Diktadurak eta Totalitarismoa XX. Mendean: Stalin, Mussolini eta Hitler
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,85 KB
Stalinen Diktadura Totalitarioa
1929an, Stalinek botere guztiak bere gain hartu zituen eta diktadura pertsonala ezarri zuen. Botere handi hori bermatzeko, hiru baliabide nagusi erabili zituen:
Pertsona Gurtzea
Propagandaren bidez, Stalin goratzen zuten eta herriaren ongile nagusia eta aita zela esaten zuten. Aldi berean, Stalinen etsaien edozein ezaugarri positibo ezabatu zuten, eta beharrezkoa bazen, egia faltsutzen zuten.
Alderdi Komunistaren Boterea Sendotzea
Sobieten bidez bizitza politikoan parte hartzeko, beharrezkoa zen SBAK-ekoa izatea. Izan ere, hark inposatzen zituen hautagai-zerrendak. Beraz, sobietek herri-batzar askeak izateari utzi zioten behin betiko.
Izua eta Errepresioa
Edozein oposizio isilarazteko modua zen. Izu-ikara alderdian eta gizarte osoan erabiltzen zuten. Errepresioa NKVDren (polizia politikoa) bidez egiten zuten, baina biztanleriaren zati handi batek ere lagundu zuen. Horren ondorioz, gizartean susmo- eta salaketa-giroa sortu zen.
1933tik 1939ra izan ziren purga edo garbiketa-prozesu gogorrenak. Moskuko Epaiketak ospetsuak izan ziren, alderdiko antzinako buruzagiak kondenatu baitzituzten bertan. Milaka pertsona bidali zituzten kontzentrazio-esparruetara (gulagak), eta bizitza-baldintza penagarrietan bizitzera behartzen zituzten, bai eta bortxazko lanak egitera ere.
Mussoliniren Gobernua eta Faxismoaren Ezaugarriak
Faxismoaren erregimenak sei ezaugarri nagusi zituen:
- Oinarria pentsamolde antidemokratikoa eta antikomunista zen.
- Buruzagi ahalguztidun batek (duce delakoa) zuzentzen zuen estatua, modu totalitarioan, eta askatasunak deuseztatu egin ziren. Alderdi bat baino ez zegoen (alderdi faxista). Beraz, ez zegoen hauteskunde askerik.
- Halaber, estatuak ekonomian esku hartzen zuen, herrialdea autosufizientea izatea lortzeko. Hala ere, enpresari pribatuei ere laguntzen zien.
- Estatuak gizartea menderatzen zuen. Edozein oposizio gogor zapaltzen zuten, eta horrez gain, hezkuntza eta komunikabideak kontrolatzen zituzten, iritzi publikoa gobernatzeko.
- Nazionalismo basatia eta espantsionista ezarri zuten. Nazionalismo horrek Italiarentzat inperio koloniala sortzea eskatzen zuen.
- Indarkeria eta militarismoa gurtzen zituzten. Izan ere, erregimenaren asmoa ez zen kontrakoa konbentzitzea, baizik eta nola edo hala desagerraraztea. Aurkari politikoei eta langileei aurka egiteko talde armatuak sortu ziren, eta talde horiek estilo militarra zuten: himnoak, alkandora beltza, ikurrak (fasce delakoa), banderak eta kontzentrazio handiak.
Hitler eta Pentsamolde Arrazista: Nazismoa
Nazismoa faxismoaren aldaeretako bat zen. Baina bazuen bereizgarririk: historian ikuspegi arrazista eta arraziala zuen. Arrazismoak behe- eta goi-mailako arrazak daudela aldarrikatzen du. XIX. mendearen bukaeratik, ideia hori oso hedatua egon zen. Baina erregimen naziak ideia hori azken muturrera eraman zuen.
Hitlerren ustez, alemaniarrak arraza ariokoak ziren. Halaber, uste zuen goi-mailako arraza zela, hark egin zituela gizateriko sorketa handiak. Hori zela-eta, arraza arioa behe-mailako herriei nagusitu behar zitzaien; hala nola, latindarrei, eslaviarrei, ijitoei eta, batez ere, juduei. Hitlerren arabera, arrazen arteko nahasketa zegoelako –eta bereziki, biztanleria judua zegoelako– zegoen Alemania gainbeheran.
Hori zela-eta, Hitlerren lehentasuna biztanleriari arraza-garbitasuna itzultzea zen. Horretarako, arrazari zegokionez perfektuak ez ziren guztiak giltzapetu edo hil zituzten: eroak, adimen- eta gorputz-urrituak eta homosexualak. Era berean, politika antisemita sistematikoa (juduen aurkako jarrera) ezarri zen, eta pixkanaka gogortuz joan zen.