biztanleriak 2008. urtean sexuaren eta adinaren arabera duen egitura erakusten du, eta, modu berean, ia ehun urtetan zehar demografian ondorioak izan dituzten gertaerak ere azter daitezke grafiko honetan.

Piramide honek erraboil forma dauka. Horregatik, esan daiteke populazio erregresiboa dela, hau da, gero eta jende gutxiago jaiotzen dela, berezko hazkundea (BH) oso txikia edo ezezkoa denez. Piramide forma hau bere trantsizio demografikoa amaitu eta erregimen demografiko modernoa duen gizarteari dagokio. Ikus daiteke gizarte honek zahar multzo oso nabaria duela, bizi-itxaropena hainbeste handitu delako, eta, alderantziz, gazteen multzoa murrizkorra dela, nahiz eta azken urteotan immigrazioari esker hazkunde txikia izan. Bestaldetik, helduen multzoa oso zabala da, azken urteotako immigrazioek handituta, zeren eta immigranteak lan egiteko adinean dauden pertsonek osatzen baitute, gehienbat. Hau guztiaren zergatiak eta ondorioak jarraian aztertuko dira.

1. Egitura sexuaren arabera

Lehenengo kohortean ikus daiteke emakume baino gizon gehiago jaiotzen direla (0-4 urte bitarteko gizonezkoen barra emakumezkoena baino pixka bat handiagoa da). Kalkulatzen badugu gizonezkoen indizea, aterako zaigu % 105,4 dela, hau da, 100 emakume bakoitzeko 105,4 gizon jaiotzen direla.

Gizonezkoen hilkortasuna handiagoa denez, momentu batean (40-44 urte) emakumezkoen efektiboak gizonezkoenak baino handiagoak dira. Horrela izanda, handik aurrera adineko emakumeak ugariagoak dira gizonak baino kohorte guztietan (216.303 emakume 65 urtetik gora, eta bakarrik 154.068 gizon; horrek 71,22ko maskulinotasun indizea suposatzen du, oso baxua).

Kausak

Gizonezkoen hilkortasun-tasa handiagoaren zergatiak biologikoak eta soziokulturalak dira. Emakumeak biologikoki indartsuagoak dira arrazoi hormonal eta immunologikoengatik. Fenomeno hau haurtzaroan ikusten da ondo, hori dela eta adin berean mutil gehiago hiltzen dira neska baino. Bestaldetik, gizonek, tradizionalki, bizi-modu ezberdina izan dute, eta horrek bi sexuentzat suposatu izan du arrisku-faktoreen aurrean intentsitate ezberdineko egoera edukitzea: gerretan parte-hartze handiagoa, lan gogorragoak indar fisikoen eta osasunaren ahuldurarekin eta istripu-posibilitate gehiagorekin; ohitura kaltegarrien eragina: tabakoa, alkohola, errepide-istripu gehiago eta elikadura-ohitura txarragoak. Alderantziz, denborarekin, emakumeek erditzean eta erditu osteko hilkortasuna hainbeste murriztu dute, eta osasunaren aurrean ohitura ezberdinak ere adierazten dituzte. Emakumeek prebentzio-medikuntza gehiago praktikatzen dute, eta arazo psikologiko gutxiago dituzte gaixotasuna onartzeko eta tratamenduan jartzeko.

2. Egitura adinaren arabera

Datu estatistikoekin adin-multzoen portzentaiak kalkula daitezke, eta hori egin ostean, hurrengo datuak dauzkagu:

  • Gazteak (0-14 urte): % 12,71
  • Helduak (15-64 urte): % 68,65
  • Adinekoak (65 urte eta gehiago): % 18,64

Datu hauek oso populazio zahartua erakusten dute, zeren eta kontuan hartzen badugu populazio bat zaharra dela esateko bere gazteen multzoa % 25etik beherakoa izan behar bada, hemen ikusten dugu portzentaje hori baino askoz txikiagoa daukagula, eta, alderantziz, zaharren multzoa ere % 12tik gorakoa, nahiko handiagoa da.

Behetik gora bagoaz piramidea aztertzen, ikusten da lehenengo kohortea, hau da, 0-4 urte bitartekoa, pixka bat handiagoa dela aurrekoak baino. Hau inmigrazioaren eragina izan daiteke, zeren eta Euskadira heltzen ari den populazio atzerritarra gaztea baita, eta ugaltze-tasa handiagoa du hemengoa baino. Hurrengo kohorteetan (5-24 urte bitartekoetan) ikusten da populazioaren murrizketa zerbait konstantea izan dela, jaiotza gero eta txikiagoa izaten (2008an jakin da ‰ 9,9koa izan dela; 1975ean, alderantziz, ‰ 19,1ekoa zela). Horrek suposatu izan du urte askotan berezko hazkunde txikia eta ezezkoa ere edukitzea. Hazkunde-joera hau bi fenomenorekin bat etorri zen: alde batetik, Euskadi ziklo demografiko modernoan sartu zen, amaitutzat emanez trantsizio demografikoa, eta, aldi berean, 1973ko petrolioaren krisiak inauguratu zuen Euskadiko industriak jasango zuen gainbeheraldia, eta horrek ondorio oso nabarmenak izan zituen demografian, zeren eta suposatu zuen jaiotza murrizteaz gain, hainbeste pertsonak emigratzea.

Hogeita bost eta berrogeita lau urte bitarteko kohorteek populazio-hazkunde dezente adierazten dute. Biztanle hauek 1975 eta 1956 urte bitartean jaio ziren, hau da, garapenkeriaren urteetan. 1959. urtean, Espainiako Gobernuak, Nazioarteko Moneta Fondoak agindutako neurriak jarraituz, Egonkortze Plana martxan jarri zuen herriaren ekonomia egonkortzeko eta handik aurrera industrializazioa bideratzeko. Hori dela eta, hirurogeiko hamarkadak Espainiako egitura ekonomikoen modernizazioa eta garapena ekarri zuen, eta ongizate berri hori demografian islatu zen, heriotza jaisten eta jaiotza igotzen, “baby-boom” fenomenoa orduan ematen.

Garai hartako fenomenoari gehitu behar zaio 1990. urtetik gaur arte etorri den populazio atzerritarra. Inmigrazio-fenomeno horrek populazioa gaztetu eta jaiotza-tasa (JT) sustatu zuen hainbeste.

Hurrengo kohorteetan, hau da, 45-59 urte bitartekoetan, hazkunde motelagoa izan zen. Gerra osteko urteak dira, eta garai latza izan zen populaziorako. Espainiako Gobernuak elikagaien arrazionamendua 1952. urtera arte mantendu zuen.

Hirurogei eta hirurogeita bost urteetako kohortea, 1938 eta 1942 bitarteko jaiotakoak, motzagoa da bi sexuetan. Belaunaldi hau Gerra Zibilekoa da, eta horrek azaltzen du jaiotzaren murrizketa.

Piramidearen gailurrean, zaharren multzoan eta gizonezkoen aldean, bi bat-bateko sartune ikus daitezke. 75-79 urteetako kohortea eta hurrengoak eskaloi nahiko zabalagoak izaten dira. Pertsona horiek Gerra Zibilaren garaian borrokatzeko adinean zeuden, eta sartune horiek gerran hildakoak eta exiliora joan zirenak adierazten dituzte.

Hala eta guztiz ere, populazioaren zahartzea oso nabaria da, batez ere emakumeen aldean, eta populazioaren efektiboak oso handiak dira, bizi-itxaropen luzea adierazten.

Kausak

Populazioaren zahartzearen arrazoiak, alde batetik, jaiotza-tasaren murrizketan, hau da, populazio-berritze prozesuaren atzerakadan aurki daitezke. Bestaldetik, bizi-itxaropenaren luzapenak zahartze-fenomenoari lagundu dio; gaur egun, Euskadin, gizonen bizi-itxaropena 77 urtekoa da, eta emakumeena, 83 urtekoa.

Piramidearen oinarrian ikusten den sartuneak, hau da, jaiotzaren murrizketak, hurrengo zergatiak ditu:

  • 1975eko krisiak sortu zuen egoera ekonomikoak eragin oso handia izan zuen Euskadin, langabezi-tasaren izugarrizko gorakada ekarriz (bikoteen seme-alaben jaiotza murriztuz eta ezkontzaren adina atzeratuz). Jarraian, behin-behineko kontratuek, etxebizitzaren prezioek eta alokairuek bere eragina ere izan zuten (baldintza hauek ez zieten baimentzen gazteei familiengandik emantzipatzea). Gero, 90eko hamarkadako krisia etorriko zen.
  • Demokraziarako trantsizioarekin etorri zen mentalitateen aldaketa: erlijioaren eragina murriztea, antisorgailuen eta abortuaren despenalizazioa, emakumearen lan-munduan sartzea, ezkontzaz kanpoko bikoteak ugaritzea eta kopuru gutxiko familia berriak agertzea eta ugaritzea.
  • Bizi-maila hobetzea: orain, pertsonaren formakuntza eta ongizatea baloratzen da gehiago, eta nahiago da seme-alaba gutxiago edukitzea eta hobeto zaintzea; babes soziala handitzen da (jada seme-alabak ez dira ikusten gurasoen zahartzarorako babesa bezala), eta kontsumoak garrantzia gainditzen du: etxeak ondo hornituta, bidaiak, automobilak, oporrak, aisialdia… Kontsumo-ondasunen eskuraketak eta aisialdiaren gozamenak seme-alaben gastu eta daramaten denborarekin konpetitzen dute; horrek guztiak seme-alaben kopuruaren murrizketan eragin zuzena du.

Heriotza-tasaren jaitsiera eta bizi-itxaropenaren luzapena, piramidearen gailurraren zahartzearen sortzaileak, osasunean eta medikuntzan izandako aurrerapenei esker sortu dira; higienearen eta elikaduraren hobekuntzari; eta hezkuntza- eta kultura-mailaren hobekuntzari esker.

Ondorioak

Piramide honetan adierazitako EAEko populazioaren hazkunde-ereduak ekarriko duen lehenengo ondorioa populazioaren zahartzea izango da. Momentu honetan, jada Euskadiko populazioa Europako biztanleriarik zaharrena da. Errealitate honek dakartzan ondorioak oso kezkagarriak dira, eta mota askotakoak:

  • Ekonomikoak: populazio aktiboaren murrizketa eta zahartzea, jarduera-tasaren jaitsiera. Eustat-en azken datu estatistikoek (2007ko azaroan argitaratuta) agerian utzi duten bezala, pentsioak hiru bider arinago hazi dira populazio aktiboa baino. Hori ikusita, etorkizunerako proiekzioak oso negatiboak dira. Datu horien arabera, kalkulatzen da 2040. urterako lanean demografia-ordezkatze tasa % 60koa izango dela, hau da, jubilatzen diren 10 langiletik 6 bakarrik egongo direla ordezkatzeko. Hori dela eta, kalkulatzen da jarduera-tasa eta pentsio-plana mantentzeko, hurrengo urteetan 7.000 immigrante beharko direla urtero.
  • Osasunari dagokionez, zaharrek zerbitzu mediku asko kontsumitzen dituzte. Horrek baliabide hazkorrak eta horien banaketa espaziala exijituko ditu, zeren eta landa-guneetan populazio-zahartzea handiagoa izango baita hirietan baino.
  • Sozialki, populazioa zahartzeak egoitza-arazoa planteatzen du, zeren eta familiek gero eta gutxiago atenditu ahal baitituzte beren zaharrak. Egoitza-eskaria eta -eskaintza orekatzeko, inbertsio handiak behar dira. Modu berean, zaharren denbora betetzeko jarduerak antolatu behar dira, eta langileak prestatuta eduki eta formatu. Medikuntzan eta gizarte-zerbitzuetan espezializazio berriak beharko dira: gerontologo gehiago eta pediatra gutxiago; zaharren egoitzarako zaintzaileak eta ez hainbeste haurtzaindegietarako.

Errealitate demografiko honek erronka handi bat suposatuko du gizarte osorako. Inmigranteen erakarpenaz gain, familia-sustapen planak bideratu beharko dira demografia bultzatzeko eta demografia-baliabideak ahalik eta gehien berritzeko.

Entradas relacionadas: