Digestioa: Urdaila eta Heste Meharra

Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Biología

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,35 KB

Digestioa urdailean

Urdailean hasten da digestio kimikoa. Urdailera iritsi baino lehen, elikagai-boloak faringea eta hestegorria igaro behar izan du.

Urdaila:

  • Zati zabaldua
  • Zaku itxurakoa
  • Animaliaren elikaduraren araberakoa izaten da urdailaren tamaina.
  • Prozesu mekanikoak eta kimikoak gertatzen dira.

Mugimendu peristaltikoei esker, elikagaiak eta urin gastrikoak nahastu egiten dira, eta elikagai-boloa kimo deritzon ahi erdi-likido bihurtzen da. Gainera, elikagaiak hestera apurka-apurka igaro daitezen ere erregulatzen du.

Urdaileko digestio kimikoa ez da oso garrantzitsua, eta urin gastrikoei esker gertatzen da. Osagai asko ditu, entzimak, adibidez.

Entzima nagusia pepsina da. Pepsinak proteinen gain jarduten du, eta molekula txikiagotan deskonposatzen ditu: peptidotan. Elikagaiekin batera sartutako bakterio ugari hiltzen ditu. Pepsinak urdaileko paretari berari egin diezaioke kalte. Hori gerta ez dadin, mukiak geruza modukoa eratzen du eta pareta barnealdetik estaltzen du, hura babesteko. Babes hori gabe, ultzerak sor daitezke.

Elikaduraren araberakoa da urdailean ematen duen denbora.

Urdailak hainbat substantzia xurgatzen ditu, tartean kaltegarriak, eta substantzia horiek odolera igarotzen dira. Esaterako, alkohola.

Beste ornodun batzuen urdaila

Behe mailako ornodunek (arrainek, anfibioek eta narrastiek) oso gutxi garatuta dute urdaila. Hegaztien urdailak bi zati izaten ditu:

  • Aurrealdekoa: digestio-urinak jariatzen dira (PROBENTRIKULUA).
  • Atzealdekoa edo ERROTA: irentsitako elikagaiak xehatzeko balio du.

Digestioa heste meharrean

Digestio ia osoa heste meharrean gertatzen da. Han xurgatzen dira askatutako molekula elikagarriak. Hiru zati bereizten dira: duodenoa, jejunoa eta ileona.

Heste meharrak tolestura ugari ditu, eta horiei esker elikagaiekiko ukipen-azalera handiagoa da. Tolestura zirkular horiek heste-biloz estalita daude. Heste-biloak hatz itxurakoak dira eta bakoitzak linfa-hodiak eta kapilarrak ditu. Biloen gaineko epiteloan eskuila modukoa dago, mikrobilo izenekoa.

Duodenoan, pankreak urina jariatzen du. Gibelak, behazunaren bitartez, koipeak emultsionatzen ditu. Hesteko paretan dauden guruinek muki-substantziak eta heste-urina jariatzen dituzte.

Gluzidoak hestera iristen direnean, polisakaridoak eta disakaridoak dira, eta monosakarido-molekula bihurtzen dira hestean, pankreak eta hesteak askatutako zenbait entzimari esker.

Behazuneko gatzen bidez, koipeak tanta txiki-txikitan deskonposatzen dira, eta horrek erraztu egiten die lana pankreako entzimei. Horren guztiaren ondorioz, osagaiak askatzen dira: glizerina eta gantz-azidoak.

Proteinak ez daude erabat deskonposatuta: urdailean peptido bihurtu dira. Hestean, berriz, aminoazido bihurtuko dira.

Mantenu-gaiak xurgatzea

Ura, monosakaridoak, glizerina, gantz-azidoak, kolesterola, aminoazidoak, zenbait bitamina, etab. heste meharrean xurgatzen dira.

Aminoazidoak eta monosakaridoak zuzenean odolera igarotzen dira.

Koipearen osagaiak, aldiz (glizerina eta gantz-azidoak), hesteko pareten zelulen mintza zeharkatu ondoren, berriro elkartu eta koipeak sortzen dira. Koipeak sistema linfatikoko hodietara igarotzen dira (heste meharraren egituraren barruan ikusita), eta handik odolera.

Entradas relacionadas: