Donostia Hiriko Planoaren Iruzkina

Enviado por Chuletator online y clasificado en Geografía

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,93 KB

Donostia Gipuzkoako hiriburua da. Kostaldean kokatzen da, Frantziatik gertu. 2011ko erroldaren arabera 186.185 biztanle ditu, baina bere inguru metropoliarra kontuan hartuz 300.000 inguru biztanle ditu.

Planoan, Donostia hiriaren hirigintza prozesu luze baten ondorioz eratu diren morfologia eta funtzio bereziko aldeak bereizten ditugu (hots, eraikuntzen bilbea, etxegintza mota eta lurraren erabilera).

Donostia Hiriaren Egitura

Donostia hiriaren egituran hiru inguru ditugu: alde zaharra, zabalgunea eta periferia.

  1. ALDE ZAHARRA: Harresien barruko gunea

Kokapena eta Egoera

Donostia hiria Gipuzkoako kostaldeko ekialdean kokatzen da, Frantziako mugatik gertu, babes naturala ematen duen Urgull mendiaren mazelan eta Kontxako badiaren eta Urumea ibaiaren bokalaren artean, tonbolo baten gainean (antzina irla izandako lur zatia eta kontinentea elkartzen duen hareazko istmo batean).

Kokapen honek arrantza eta batez ere itsas merkataritza jarduerekin lotu izan du hiria, eta balio estrategiko handiko gunea eta gotorlekua (harresiz inguratuta) izan da.

Planoaren Analisia

1813an, Napoleonen aurkako Independentziako gerra amaitzear zegoela, tropa anglo-portugesak hirian sartu eta erre egin zuten. Gertaera honen ondorioz hiri zaharraren kale eta etxe gehienak galdu egin ziren. Erreketa hartatik Trinidade kaleko (Abuztuaren 31 kalea) etxeek, San Telmo komentuak (1516), eta San Bizente (1569) eta Koruko Santa Maria (1764) eliza zaharrek iraun zuten soilik. Hiriaren erreketaren ondoren, Zubietako erabakiari jarraituz eta Pedro Manuel Ugartemendia arkitektoak zuzenduta, Donostia berreraiki zuten. Berreraikuntza horretan, lehengo kaleen antolamendua mantendu zuten, baina horiek zabalduak izan ziren eta zorua lautua izan zen; planoak gaur egungo forma ortogonala hartu zuen.

Bilbearen Analisia

Bilbe trinkoko hiria eraiki zen (etxeak elkarren ondoan sail luzeetan eraikiak). Elementu berri batzuk sartu ziren: Plaza Berria (1817) (Konstituzio Plaza deitua), lauki forma duen espazio funtzio anitza (jendearen bilgunea, zezen plaza...). Plazaren alde batean udaletxea ere garai honetan eraiki zuten (1832), (gaur egun udal liburutegia dena) eta beste hiru aldeetan bizitokiak. Hiri zaharra harresiz inguratuta zegoen. Harresiek defentsa, osasun babesa eta funtzio fiskala eskaintzen zituzten (harresien aztarnak Boulevardeko aparkalekuan ikus daitezke). Harresitik kanpo auzo batzuk kokatzen ziren: San Martin auzoa (San Bartolomeko muinoaren oinetan), Santa Katalina auzoa (Urumea ibaiaren ondoan) eta Antigua (hiriko gunerik zaharrena). 1845ean Isabel II. erreginak bere udaldirako egoitza izateko aukeratu zuen Donostia, 1854an Gipuzkoako hiriburu izendatu zuten eta 1863an harresiak bota egin zituzten. Handik aurrera, Donostian merkatal eta turismo funtzioak garatu ziren.

Entradas relacionadas: